Sumarrek aitortu du alderdiak «huts» egin duela Errejonen auzian

Barkamena eskatu dute, «jende askoren konfiantza» urratu dutelakoan. Biktimei babesa eskaini diete, eta indarkeria matxistari buruzko prestakuntza hobetuko dutela iragarri dute.

Sumar alderdiko zuzendaritzaren ordezkariak, gaur, Madrilen egindako agerraldian. SERGIO PEREZ / EFE
Sumar alderdiko zuzendaritzaren ordezkariak, gaur, Madrilen egindako agerraldian. SERGIO PEREZ / EFE
gotzon hermosilla
2024ko urriaren 26a
17:00
Entzun

Sumar alderdiko diputatu ohi Iñigo Errejonen kontra indarkeria matxistagatik egindako salaketek, eta horren ondorioz emandako dimisioak, ekaitz politikoa eragin dute Espainian. Alderdiaren zuzendaritzak azalpenak eman ditu, eta aitortu du «huts» egin duela eta auziak «jende askoren konfiantza» urratu duela. Barkamena eskatzeaz gain, iragarri dute lan egingo dutela konfiantza hori berriro «josteko».

Sumarreko bozeramaile Ernest Urtasunek ukatu egin du lehenagotik ere Errejonen kontrako salaketen berri bazutela, eta, haren hitzetan, alderdiak «azkar eta gogor» erantzun du: «Lehenago jakin izan bagenu, askoz lehenago kargugabetuko genukeen [Errejon]». Hala ere, onartu du hobetu behar dituztela «jokabide matxistak detektatu eta prebenitzeko mekanismoak».

Sumarrek babesa eman die biktimei, eta esan die alderdia «haien zerbitzura» dagoela. Auzia ikertu behar duten erakundeei ere laguntzeko prestasuna agertu die.

Zenbait neurri hartuko dituztela iragarri du Sumarrek. Urtasunek esan duenez, «biktimei laguntza eta erreparazioa emateko bide eta mekanismoak» jarriko dituzte abian, eta jazarpen eta eraso matxisten kontrako protokoloak berriro aztertuko dituzte. Esan dutenez, protokolo horiek onartu zituzten joan den martxoan egindako batzarrean, baina, hauteskundeak direla eta, ez dute astirik izan indarrean jartzeko.

Bestalde, jazarpen eta indarkeria matxistei buruzko prestakuntza programa bat ere jarriko dute abian. Alderdiaren hautetsi eta zuzendaritzako kide guztiek jaso beharko dute prestakuntza hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.