Hilabete luze joan da Sudango gerra hasi zenetik. Apirilaren 15ean izan zen, RSF Azkar Laguntzeko Indarrak talde paramilitarrak hiriburuko hainbat gune hartu zituen eta armadak erantzun egin zuen. Ez dago argi nork egin zuen lehen urratsa, baina geroztik borrokak ez dira eten. Milatik gora dira hildakoak, eta ahal izan duten herritarrek ihes egin dute, herrialdeko beste toki batzuetara batzuek, eta atzerrira besteek. Sudandik ateratzea erabaki dutenetatik gehienek Txad aldera jo dute. Gurutze Gorriak ohartarazi du gaur giza hondamendi bat gerta litekeela, iheslariak «oso azkar» ari direlako heltzen Txadera eta bertan ez dutela nahikoa baliabide guztiei aterpea eskaintzeko euri garaia hasi baino lehen —ekain amaieran izaten da eurite garaia Txaden—.
Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak zabaldutako datuen arabera, 60.0000 eta 90.000 artean izan dira Txadeko muga zeharkatu duten Sudango iheslariak. Haietako gehienak mugatik gertu geratu dira, behin-behinean eta eskura zituzten materialekin eraikitako kanpaleku batean. Joan den astean bertan izan zen Nazioarteko Gurutze Gorriaren eta Ilargi Gorriaren Federazioko ordezkari Pierre Kremer. Gaur, Genevan egindako agerraldian berretsi du ezinezkoa izango zaiela guztiei aterpea ematea. Euri sasoia hasi ostean oso zaila izan ohi da giza laguntza mugara heltzea, uholdeek errepideak mozten dituztelako.
Adingabeak dira muga zeharkatu dutenetatik asko, eta haietatik %80 inguru bakarrik heldu dira, ihesaldian gurasoak galdu ostean. NBE Nazio Batuen Erakundeak iragarri du ahalegina egingo duela behin-behineko kanpalekuetan dauden iheslariak kanpamendu ofizialetara lekualdatzeko.
Zazpi eguneko menia
Hainbat su eten adostu dituzte aldeek AEBen eta Saudi Arabiaren bitartekaritzarekin, baina guztiek egin dute huts. Aste honen hasieran iragarritako sei eguneko meniak, ordea, bestelako itxaropena piztu zuen, lehen aldia baitzen bi aldeetako ordezkariak aurrez aurre biltzen zirela su etena hitzartzeko. Ordea adostutakoa ez da erabat bete, izan ere, Khartum hiriburuan borrokak ez direla eten salatu dute lekukoek. Goizaldean aire erasoak ere egin dituzte bi aldeek.
Aldi honetan bi aldeek sinatu dute akordioa, eta onartu dute su etena betetzen dela bermatzeko mekanismo bat ezartzea. Horraino iritsi da, ordea, adostasuna. Lekukoek salatu zuten atzo, militarrek eta paramilitarrek aurrera egiten jarraitzen zutela, «menia errespetatzeko batere asmorik gabe».
Baina etenaldiak, gehienez ere, astebete iraungo du. Hortik aurrera, aldaketarik ezean, borrokak itzuliko dira. Hala aurreratu du Mohamed Hamdan Dagalok, RSFko buruak: «Gure tropak ez dira erretiratuko kolpea amaitzen den arte. Garaipena edo heriotza da, eta garaipena gurea izango da». Izan ere, horixe egozten dio armadari Dagalok, gobernu zibil baten sorrera eragoztea eta botereari eutsi nahi izatea. Aldiz, armadako buru Abdel Fattah al-Burhanek «estatu kolpe saio bat» egitea leporatzen dio Dagalori, eta behin eta berriz esan du gobernua eratzeko «bideak zabaltzea» dela bere helburua.
Bi buruzagiak aliatu izan dira azken urteetan. Biek batera kendu zuten boteretik Omar Hasan al-Baxir presidente ohia ere, eta gobernua partekatu zuten tarte batez. Baina azken hilabetetan boterea eskuratzeko lehia gogortzen joan zen, apirilaren 15ean ga