Hilabete luze joan da Sudango gerra hasi zenetik. Apirilaren 15ean izan zen: RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarrak hiriburuko hainbat gune hartu zituen, eta armadak erantzun egin zuen. Ez dago argi nork egin zuen lehen urratsa, baina, geroztik, borrokak ez dira eten. Milatik gora dira hildakoak, eta ahal izan duten herritarrek ihes egin dute: herrialdeko beste toki batzuetara batzuek, eta atzerrira besteek. Sudandik ateratzea erabaki dutenetatik gehienek Txad aldera jo dute. Gurutze Gorriak atzo ohartarazi zuen giza hondamendi bat gerta litekeela, iheslariak «oso azkar» heltzen ari direlako Txadera, eta han ez dutela nahikoa baliabide guztiei aterpea eskaintzeko euri garaia hasi baino lehen —ekain amaieran izaten da eurite garaia Txaden—.
Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak zabaldutako datuen arabera, 60.0000 eta 90.000 artean izan dira Txadeko muga zeharkatu duten Sudango iheslariak. Haietako gehienak mugatik gertu geratu dira, behin-behinean eta eskura zituzten materialekin eraikitako kanpaleku batean. Joan den astean, han izan zen Nazioarteko Gurutze Gorriaren eta Ilargi Gorriaren Federazioko ordezkari Pierre Kremer. Atzo, Genevan egindako agerraldian berretsi zuen ezinezko izango zaiela guztiei aterpea ematea. Euri sasoia hasi ostean, oso zaila izan ohi da giza laguntza mugara heltzea, uholdeek errepideak mozten dituztelako.
Adingabeak dira muga zeharkatu dutenetatik asko, eta haietatik %80 inguru bakarrik heldu dira, ihesaldian gurasoak galdu ostean. NBE Nazio Batuen Erakundeak iragarri du ahalegina egingo duela behin-behineko kanpalekuetan dauden iheslariak kanpamentu ofizialetara lekualdatzeko.
Zazpi eguneko menia
Hainbat su eten adostu dituzte aldeek AEBen eta Saudi Arabiaren bitartekaritzarekin, baina guztiek huts egin dute. Aste honen hasieran iragarritako sei eguneko meniak, ordea, bestelako itxaropena piztu zuen, lehen aldia baitzen bi aldeetako ordezkariak aurrez aurre biltzen zirena su etena hitzartzeko. Adostutakoa ez da erabat bete, ordea; izan ere, atzo lekukoek salatu zuten Khartum hiriburuan borrokak ez direla eten. Goizaldean aire erasoak ere egin zituzten bi aldeek.
Aldi honetan, armadak eta paramilitarrek sinatu dute akordioa, eta ontzat jo dute su etena betetzen dela bermatzeko mekanismo bat ezartzea. Horraino iritsi da, ordea, adostasuna. Lekukoek atzo salatu zuten militarrek eta paramilitarrek aurrera jarraitzen zutela, «menia errespetatzeko batere asmorik gabe».
Baina etenaldiak, gehienez ere, astebete iraungo du. Hortik aurrera, aldaketarik ezean, borrokak itzuliko dira. Hala aurreratu zuen Mohamed Hamdan Dagalok, RSFko buruak: «Gure tropak ez dira erretiratuko kolpea amaitzen den arte. Garaipena edo heriotza da, eta garaipena gurea izango da». Izan ere, horixe egozten dio Dagalok armadari, gobernu zibil baten sorrera eragoztea eta botereari eutsi nahi izatea. Armadako buru Abdel Fattah al-Burhanek, berriz «estatu kolpe bat ematen saiatzea» leporatzen dio Dagalori, eta behin eta berriz esan du gobernua eratzeko «bideak zabaltzea» duela helburu.
Bi buruzagiak aliatu izan dira azken urteetan. Biek batera kendu zuten boteretik Omar Hasan al-Baxir presidente ohia ere, eta gobernua partekatu zuten tarte batez. Baina, azken hilabetetan, boterea eskuratzeko lehia gogortuz joan zen, harik eta apirilean gatazka piztu zen arte.
Sudanen eta Txaden arteko mugan giza hondamendia gerta litekeela salatu dute
Borrokak ez dira erabat eten, armadak eta paramilitarrek su etena adostu arren. Milatik gora dira hildakoak, eta milaka iheslariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu