Sudan

Sudango paramilitarren buruak su eten iraunkor bat adostea espero du negoziazioetan

Armadak eta RSFk elkarrizketak hasi dituzte, Saudi Arabian. Argitu gabe dago zenbat iraungo duten eta horren edukia zein izango den.

Manifestari sudandar batzuk, iragan asteazkenean, bakea eskatzeko manifestazio batean, Tunisen. MOHAMED MESSARA / EFE
ander perez zala
2023ko maiatzaren 6a
17:59
Entzun

Orain arteko saiakerarik seriosena da Sudango gerra gelditzeko. Saudi Arabiak, AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Hego Sudanen laguntzarekin, lortu du borrokan ari diren bi aldeak, armada eta RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarra, toki berean elkartzea gatazkaz hitz egiteko, Jiddan (Saudi Arabia). Hori bai, xehetasun esanguratsu batekin: militarren komandante buru Abdel Fattah al-Burhan eta RSFren buruzagi Mohamed Hamdan Dagalo ez direla mahai beraren inguruan eseriko. Edonola ere, Dagalok mezu baikorra helarazi du gaur, negoziazioak hasi aurretik, komunikatu baten bitartez esan baitu espero duela su eten iraunkor eta egonkor bat adostea lortuko dutela elkarrizketetan.

Bi aldeek esana dute menia bat negoziatu eta zibilentzako korridore humanitario seguruak bermatu nahi dituztela, baina, aldi berean, argi utzi dute ez dutela gerra amaitzeaz ezer adostuko. Agerian geratu da, hortaz, biek ala biek uste dutela oraindik ere gai izango direla beste aldea militarki garaitzeko. Apirilaren 15ean gatazka hasi zenetik, borrokak gelditzeko hainbat saiakera izan dira, baina beti egin dute huts; azken su etena, berez, joan den ostegunean sartu zen indarrean, eta astebete iraun behar luke.

Halere, egun horretan bertan, militarrek eta paramilitarrek elkarri leporatu zioten menia urratu izana, eta gaur, adibidez, Khartum hiriburuan tiro egin diote Turkiaren enbaxadore Ismail Çobanogluren autoari. Ez dute argitu nor den erasotzailea, baina ez da izan ez hildakorik, ez zauriturik.

Sudango Osasun Ministerioak joan den astelehenean jakinarazi zuenez, gutxienez 550 lagun hil eta 4.900 zauritu dituzte hiru asteotan, batez ere Khartumen, horren inguruan eta herrialdearen mendebaldean dagoen Darfurren. Eta, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, gutxienez 114.000 herritarrek pasatu dute muga inguruko zazpi herrialdeetara ihes egiteko; UNHCRk espero du kopuru hori 860.000ra igoko dela asteotan, eta jada ohartarazia du giza hondamendi bat gertatuko dela borrokak ez badituzte eteten.

Testuinguru hori ikusirik, geroz eta ugariagoak dira nazioarteko herrialdeek Sudango gerrako bi aldeei gatazka gelditzeko egin dizkieten deiak. Itxaropena, beraz, Saudi Arabiako negoziazioetan dago jarria, zeinak nahiko sekretuak bilakatu dituzten; ez baitute jakinarazi, oraingoz behintzat, elkarrizketa horien eduki zehatza zein izango den, zeintzuk osatzen dituzten militarren eta paramilitarren ordezkaritzak eta zenbat iraungo duten negoziazioek.

Armada iturri gisa aipatuta, Jeune Afrique aldizkariak horri buruzko informazioa argitara atera du, eta esan du RSFren ordezkaritzaren parte direla, besteak beste, Dagaloren aliatuak eta haren anaia Abderrahim, zeinak paramilitarrak finantzatzen dituen bere kontrolpean dauden urre meategien bitartez. Militarren kasuan, armadako goi kargudun zenbait leudeke, «ezagunak direnak RSFrekiko duten etsaikeriagatik».

Ikusi gehiago: Sudanen gertatzen ari dena ulertzeko gakoak

Bi aldeetako buruzagiek mahai beraren inguruan esertzeko ezarri duten debekuaz gain, armadak ohartarazi zuen atzo ez duela asmorik paramilitarren ordezkaritzarekin batzartzeko. Ikusteko dago, hortaz, elkarrizketak zeharkakoak izango diren, beste modu batera antolatuko dituzten, ala Saudi Arabiak eta AEBek militarren iritzia aldatzea lortuko duten.

Oraingoz, «negoziazioen aurreko elkarrizketak» izango dira, baina Nazio Batuen Erakundearen Sudango misioaren buru Volker Perthesen egin zuen ohartarazpena, joan den apirilaren 26an: bi aldeetako inor ez dago prest «serioski» hitz egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.