Sudango gatazka

Sudango armadak RSFri egotzi dio Darfur mendebaldeko gobernadorea hiltzea

Asteazkenean hil zuten, telebista kate batean  esan ondoren talde paramilitarra «genozidio» bat egiten ari zela Darfurren. Gatazkak bi milioi desplazatu baino gehiago eragin ditu.

Sudango zenbait herritar herrialdetik ateratzen, Hego Sudanen. AMEL PAIN / EFE
maddi iztueta olano
2023ko ekainaren 16a
12:35
Entzun

Bi hilabete igaro dira Sudango armadaren eta RSF Azkar Laguntzako Indarrak talde paramilitarraren arteko borroka hasi zenetik, eta, ordutik, gatazkak ez du etenik izan. Boterea eskuratzeko lehian ari dira bi aldeetako buruzagiak, armadako buru Abdel Fattah al-Burhan eta RSFko Mogamed Hamdan Dagalo. Apirilaren 15ean Khartum hiriburuko zenbait gune hartu zituen RSFk, eta armadak erantzun egin zuen. Dagalok gobernu zibil baten sorrera eragoztea leporatzen dio armadari, eta armadako buru al-Burhanek, berriz, «estatu kolpe bat ematen saiatzea».

Darfur mendebaldeko gobernadore Khamis Abbakarren hilketaren harira, egunotan gora egin du bi aldeen arteko tentsioak. Masalit etniako kidea zen Abbakar, eta Sudango Koalizio Mugimendua talde armatuko buruzagia. Herrialdeko telebista kate batean hitz egin zuen herenegun; Darfurren «genozidio» bat egitea leporatu zion talde paramilitarrari, eta handik ordu gutxira hil zuten. Armadak RSFri egotzi dio hura «bahitzea eta hiltzea». Talde paramilitarrak ukatu egin ditu salaketak.

Masalit etniako ehunka zibil hil dituzte gatazka hasi zenetik. Medikuak, abokatuak, ekintzaileak eta irakasleak ziren gehienak. Izan ere, gerrak beste norabide bat hartu du Darfur mendebaldean. Etnien artekoak dira borrokak: zehazki, komunitate arabiarren eta afrikarren artekoak. Horrek segida eman dio duela hogei urte hasi zen gatazkari. Omar Hasan al-Baxir zen presidente garai hartan, eta zera leporatzen zioten: herritar arabiarrak lehenetsi eta Darfurko zaghawa, fur eta masalit etniak diskriminatzea.

Halere, herrialde osoan pairatzen ari dira borrokaren albo kalteak. Gatazkak hirurogei egun bete dituen honetan, herrialdeko zenbait herri eta auzo ia erabat suntsituta daude. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, bi milioi lagunek baino gehiagok alde egin behar izan dute etxetik. Herrialdeko beste toki batzuetara ihes egin dute batzuek, eta atzerrira besteek, hots, 528.000 pertsona inguruk.

Txaden aurkitu dute babesa gehienek, baina Gurutze Gorriak birritan ohartarazi du okerrera egin dezakeela hara joaten diren iheslarien osasun egoerak. Izan ere, «oso azkar» heltzen ari dira, eta han ez dute nahikoa baliabide iheslari guztiei aterpea eskaintzeko. Egiptora eta Etiopiara ihes egin dute beste milaka herritarrek, horiekin ere muga egiten baitu Sudanek. Egiptora sartu nahi dutenek egun luzeak eman behar dituzte zain Halfako mugan. Zenbait GKEk salatu dutenez, «oso mantso» ematen dituzte herrialdera sartu ahal izateko baimenak. Bada, hori are zailagoa izango da aurrerantzean; Sudango herritarrek muga igarotzen saiatu baino lehen eskuratu beharko dute Egiptora sartzeko baimena.

Bestalde, milaka zibil hil dira bi aldeen arteko erasoetan, 2.000 baino gehiago. NBEren arabera, 25 milioi pertsonak giza laguntzaren «berehalako premia» dute.

Bete gabeko meniak

Gatazka hasi zenetik, hainbat su eten adostu dituzte bi aldeek; hiru, lau, bost, sei eta baita zazpi egunekoak ere, AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Saudi Arabiaren bitartekaritzarekin. Halere, sinatu eta ordu gutxira huts egin dute horiek guztiek. Bi aldeek elkarri egozten diote su etenak ez errespetatzea.

Maiatzaren hasieran adostu zuten azkeneko menian, «su etena errespetatzeko erabateko konpromisoa» hartu zuten bi aldeetako buruzagiek, «zibilen segurtasuna bermatzeko». Saudi Arabian bildu ziren, kostako Jidda hirian. Baina hori ere ez zuten bete, eta armadak negoziazioak bertan behera utzi zituen hilaren 31n. Aurreko bilkuretan adostutakoa «ez betetzea» leporatu zion talde paramilitarrari; okupatu zituzten ospitaleetatik eta zibilen etxebizitzetatik alde egitea, alegia.

Dagoeneko zazpi su eten adostu dituzte, eta guztiek huts egin duten arren, eztabaidekin jarraitzeko deia egiten du nazioarteak. Musa Faki AB Afrikako Batasuneko Batzordearen presidentearen arabera, Sudango gerrak ez du irtenbide militarrik, eta armak uztera dei egin die bi aldeei.

Bi aldeetako buruzagiak aliatuak izan dira azken urteetan, biek batera kendu baitzuten boteretik al-Baxir presidente ohia, 2019an. Elkarrekin gobernatzeko akordiora iritsi ziren handik bi urtera, baina gutxi iraun zuen barealdiak, eta etenik gabeko lehian amilduta daude orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.