Sudanen zortzi milioi lagunek etxetik alde egin behar izan dute gerra hasi zenetik

Gaur da urtebete armadaren eta paramilitarren arteko gatazka hasi zela. 30.000 pertsona hil dituzte iaztik hona, eta gutxienez 159 bortxaketa edota talde bortxaketa egin dituzte.

Iheslari batzuk, Sudan eta Hego Sudan banatzen dituen muga igaro berri, 2023ko maiatzean. AMEL PAIN / EFE
Iheslari batzuk, Sudan eta Hego Sudan banatzen dituen muga igaro berri, 2023ko maiatzean. AMEL PAIN / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko apirilaren 15a
14:45
Entzun

«Gauzek horrela jarraituz gero, litekeena da ehunka mila pertsona hiltzea Sudanen gosetearekin lotutako arrazoiengatik». Justin Brady Sudanerako OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoko arduraduna argi mintzo da herrialde hartako gerra zibilak eragin dituen «ondorio lazgarrien» inguruan AP Associated Press albiste agentzian. Gaur urte bat bete du Sudango gerra zibilak. Herrialdeko armadaren eta RSF Laguntza Azkarreko Indarrak talde paramilitarraren arteko borroketan 30.000 lagun inguru hil dituzte —NBE Nazio Batuen Erakundeak azaldu du ezinezkoa dela datu zehatza jakitea—; hildako gehienak zibilak dira. Gainera, zortzi milioi desplazatu izan dira iaztik, gune seguruagoetara edo inguruko herrialdeetara ihes egin baitute.

Gerrak bere horretan jarraitzen du, eta OCHAk gaur ohartarazi du 25 milioi lagun inguruk laguntza humanitarioa behar dutela bizirik irauteko. Horietako askori laguntza hori helaraztea, baina, «ezinezkoa» zaiela salatu du; alde batetik, gune askotara heltzea galarazten dietelako armadak eta RSFk, eta, bestetik, diru nahikoa ez dutelako. Izan ere, erakundearen aurreikuspenek diote aurten 2,54 mila milioi euro beharko lituzketela Sudanerako, eta oraingoz 145,8 milioi euroko funtsa dutela; hau da, %6 inguru.

Hildakoengatik eta goseagatik ez ezik, NBEk kezka agertu du sexu erasoengatik ere. Indarkeria Borrokatzeko Sudango Batasunaren datuen arabera —gobernuaren erakunde bat da—, gutxienez 159 bortxaketa edo talde bortxaketa egin dituzte azken urtean.

Indarkeria herrialde osoan zehar hedatu da hilabeteotan. Halere, eskualde bat gailentzen zaie besteei. Darfurren, herrialdearen mendebaldean, RSF sarraskia egiten ari da —etnia oinarri duen gatazka bat dago horren atzean—; izan ere, talde paramilitarrak Masalit tribuko 15.000 kide hil ditu azken hamabi hilabeteotan. Hau da, gerra zibilean hildakoen erdiak Darfurren hil dituzte; gehienak, El-Geneinan —Darfur Mendebaldea estatuko hiriburuan—. NBEren barne txostenen arabera, «2005etik eskualde hartan izandako indarkeriarik lazgarriena» da gaur egungoa. Are gehiago, NBEko zenbait goi kargudun beldur dira gatazkak «garbiketa etnikoa» eragingo ote duen.

Gerra zibilaren ondorioak, gainera, ez dira «soilik» gatazkarekin zuzenean loturikoak, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera. Izan ere, Sudanek bazituen gerraren aurretik zenbait arazo, eta, gerrak horiek «larriagotzen» dituela ohartarazi du UNHCRk, hala nola bestelako barne gatazkak, gaitzen agerraldiak, klima larrialdiak eragindako arazoak eta ezegonkortasun ekonomiko eta politikoa.

Botere borroka oinarrian

Baina gatazka ez zen duela 365 egun hasi. Txinparta 2018ko abenduaren 19ko manifestazioetan piztu zen. Protestak hedatu ziren Omar al-Baxir presidentearen aurka —1989an estatu kolpea eman zuen, eta ordutik zegoen boterean— , «demokrazia» eskatzeko. 2019ko apirilaren 11n, haren kontrako estatu kolpea egin zuen armadak —RSF armadaren parte zen orduan—, eta «demokraziarako trantsizioa» hasi zuten. Hasi soilik.

Al-Baxirren osteko aroari buruzko akordioan, RSF armadan erabat txertatu behar zela adostu zuten, baina prozesu hori egiteko zenbat denbora edukiko zuten erabakitzeak desadostasunak eragin zituen: RSFko buruzagi Mohamed Hamdan Dagalok trantsizioa bi urtean egitea nahi zuen, eta armadako buruzagi Abdel Fatah al-Burhanek, berriz, hamarrean. Zenbat eta azkarrago egin, orduan eta botere gehiago galduko zuen RSFk. Funtsean, hori baita hainbat aditurentzat Sudango gerra zibilaren arrazoia, bi gizon horien arteko botere borroka. Edonola ere, azkenean, duela urtebete, eta desadostasun horien ondorioz, Sudango gerra hasi zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.