Aurrerantzean ere su etena beteko duela berretsi du Hamasek

Larunbatean hiru gatibu askatuko dituela baieztatu du Palestinako erakunde islamistak. Israelek jakinarazi du ez duela baimenduko Gazan karabana eta makina astunak sartzea.

Zenbait lagun Gaza iparraldeko Jabalia errefuxiatu esparruan, herenegun. HAITHAM IMAD / EFE
Zenbait lagun Gaza iparraldeko Jabalia errefuxiatu esparruan, herenegun. HAITHAM IMAD / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2025eko otsailaren 13a
15:11
Entzun

Asteon are gehiago tenkatu da Hamasen eta Israelen arteko harremana, eta kolokan egon da Gazarako adostutako su etena. Hamasek astelehenean iragarri zuen bahituen trukerik ez zuela egingo larunbatean, eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk ohartarazi zuen, gatibuak askatu ezean, «gerrari berriro ekingo» ziola. Gaur, baina, Hamasek berretsi egin du meniaren inguruan hartutako konpromisoa.

Gauzak horrela, milizia Palestinarrek 2023ko urriaren 7an Israelen egindako erasoan bahitutako hiru gatibu askatuko dituzte larunbatean preso palestinarren truke; su-eten akordioan ezarri zuten gisan. Hamasek iritzia aldatu du meniaren bitartekariek azken orduetan izan dituzten bileren harira. Palestinako erakunde islamistak Telegram bidez jakinarazi duenez, Egiptok eta Qatarrek bi aldeen arteko «oztopoak saihestu eta akordioan dauden hutsuneak betetzeko» konpromisoa adierazi diote, Hamasen eskariak kontuan hartuz.

Mezuan azaldu duenez, taldearen helburua da Gazako herritarrei etxebizitza bat ziurtatzea: «Bitartekariekin bildu gara negoziazioen lehen lerroan etxebizitzaren afera jarri dezaten. Etxe prefabrikatuak, kanpadendak, karabanak, makina astunak, osasun baliabideak, erregaia eta akordioan ezarritako guztia presaz ekartzeko bide eman behar du Israelek». Hamasek bahituen trukeak eteteko eman zuen arrazoietako bat zera izan zen, Israelek ez dituela bete haren betebeharrak; eta, aurrerantzean ere menia beteko duela jakinarazi aurretik, bide beretik jo du erakunde islamistako bozeramaileak. «Kezkatuta gaude Gazarako menia ez ote den kolapsatuko. Gure nahia da su etena betetzea eta okupatzaileari [Israeli] sinatutakoa betearaztea», adierazi du Abdul Latif al-Qanuk, ohar bidez.

Hamasek oharra argitaratu eta minutu gutxira, ordea, Israelgo agintariek bertan behera utzi dute Gazako zerrendan etxebizitzak egiteko aukera. Netanyahuren bozeramaile Omer Dostrik gaur adierazi duenez, Gazan ez da sartuko «ez karabanarik, ez makina astunik», eta esan du ez dagoela horretarako koordinaziorik. Sare sozialetan argitaratu duen mezuan gaineratu du menia sinatzerakoan bi aldeek adostu zutenaren arabera ezin dela ondasunik sartu Rafahko pasabidetik.

Palestinarrak lekualdatzea

Israelgo lehen ministroaren bozeramailearen mezua ez da hango agintariek azken orduetan Gazaren inguruan egin duten jakinarazpen bakarra. Finantza ministro Bezalel Smotrichek are gehiago tenkatu du soka, eta adierazi behin bahitu denak Israelera itzultzen direnean «gerra berriz hasi eta Gaza okupatuko» dutela. «Israelgo estatuak borrokari ekingo dio berriz bere indar guztiarekin; Gaza okupatuko du, eta palestinarrak masiboki lekualdatu», esan du Israelgo 103fm irrati katean. Operazio hori AEB Ameriketako Estatu Batuekin elkarlanean egingo dutela iragarri du.

Eta mundua Gazara begira dagoelarik, Israelgo armadak operazio militarrekin jarraitzen du Zisjordanian. Bertako agintari palestinarren arabera, Tulkaremgo errefuxiatu esparruan zeuden lagunen %85 lekualdatu dituzte, indarrez. Horrez gain, Israelgo indarrek palestinar bat hil dute Huwara herrian, Nablusetik gertu. Israelgo hedabideen arabera, palestinarra militarrengana gerturatu da lapurtutako auto batean, eta haiek tiro egin diote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.