Su etena luzatzeko «aukera errealak» eta «seinale baikorrak»

AEBen eta Egiptoren iritziz, bideragarria da tregoak egun batzuk gehiago irautea. Gazak orain arteko giza laguntza handiena jaso du azken bi egunetan, Israelek konboi humanitario batzuk baimendu zituenetik.

MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Gazako herritar taldeak, zerrendaren iparraldetik hegoaldera bidean, gaur, Israelen eta milizia palestinarren arteko su etena baliatuta. MOHAMMED SABER / EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko azaroaren 25a
22:00
Entzun

Su etenaren bigarren egunean, Gazako milizien gatibuen eta preso palestinarren arteko beste truke bat espero da. Israelgo Espetxe Zerbitzuak jakinarazi duenez, 42 preso aske uzteko ari da prestatzen, eta Hamasek hamalau gatibu askatuko ditu. Tel Avivek eta Gazako miliziek adostu duten su eten akordioaren parte da. Lau eguneko tregoan, miliziek 50 gatibu askatzeko konpromisoa hartu dute, eta Israelgo Gobernuak 150 preso palestinar askatuko dituela hitzeman du. Akordioak jasotzen du su etena egun gehiagotan luzatzeko aukera, Gazako talde armatuek gutxienez hamar bahitu askatzen badituzte meniak irauten duen egun bakoitzeko. Luzapen horri buruz baikor mintzatu dira AEBak eta Egipto, «aukera erreala» dela eta «keinu baikorrak» daudela iritzita.

Aurreikusitakoa betez gero, atzoko bide bera erabiliko dute aldeek gatibuak eta presoak trukatzeko. Gazako miliziek Gurutze Gorriaren Nazioarteko Komitearen esku utziko dituzte bahituak, eta horiek Egiptora eramango dituzte Rafah pasabidetik. Egiptok Israeli entregatuko dizkio ondoren. Bahituak libre direla, Tel Avivek Zisjordanian askatuko ditu preso palestinarrak, Ramallah kanpoaldean dagoen Ofer kartzelan. Israelgo Espetxe Zerbitzuen arabera, 24 adingabe eta 18 emakume askatuko ditu. Milizia palestinarrek zerrenda batean zehaztu dituzte aske utziko dituzten bahituen izen-abizenak, eta Egiptori eta Israeli jakinarazi dizkiete xehetasun horiek. Ez dago argi bahituen eta presoen trukea zer ordutan egitekoa duten. Hainbat hedabideren arabera, Hamasek gatibuen askatzea atzeratu du, Tel Avivek laguntza humanitarioari Gaza iparraldean sartzen utzi arte.

Bi aldeek aparteko arazorik gabe gauzatu zuten atzo egitekoa zuten trukea. Su etenaren lehen egunean, Israelek 39 preso palestinar askatu zituen —guztiak adingabeak edo emakumeak— eta miliziek 13 bahitu israeldar utzi zituzten libre. Horiez gain, Thailandiako hamar herritar eta Filipinetako bat ere askatu zituzten, Iranek hala eskatuta.

Beste 14 bahituren eta 42 preso palestinarren arteko trukea egitekotan dira milizia palestinarrak eta Tel Aviv

Akordioaren urraketa larririk ez bada, su etena luzatzeko aukerarik badela uste dute AEBek eta Egiptok. Bi herrialde horiek izan dira, Qatarrekin batera, Israelen eta milizia palestinarren arteko tregoaren bitartekariak. AEBetako presidente Joe Bidenek atzo gauean adierazi zuenez, menia luzatzeko «aukerak errealak dira». Dena den, ez zuen lotu luzatze hori gerraren amaierarekin. Bidenen esanetan, «zilegi» da Israelek «Hamas suntsitzeko helburua» betetzea. Gazaren kontrako erasoa «ahalik eta azkarrena» amaitzearen alde mintzatu zen, eta zibilen heriotzak mugatzeko eskatu zion Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuri.

Egiptoren iritziz ere, bideragarria izan daiteke borroken etena luzatzea, «seinale baikorrak» jaso baititu bi aldeetatik. Egipto «kontaktu bizietan» dago engaiatuta, su etena «egun bat edo bi gehiago» hedatzeko, azaldu du estatuko Informazio Zerbitzuko zuzendari Diaa Raxwanek. Kasu horretan, preso eta gatibu gehiago askatuko liratekeela esan du.

Arabiar Ligako hori ez litzateke nahikoa, eta su eten iraunkor bat eskatuko dute NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan. Jordaniako Atzerri ministro Ayman Safadik nabarmendu du Israel ezin dela egon «nazioarteko zuzenbidearen gainetik», eta Kontseiluari ohartarazi dio Israelen «basakeria betikotzearen erantzule» izango dela Tel Aviv erasoak geldiaraztera behartzen ez badu.

MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT(3)
Gazako herritarrak, gaur, giza laguntzaz betetako kamioien zain, zerrenda hegoaldean.

Su etenak balio izan du Gazara laguntza humanitario gehiago bidaltzeko. Israelek laguntza humanitarioa sartzeko baimena eman zuenetik —urriaren 21ean— jaso duen kopururik handienean iritsi da zerrendara azken bi egunetan. Elikagaiak, sendagaiak, oheak, kanpin dendak eta erregaia banatu dituzte. Azken horri dagokionez, gasa jaso dute lehenengoz. Haren behar handia dute Gazan, besteak beste, ospitaleetan zerbitzua emateko eta ura gatzgabetzeko instalazioak martxan jartzeko. NBEren arabera, 137 kamioi sartu ziren atzo zerrendan, eta kopuru hori gaur 340ra heldu daitekeela aurreratu du Egiptoko Gobernuak.

Bestalde, herritarrek bonbardaketen etena baliatu dute hurrengo egunetarako elikagaiak biltzen saiatzeko, beren senideak nola dauden bertatik bertara ikusteko, beren etxeek zutik jarraitzen duten argitzeko eta hurbilekoen gorpuak hondakinen artetik ateratzen saiatzeko.

Erabateko etenik ez

Su etena indarrean bada ere, erasoak ez dira guztiz desagertu Palestinako lurralde okupatuetan. Gazan, Israelgo indarrek palestinar bat hil zuten atzo, eta dozenaka zauritu zituzten, NBEren arabera. Menia ezarri ondorengo orduetan, milaka palestinarrek hasi zuten Gaza hegoaldetik iparralderako bidea, eta Israelgo soldaduek tiro egin zieten horietako batzuei.

Bestalde, Zisjordaniako Qabatiya herrian, Israelgo indarrek beste palestinar bat hil dute tiroz gaur, sarekada batean. Urriaren 7tik, ugaritu egin dira armadaren operazio militarrak Zisjordanian, eta, orotara, 3.100 palestinar baino gehiago atxilotu ditu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.