Suediako sozialdemokratek dimisioa aurkeztu dute eskuinak bozak irabazi ondoren

Gobernuan 12 urte igaro dituzte sozialdemokratek, eta orain, eskuindarren esku geratuko da agintea

2006ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Goeran Persson orain arte Suediako lehen ministroa izan denak bere gobernuaren dimisioa aurkeztu zuen atzo, Parlamentuan. Erabakia, hauteskunde orokorren emaitza ofizialak eman eta boterea galdu zutela jakin ondoren hartu zuen. «Arraroa da orain hemen egotea, baina nahiago dut hauteskundeak galdu ondoren uztea, Suedia beste asko baino egoera hobean dagoela esateko aukerarekin». Bere ordezkoa nolakoa izatea nahiko lukeen esan zuen, izenik eman gabe: «Garbia izan behar du, justua eta irekia, hauteskunde kanpaina eta guzti. Alderdiko erakundeekin hitz eginez aukeratua. Hautagai askok egon behar dute, Herriko Etxean 350. Hala bada, dena ongi aterako da».

Ezkerrekoei ia bi puntuko aldea aterata gustura zegoen Fredrik Reinfeldt. «Talde-lanak» eman zion garaipena Suediako lehen ministroa izango denari. Eginiko akatsetatik ikasita lortu dute boterea, euren buruari erronka eginez, eta bide hori jarraitu behar dutela esan zuen: «Garai modernoetan erdi-eskuineko alderdi batek lortu duen emaitzarik onena izan dugu, eta Suediaren historian alderdi batek izan duen aurrerapenik handiena».Koalizio gobernua eskuineko buruzagiekin osatuko duela eman zuen jakitera Reinfeldtek, baina izenak «bukaerako»kontuak direla aipatu zuen -atzo bildu ziren lehen aldiz-.

USTEAK USTELETIK BAT ERE EZ. Iragarpenak bete egin dira, eta Suedian eskuindarrek aginduko dute hemendik aurrera. Igandeko hauteskunde orokorren emaitza ofizialak kaleratu zituzten atzo, eta Suediaren Aldeko Aliantza koalizioak, eskuinenak, bozen %48,1 lortu zituen. Ezkerrekoen koalizioak, %46,2.

Alderdi Sozial Demokratak lortu ditu boto gehien %35,2rekin. Hala ere, duela lau urtetik hona behera egin du,4,8 boto gutxiago lortu baititu. Bigarren, Alderdi Moderatua geratu da %26,1ekin. Horiek aldiz, nabarmen egin dute gora 2002ko porrotari buelta emanda. Orduan baino %10,9 gehiago jaso dituzte.

Legebiltzarrean ere eskuina izango da nagusi. Oposizioak 349 eserlekuetatik 178 lortu ditu, eta ezkerrekoak gainontzeko 171rekin geratu dira. Guztietan kaltetuena, Alderdi Sozial Demokrata izan da, 14 galdu baititu. Denera, 130 eserleku ditu. Alderdi Moderatuak tartaren zati handi bat irabazi du 97 eserlekurekin, 2002. urtean baino 42 gehiago. Baina, aurrez aipatu bezala, eskuineko koalizioak aginduko du. Suediarren gehiengoaren baimenarekin ezkerrekoen 20 eserleku ostu dizkiete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.