Azken datuen arabera, jada 24 dira Kaliforniako suteetan, AEBetan, hildakoak. Atzo gauean —gaur goizaldea Euskal Herrian— eman dute azken datuen berri Los Angelesko agintariek. Kalifornia estatuko hiririk populatuena da Los Angeles, eta haren inguruan eragin ditu suak kalterik larrienak. Eaton mendigunean —hiriaren iparraldean— piztutako suaren eraginez hil dira hamasei lagun, eta beste zortziak hiriaren ipar-mendebaldean aurkitu dituzte, Pacific Palisades inguruan, Malibu hondartza eremutik hurbil. Suhiltzaileak sua kontrolatu ezinik dabiltza.
Asteartean piztutako suteek 16.000 hektarea baino gehiago erre dituzte —Bilbo hiriaren eremua halako lau—, baita 12.000 eraikin baino gehiago suntsitu ere. Gainera, 150.000 biztanle inguruk alde egin behar izan dute etxetik. Los Angelesko Poliziaren buruak jakinarazi du gutxienez hamasei lagun desagertuta daudela.
Orain, hiru sutek diraute piztuta: Eatonekoak, Pacific Palisadeskoak eta Hurst ingurukoak —aurreko bien artean dago—. Azkena ia kontrolpean dute suhiltzaileek. Beste biak, aldiz, ez. Gainera, eguraldiak ez dizkie erraztuko lanak: Los Angeles ingurua alerta gorrian dago haizete bortitzengatik, asteazkenera arte. Airearen kalitate eskasagatik ere alertan daude zenbait gune, suteek sortutako keak eta errautsek airea kutsatu baitute. Eta, hainbat eremutan, iturriko ura ez erabiltzeko agindu dute agintariek.
Suteen harira, Donald Trump AEBetako presidente hautatuak Kaliforniako Gobernua kritikatu du; «ezgai» izatea egotzi dio. Truth bere sare sozialean hala idatzi zuen atzo: «Suteek Los Angeles suntsitzen jarraitzen dute. Eta politikari ezgaiek ez dakite sua nola itzali. Milaka etxebizitza suntsituta geratu dira, eta beste asko daude hala geratzeko zorian». Gavin Newsom demokrata da Kaliforniako gobernadorea, eta, ostiralean kaleratutako ohar batean, Trumpi eskatu zion «giza hondamendiak ez politizatzeko».
Ingurumen legedia, indargabetua
Suteek suntsitutako eraikinak azkarrago berreraikitzeko asmoz, Newsomek bertan behera utzi ditu Kaliforniako ingurumen legediek eta kostaldeari zegozkionek ezartzen zituzten zenbait betebehar. Kaliforniako gobernadorearen arabera, legedi horiek «oztopo» dira eraikuntzarako baimenak lortzeko orduan, eta etxebizitzak eta negozioak «ahalik eta azkarren» berreraikitzea da lehentasuna orain. Horretarako, indargabetu egin zituen atzo lege horiek, dekretu bidez. Gainera, atzo zabaldutako oharrean, ziurtatu zuen neurriak hartuko dituela eraikuntza materialen prezioetan «espekulaziorik» ez izateko.
Suteei aurre egiteko erabilitako baliabideen berri ere eman du Kaliforniako gobernadoreak. X sare sozialean eman zuen datu zehatzen berri: 15.000 suhiltzaile baino gehiago, Kaliforniako Guardia Nazionaleko 2.500 kide, 1.300 suhiltzaile kamioi, eta laurogei aireko. Gainera, beste estatu batzuetatik ere jaso du laguntza. Besteak beste, Texasek suhiltzaileak, kamioiak eta bestelako baliabideak bidali ditu, eta Newsomek esker oneko hitzak izan ditu estatu horretako gobernadore Greg Abottentzat: «Gorria izan, urdina izan, errepublikanoa izan, demokrata izan... Horrelakoetan, indarrak batzen ditugu. Eskerrik asko, Greg Abott». Izan ere, Abott Alderdi Errepublikanokoa da, baita Trumpen aliatu nagusietako bat ere.