Ia bi urteko gerraren ondoren, Khartum hiriburuaren erdialdearen kontrola berreskuratu du Sudango armadak, handik kanporatu baititu RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarreko kideak. Hala adierazi du gaur, ohar batean. Horren harira, militarren buruzagitzak zehaztu du presidentearen jauregiaren eta gobernuaren eraikinen kontrola ere bereganatu duela.
Baina paramilitarrek erantzun egin dute: presidentearen jauregiari eraso diote, droneekin. Armadako iturriek EFE berri agentziari adierazi diotenez, zazpi pertsona hil dira erasoan; haietako bi, soldaduak. Reuters albiste agentziak kaleratu duenez, tarteka tiroak entzuten dira gaur hiriburuaren hegoaldean —RSFk kontrolpean dauka, partzialki—.
«Armadak guztiz txikitu du etsaia [paramilitarrak], eta arma asko kendu dizkio», azpimarratu du armadako bozeramaile Nabil Abdullahk, hiriburuaren erdialdea hartu ondoren telebista bidez egindako adierazpenean. Bide batez, armadak hainbat bideo zabaldu ditu sare sozialetan, zeinetan militarrak ageri diren, jauregiko atarian esaterako, hura hartu izana ospatzen. Informazio ministro Khaled Al-Aisserrek sare sozialetan idatzitako mezu batean adierazi duenez, armadak «aurrera» jarraituko du, «garaipena erabatekoa» izan arte. Antzera mintzatu da Abdullah ere, eta esan du helburu dutela paramilitarrak eta haien jarraitzaileak herrialdetik kanporatzea. Gobernua, atzerriko herrialdeen enbaxadak eta nazioarteko erakundeetako kideak herrialdeko ekialdean daude gerra hasi zenetik ia-ia, Port Sudan hirian.
Armadak duela aste batzuk hasi zuen paramilitarrek hartutako eremu batzuk berreskuratzeko operazioa, eta lortu du paramilitarrak kanporatzea Sudan ekialdeko eta hegoaldeko zenbait hiri eta herritatik.
'De facto', bi estatu
2023ko apirilean hasi zen Sudango gerra. Lau urte lehenago, Omar al-Baxir hiru hamarkadaz herrialdeko presidentea izandakoa kargutik kendu zutenean, Trantsiziorako Kontseilu Subiranoa osatu zuten, militarrek eta zibilek osatua. Akordio bat egin zuten, zeinak barnean hartzen zuen paramilitarrak armadan integratzea. Horretarako negoziazioek, baina, porrot egin zuten, eta gerra piztu zen.
Paramilitarrek herrialdearen mendebaldea kontrolatzen dute —atzo gauean jakinarazi zuten armadaren base bat hartu zutela Darfur eskualdearen iparraldean—, eta menperatutako lurraldeetan gobernu paralelo bat sotzeko ahaleginean ari dira, nahiz eta horrek ez lukeen nazioartearen aitortzarik edukiko. Gobernabideari dagokionez, hortaz, herrialdea, de facto, bitan zatituta dago.
Gatazkaren ondorioz, gutxienez 61.000 pertsona hil dira: datu hori eman zuen London School of Hygiene and Tropical Medicine Unibertsitateak, aurreko urtearen amaieran —NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, kopuru horren heren bat hil dira—. Gainera, NBEk dioenez, barne desplazatuak bederatzi milioi dira, eta hiru milioik herrialdetik ihes egin dute.