Suitzak zalantzan jarri du Tsunami Demokratikoa «terrorismoagatik» ikertu behar izatea

Herrialdeak jakin nahi du ikerketak «izaera politikorik» ote duen. Bertan behera utzi dute Espainiako Auzitegi Nazionaleko Garcia-Castellon epailearen eskaera.

Tsunami Demokratikoaren deiari erantzunda, milaka herritarrek Bartzelonako Prat aireportua blokeatu zuten, urrian. QUIQUE GARCIA / EFE
Tsunami Demokratikoaren deiari erantzunda, milaka herritarrek Bartzelonako Prat aireportua blokeatu zuten. QUIQUE GARCIA / EFE
Isabel Jaurena.
2024ko otsailaren 20a
13:10
Entzun

Tsunami Demokratikoaren kontrako ikerketaren harira, Espainiako Auzitegi Nazionaleko Manuel Garcia-Castellon 2019ko udazkenean izandako protesta sorta ikertzen ari da; zehazki, «terrorismo» deliturik izan ote zen. Suitzako Justizia Bulego Federalak, baina, arrazoi hori zalantzan jarri du, eta ikerketak «izaera politikorik» duen ikusi nahi du. Denera, hamabi bat lagun inputatu ditu epaileak gertakari horiengatik, Kataluniako Generalitateko presidente ohi Carles Puigdemont eta ERC Esquerra Republicanako idazkari nagusi Marta Rovira tarteko.

Suitzako Justizia Ministerioaren menpe dagoen bulegoak bertan behera utzi du epaile espainiarrak martxan jarritako erreguzko eskaera. El Pais egunkariak gaur argitaratutakoaren arabera, Suitzari hainbat galdera egiten zizkioten: Rovira non dagoen errateko, eta ustez protesta finantzatzeko erabili zuten kontu korronteari buruzko informazioa emateko. Hala, epaileari gogoratu diote 2020an antzeko eskaera bat betetzeari uko egin ziotela, deskribatutako ekintzetan «terrorismo zantzurik» ikusi ez zutelako. Aipatutako ekintzak, Tsunami Demokratikoarenak, Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketaren ondoren 2019ko udazkenean egindako protestak dira.

Gainera, herrialdeak epaileari aurpegiratu dio ez duela ulertzen zer helbururekin jakin nahi den Rovira non dagoen; eta informazio hori polizia lankidetzaren bidez eskuratu daitekeela. «Jakin nahi genuke zein den Marta Roviraren eta aipatutako bi aireportuetako [El Prat eta Barajas] manifestazioen arteko harreman zehatza. Bertze hitz batzuetan, garrantzitsua da nabarmentzea Rovira andreak inplikazio zehatza izan zuela adierazpen horietan, eta, zehatzago, Espainiako funtzionarioen aurka hasitako ekintzetan eta testuinguru horretan egindako arpilatzeetan», borobildu dute.

Izan ere, Garcia-Castellonek Espainiako Auzitegi Gorenera igorritako azalpenean ez du ezer aipatzen Rovirak manifestazioekin izan dezakeen loturari buruz. Rovirak Tsunami Demokratikoan parte hartu izanaren argudio gisa darabil Genevan egin zuten bilkura bat; non, epailearen erranetan, protesta ekintzei buruz solastatu ziren. Zehazki, uste du Rovirak parte hartu zuela, Tsunami Demokratikoaren txio bat erantzuten azkarrena izan zelako: «Hiru minutu baino ez zituen behar izan txioa irakurri, birtxiokatu, komentatu eta transkribatzeko (40 hitz 225 karakteretan banatuta, espazioekin). Hori dela eta, Tsunami Demokratikoaren ekintza planifikatu eta antolatu zen Genevako bileran egon zitekeela susmatzen da».

Miguel Angel Carballok, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak, baina, kontrakoa dio: ez dagoela frogarik argudiatzeko Genevako bileran ekintzarik prestatu zutela, eta guztia El País egunkariak 2019an argitaratutako artikulu baten interpretazio «oker» baten ondorioa bertzerik ez dela. Hala, Suitzaren erranetan, «ez dago argi» Rovirak Tsunami Demokratikoan parte hartu zuenik.

Suitzaren erabakiak erreakzioak ekarri ditu dagoeneko. Gerardo Pisarello Espainiako Diputatuen Kongresuko idazkariak eta Sumar alderdiko diputatuak, erraterako, Garcia-Castellonen jarrera kritikatu du: «Oraingoz, ikusi dugu Suitza aurreratzen ari dela protesta modu legitimoak eta terrorismoa parekatu nahi dituztenek erridikulua eginen dutela». Ana Vidal alderdi bereko bozeramaileak, berriz, epaile «bazter nahastailea» dela erran du: «Katalunian gauza asko gertatu ziren, baina horietako bakar bat ere ez zen terrorismoa izan».

Amnistia legea

Horrez gain, Suitzak jakin nahi du amnistia legeak zein eragin izanen lukeen kasuan inplikatuta dauden pertsona horiengan. Zehazki, kongresuko mahaiak gaur bertan ebatzi du hamabost eguneko luzapena izanen dutela testu berri bat adosteko, martxoaren 7a bitarte.

Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuaren bozeramaileak adierazi duenez, sozialistek luzapena eskatu dute elkarrizketek jarraitu dezaten. Pisarellok ere antzeko adierazpenak egin ditu, eta baieztatu du PSOE eta JxCren artean negoziazioek jarraitu egiten dutela. Nestor Rego BNGko bozeramaileak, berriz, espero du akordio bat lortuko dutela «demokraziaren hobe beharrez».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.