Su etena indarrean, Libano hegoaldera itzultzen hasi dira herritarrak

Libanoko Gobernuak «laster» zabalduko ditu bere tropak hegoaldean. Israelgo armadak, berriz, jakinarazi du «oraingoz» hor jarraituko duela, eta etxeratze agindua ezarri du gaur gauerako.

Israeleko tropak Libano hegoaldean. ATEF SAFADI / EFE
Israeleko tropak Libano hegoaldean. ATEF SAFADI / EFE
Ekhi Erremundegi Beloki - Maddi Iztueta Olano
2024ko azaroaren 27a
09:14
Entzun

Gaur goizaldean sartu da indarrean Israelen eta Hezbollahren arteko su etena, eta dagoeneko beren etxera itzultzen hasiak dira Libano hegoaldeko milaka herritar. Barealdia behin-behinekoa izango da, nolanahi ere, 60 eguneko etenaldia adostu baitute. Are, nazioarteko hedabideek eta negoziazioetan parte hartu duten bitartekariek nabarmendu dute menia hauskorra izango dela, Israelek esana baitu su etena adostuta ere «eskubidea» daukala «ezein mehatxuri» aurre egiteko.

Erdibideko baretasun egoera horren erakusle da, hain justu, Israelgo armadak esan duela oraingoz bere posizioetan jarraituko duela, eta ez daitezela horietara hurbildu. Gainera, arratsaldean etxeratze agindua ezarri du herrialdearen hegoaldean. Armadako bozeramaile batek X sare sozialean jakinarazi du debekatuta egongo dela, gaur arratsaldeko bostetatik bihar goizeko zazpietara, Litani ibaitik hegoaldera joatea. Eta dagoeneko han dauden biztanleei agindu di dauden tokian geratzeko.

Israelgo Gobernua ia lau orduz izan zen bilduta atzo arratsaldean, AEB Ameriketako Estatu Batuek proposatutako menia hizpide. Telebistan egindako adierazpen batzuen bidez iragarri zuen Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk bera prest zegoela su etenari baiezkoa emateko, eta hori egiteko gomendatu ziela bere gobernuko kideei. Zertxobait geroago, Netanyahuk jakinarazitakoa baieztatu zuten AEBetako presidente Joe Bidenek eta Frantziako Emmanuel Macronek, komunikatu bateratu baten bidez. Horien arabera, meniak Hezbollahn eta Libanon jarduten duten gainerako «erakunde terroristek dakarten mehatxuetatik» babestuko du Israel, eta iritzi diote etenaldiak bide emango duela Libanon eta Israel iparraldean «lasaitasuna modu iraunkorrean» berrezartzeko eta bi aldeetako biztanleak beren etxera «segurtasunez itzultzeko».

Libanoko Gobernua, berriz, gaur goizean bildu da su etenaren nondik norakoak zehazteko. Herrialdeko hainbat hedabidek kaleratu duten informazioaren arabera, lehen ministro Najib Mikatik esan du armadako buruzagi Joseph Auni gaur bertan emango diola tropak herrialde hegoaldera zabaltzeko agindua, menian adostu gisa. Hain justu, behin Libanoko armada Litani ibaiaren hegoaldean zabalduta, Israelek handik atera beharko ditu bere soldaduak. Su etenaren hirugarren fasean, berriz, muga negoziatu beharko dute.

Israelgo Gobernuko eta armadako hainbat ofizialek azken orduetan egindako adierazpenei, eta Netanyahuk berak atzo iluntzean esandakoei erreparatuta, irudi du posible dela etenaldiak adostutako 60 egunak ez irautea. Izan ere, Tel Avivek nabarmendu du esku hartzeko eta operazioak egiteko eskubidea izango duela ikusten badu Hezbollah eraso egiten saiatzen dela, eta zehaztu du meniaren iraupena horren araberakoa izango dela. Bada, gaur goizean, Israelgo armadak jakinarazi du eraso egin diotela «ibilgailu susmagarri bati», Libano hegoaldean. Halere, su etenak bere horretan dirauela ziurtatu dute.

Hamas, su etenerako «prest»

AFP berri agentziak Hamasen bulego politikoko kide baten adierazpenak jaso ditu goizean, eta, horren arabera, Palestinako erakunde islamista ere «prest» dago Israelgo armadarekin Gazako zerrendarako su eten bat adosteko. «Libanon menia iragartzea garaipen eta arrakasta handia da erresistentziarentzat», adierazi du. Eta gehitu du: «Hamas prest dago su eten akordio bat eta presoak trukatzeko akordio serio bat lortzeko». Azken hilabeteetan erakunde islamistako ordezkariek egin duten gisan, Hamaseko kide horrek ere Israeli egotzi dio ezein akordio oztopatzen aritzea.

Iazko urriaren 7an Israelek Gazaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik, menia bakar bat izan da indarrean: sei egun iraun zuen, eta iazko azaroan adostu zuten. Ordutik, erakunde islamista, Israel eta bitartekariak —Egipto, Qatar eta AEBak— negoziazioetan aritu dira, beste etenaldi bat lortze aldera. Nolanahi ere, huts egin dute saiakera guztiek. Are, joan den urrian negoziazioetatik atera zen Qatarko Gobernua, argudiatuta ez zirela aurrerapausorik ematen ari.

Libanorako adostutako meniaren harira, Gazari erreparatu diote nazioarteko hainbat agintarik. Besteak beste, Bidenek. Su etenaren berri emateko egindako agerraldian, AEBetako presidenteak esan zuen Gazako biztanleek ere «merezi» dutela beren aurkako erasoaldiak amaitzea, iritzita «infernu bat» bizitzen ari direla. Antzera mintzatu da, gaur argitaratutako komunikatu baten bidez, Palestina Askatzeko Erakundeko buru Hussein al-Xeikh: «Nazioarteko komunitateari dei egiten diogu, Israeli presio egin diezaion, Gazan eta Zisjordanian egiten ari den gerra kriminal hau buka dezan».

Eskualdearen erreakzioak

Makina bat herrialdek erantzun dio Libanorako adostutako meniari, baita Israelen oldarraldia gertu daukaten horiek ere. Egiptoko Atzerri Ministerioak komunikatu bat kaleratu du gaur goizaldean, eta horren bidez txalotu egin du 60 eguneko etenaldia. Dena den, exijitu zion Tel Avivi «errespeta» dezala Libanoko herrialdearen subiranotasuna, eta gogoratu zuen ez dagoela «eskualdeko gatazka» konpon dezakeen «irtenbide militarrik».

Iranek ere hitz egin du su etenaren inguruan, Atzerri Ministerioko bozeramaile Ismail Baghaeik kaleratutako komunikatu batean. Begi onez ikusi du Libanorako adostutako etenaldia; hori bai, eskatu dio nazioarteari babestu ditzala eskualdeko «bakea eta egonkortasuna», baita Israeli presio egin diezaiola ere, Gazaren aurkako oldarraldia eten dezan. Bestalde, nabarmendu du Libanoko erresistentzia, gobernuak eta herriak «beti» izango dutela Iranen «erabateko babesa»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.