Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak asteazken honetan jaso du erakunde militarrean sartzeko Suediak eta Finlandiak igorritako eskaera ofiziala. Erakundeak Bruselan duen egoitzan jaso du aurrez aurre bi herrialdeen eskaera formala. Klaus Korhonen eta Axel Wernhoff Finlandiako eta Suediako enbaxadoreek helarazi diote gutuna, herrialde bakoitzeko Kanpo Harremanetarako ministroek sinatuta.
Stoltenberg idazkariak «urrats historiko» gisa deskribatu du Suediak eta Finlandiak erabaki hori hartu izana, eta herrialdeei eskatu die urrats hori segurtasun kolektiboaren alde aprobetxatzeko, betiere, beste 30 aliatuen segurtasun interesen aurka joan gabe. Hautagaitza berrikusiko dutela esan du, eta berandu baino lehen hartuko dutela erabaki bat. «Aliatu guztiak bat datoz NATOren hedapenaren garrantziarekin. Ados gaude elkarrekin egon behar dugula eta aprobetxatu beharreko une historiko bat dela», azpimarratu du.
Suedia, neutraltasuna alboratzear
«Aro bat amaitzen ari gara, eta beste bati hasiera eman diogu». Horrela iragarri zuen Magdalena Andersson Suediako lehen ministroak herrialdeak NATOn sartzeko egin zuen hautua. Gobernuan den SAP sozialdemokraten alderdiak sostengatu zuen lehenik, eta parlamentuak gehiengo zabal batez berretsi zuen gero –Ezkerra eta Alderdi Berdea alderdiek soilik egin zuten aurka–.
Errusiak otsailaren 24an Ukrainan hasitako inbasioak aldatu ditu, hein handi batean, Suediak segurtasunaren alorrean zituen asmoak. Lehen ministroak nabarmendu zuen Suedia NATOko kide ez den Itsaso Baltikoko herrialde bakarra izango balitz «oso egoera ahulean» egongo litzatekeela. Beraz, haren hitzetan, Suedia «modurik onena» zen erabaki hori. Hala eta guztiz ere, lehen ministroak oroitu zuen erakundeak eskaera onartzen badu herrialdeak ez duela nahi aliantzaren base militar iraunkorrik herrialdean, ezta arma nuklearrik ere.
Ikusi gehiago:Suedia, NATOn sartzeko eskaera egitear, parlamentuak berretsita
Finlandian ere babes zabala
Finlandiako Parlamentuak ere gehiengo zabal batekin berretsi zuen Sauli Niinisto herrialdeko presidenteak eta gobernuak NATOn sartzeko egindako proposamena, bi eguneko eztabaida gogorraren ondoren. 188 diputatu alde agertu ziren; zortzi, aurka; eta lau abstenitu egin ziren. Ezkerra eta Alderdi Berdea alderdiek aurkako jarrerari eutsi zioten azkenera arte, azken asteotan alderdi guztiek NATOn sartzearen aldeko bozka emango zutela iragarri bazuten ere. Hala ere, zenbait alderditako hainbat diputatu erakundeko kide izatearen aurka azaldu ziren, «modu pertsonalean».
Ikusi gehiago:Finlandiako Parlamentuak NATOn sartzeko eskaera berretsi du