Sudanek Hego Sudan bonbardatzen jarraitzen duela salatu du Jubak

Bi herrialdeen arteko erasoek 35.000 lagun Etiopiara lekuz aldatzera behartu dituzte azken egunetan

Erredakzioa
2012ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Sudan eta Hego Sudanen arteko borrokak geroz eta latzagoak bihurtu dira azken egunetan. Hego Sudanek salatu du Sudanek gerra deklaratu diola, eta Bentiu eskualdea bonbardatu izana leporatu zio atzo. Sudango presidente Omar Hassan al-Baxirrek Heglig eskualde petrolioduna bisitatu zuen atzo; bi herrialdeen azken gatazkaren iturria, hain zuzen ere. Hego Sudango diplomatiko Salah al-Maliheren esanetan, bisitaren ondorioz Sudanen erasoak gogortu egin dira: «Bentiun gutxienez sei lagun hil ziren atzo». Sudanek, bestalde, Hego Sudani leporatu dio erasoen erantzukizuna. Al-Baxirrek ez duela Jubarekin negoziatzeko asmorik adierazi zuen atzo.

Bi herrialdeak mugartean dauden eskulade petroliodunak bereganatzeko borrokan hasi ziren aurreko astean. Erasoak etengabe gogortu dira, eta horrek 35.000lagun inguru lekuz aldatzera behartu ditu. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, 115.000 sudandar Hego Sudanera joan dira, eta beste 30.000 Etiopiara joan dira, erasoetatik ihesi. Lekuz aldatutako gehienak gaizki elikatuta daudela salatu du UNHCRek.

Nazioartea gatazkari begira

Bi herrialdeen arteko erasoak gogortuz doazen heinean, inguruko herrialdeak antolatzen hasi dira. Japoniak Hego Sudango segurtasun egoera neurtzeko misioa bidaliko du. Orain arte, Japoniak 240 soldadu bidali ditu Hego Sudango armadari laguntzeko, NBEren misioaren barruan. Bestalde, Hego Sudango presidente Salva Kiir Txinarekin negoziatzen hasi da. Txinako Atzerri Ministerioko bozeramaile Liu Weiminen esanetan, «herrialdeko petrolio ustiaketen egoera egonkortzeko laguntza» eskainiko dio Txinako Gobernuak Jubari.

NBEak, berriz, «berehala» su-etena ezartzeko eskatu die bi herrialdeei. NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonen arabera, erasoak eten eta elkarrizketei berrekin behar diote biek: «Sudanek eta Hego Sudanek berandu baino lehen eten behar dituzte erasoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.