SUDAN

Sudango gatazkari «irtenbide politikoa» emateko bide orri bat proposatu dute paramilitarrek

RSFk «konpromisoa» hartu du «gobernantza demokratikoa eta zibila eratzeko, hauteskunde libre eta justuetan oinarritua». Horretarako, Dagalok nabarmendu du beharrezkoa dela bi aldeek adostutako «luzera begirako su etena» ezartzea. Paramilitarren ekinbidea baztertu du armadako buruak.

Hainbat errefuxiatu sudandar, Adreko kanpaleku batea, abuztu hasieran, Txaden. MSF MUGARIK GABEKO MEDIKUAK / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko abuztuaren 28a
13:26
Entzun

Lau hilabete pasa dira jada Sudango armadaren eta RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarraren arteko gatazka piztu zenetik, eta, orduz geroztik, hutsalak izan dira bi aldeek eta haien arteko bitartekariek, Saudi Arabiak eta AEB Ameriketako Estatu Batuek, eginiko bake negoziazioetarako ahaleginak. Bada, gudak 4,5 milioi barne desplazatu eragin dituen honetan, gatazkari «konponbide politiko bat» emateko eta «estatu demokratiko bat» eratzeko bide orri bat proposatu zuen RSFk, atzo.

Talde paramilitarreko buruzagi Mohamed Hamdan Dagalok X sare sozialean idatzitako mezu batean nabarmendu zuenez, herrialdeak hainbat hamarkadaz jasandako krisi soziopolitikoari «sustraietatik» heldu behar zaio. Horretarako, bi aldeek adostutako «luzera begirako su etena» ezarri behar dela adierazi zuen, zeinak «Sudango gerren arrazoi sakonei helduko dien konponbide politiko integrala» ekarriko baitu. Kaleratutako oharraren arabera, RSFk «konpromisoa» hartu du «gobernantza demokratikoa eta zibila eratzeko, hauteskunde libre eta justuetan oinarritua izango dena».

Horrekin lotuta, «ahalik eta oinarri politiko eta sozial handiena eta zabalena engaiatzeko» eskatu zuen, Sudanen «herritarren eskubideak, bake iraunkorra eta trantsizio justizia bermatzeko». Halere, Dagalok konponbiderako eskematik kanpo utzi zituen 2019ko protesten ondorioz dimisioa emandako Omar al-Baxir presidente ohiaren jarraitzaileak, baita armada ere; Al-Baxirren oinordetzan jasotako egituraren parte dela egozten dio RSFk. Hori dela eta, paramilitarren buruak nabarmendu zuen «armada berri bat eraikitzeko» beharra, indar militarra batzeko eta talde armatuen eraketak aurreikusteko helburuarekin.

Dagalok oharrean adierazi zuen armada bateratzeko prozesua «ondoko herrialdeek eta nazioarteak eginiko urratsak» kontuan hartuta egin beharko litzatekeela. Halaber, «baztertutako eskualdeek», batez ere Sudan mendebaldean daudenek, erakundeetan «ordezkaritza justua» izateko beharra azpimarratu zuen paramilitarren buruzagiak; esaterako, Darfurrek. Eskualde horretan, zehazki, 300.000 lagun hil ziren 2003 eta 2008 bitartean izandako gatazkaren ondorioz, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera.

Paramilitarren buruak adierazpena egin eta biharamunean, Abdel Fattah al-Burhan armadako eta junta militarreko buruzagia Port Sudanera heldu zen, eta gaur eginiko agerraldian baztertu egin zuen paramilitarren proposamena, haien ekinbidea herriarentzat «engainua» izango litzatekeela iritzitza. Al-Burhanak erantsi du ez dutela inolaz ere «traidoreekin» negoziatuko. Gerra piztu zenetik hiriburutik kanpo egin duen lehen bidaia izan da armadako buruarena.

Itun posible bat, RSFrekin

Al-Burhanek hainbat bisita egin ditu azken egunotan hiriburuko eta hiriaren iparraldeko base militar estrategikoetara, armadako kideen lana goresteko. Gobernuko iturrien arabera, Saudi Arabiara eta Egiptora joatekoa da aurki, hango agintariekin batzartzeko. Bada, hedabide arabiarren arabera, armadako buruak akordio posible bat egin zuen paramilitarrekin, uztail amaieran, eta armada hiriburuko egoitza batetik erretiratzeko agindu zuen. Hori bai, Al-Burhanek gogorarazi zuen armadako militarrekin batera hartutako erabakia izan zela, eta gezurtatu egin zuen RSFrekin adostu izana.

2019an Al-Baxir hiru hamarkadaz herrialdeko presidentea izan zena militarrek emandako estatu kolpe baten bidez kendu ondoren, gobernu zibil berri bat osatzeko eta trantsizioa egiteko akordioa sinatu zuten paramilitarrek eta armadak iazko abenduan, Trantsiziorako Kontseilu Subiranoaren esparruan. Itun horretan, besteak beste, RSF armadan integratzea jasotzen zen. Bada, hori egiteko moduak zartarazi zuen tentsioa apirilaren 15ean, liskar bortitzak eragiteraino. Bi aldeek elkarri egotzi izan diote sua piztea, baita behin baino gehiagotan hitzarturiko meniak urratzea ere.

Orduz geroztik, armadak eta paramilitarren arteko borroken ondorioz 1.000-4.000 zibil hil dira, OME Osasunaren Mundu Erakundeak emandako azken datuen arabera. NBEk ohartarazi izan du gatazkak «giza hondamendi larri» bat eragiten ari dela; besteak beste, gosetea jasaten ari dira herritarrak, azpiegitura zibil ugari zerbitzutik kanpo daude, eta osasun sistema geratzeko zorian dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.