Suediak berriz ikertuko du Assange, bortxaketa salaketa batengatik

Fiskaltzaren ustez, Wikileakseko buruaren «baldintzak» aldatu direlako ireki dute auzia berriro

Eva-Marie Persson Suediako fiskal nagusiaren ondokoa, atzo. A. WIKLUND / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Julian Assange ez dago, jada, Ekuadorko Gobernuak Londresen duen enbaxadan. Joan den apirilaren 12tik Londresko espetxe batean dago, eta hasi da hura AEBetara estraditatzeko prozesua —Washingtonek ekainaren 12ra arteko epea du beharrezko dokumentazioa aurkezteko—. Beraz, Wikileakseko buruaren «baldintzak» aldatu direla kontsideratuta, Suediako Fiskaltzak berriro ireki du haren kontrako auzi bat, bortxaketa salaketa batengatik. Eva-Marie Persson Suediako fiskal nagusiaren ondokoak prentsaren aurrean atzo adierazi zuenez, Assangeren aurka berriro nazioarteko atxilotze agindu bat emateko moduan dira. Perssonen esanetan, Erresuma Batuko agintariei dagokie erabakitzea zein eskaerak duen lehentasuna: atxilotzeko aginduak, edo AEBetarako estradizioak.

Ustezko delitu horrengatiko ikerketa duela bi urte utzi zuen bertan behera Suediako Fiskaltzak, argudiatuta ezin zuela aurrera eraman Assangek enbaxadan jarraitzen zuen bitartean—Wikileakseko buruak ia zazpi urte egin zituen han, Ekuadorrek asiloa kendu zion arte—. Auziaren iturburura jotzeko bederatzi urte egin behar dira atzera. Stockholmen hitzaldi bat eman ondoren, bi emakumezkok Assange salatu zuten, sexu erasoak egin zizkiela egotzita. Hiru delitu leporatu zizkioten, eta horietako bi iraungita daude. «Gradu txikiagoko bortxaketa» delitua, ordea, hurrengo urteko abuztuan iraungiko da, eta, hain zuzen ere, horregatik ikertuko dute. Assangek akusazioak ukatzen ditu. Perssonen ustez, beharrezkoa izango da Wikileakseko burua berriro galdekatzea, eta ez du baztertzen hori telematikoki egitea. Erresuma Batuko auzitegi batek 50 asteko kartzela zigorra ezarri zion Assangeriduela hiru aste, baldintzapeko askatasuna urratzeagatik.

Assange salatu zuen bi andrazkoetako batek eskatu zuen, duela hilabete, auzia berriro ireki zezatela. Elizabeth Massi haren abokatuak «atseginez» hartu zuen Suediak atzo emandako albistea. Assangeren abokatu Per E. Samuelsson, berriz, «harrituta» zegoen. «Zentzugabea iruditzen zait. Duela hamar urteko gertakariez eta, ziurrenik, estraditatu egingo duten pertsona batez ari gara», gehitu zuen. Wikileakseko editore Kristinn Hrafnssonek adierazi zuen Assangek bere irudia «garbitu» ahal izango duela auzia berriro irekita

Ekuadorren keinua AEBekin

Ekuadorko enbaxadan igarotako urteetan Assangek pilatutako dokumentuak AEBei emateko erabakia hartu du Ekuadorko Fiskaltzak. Assangeren defentsak helegitea jarri dio erabakiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.