«Su eten partzial bat» eskaini dio Zelenskik Errusiari

Trumpek Ukrainiari laguntza militarra eten eta ordu gutxira heldu da Kieven iragarpena. Mezu berean, AEBetako estatuburuaren «buruzagitza sendoaren pean» aritzeko borondatea agertu du Zelenskik.

Ukrainako presidente Volodimir Zelenski, iragan urtarrilean Erroman izandako bilera batean. PAOLO GIANDOTTI / QUIRINAL PALACE / EFE
Ukrainako presidente Volodimir Zelenski, iragan urtarrilean Erroman izandako bilera batean. PAOLO GIANDOTTI / QUIRINAL PALACE / EFE
Maddi Iztueta Olano - Mikel Garcia Martikorena
2025eko martxoaren 4a
18:00
Entzun

Ukrainako presidente Volodimir Zelenski bakerako urratsak egiten hasi da. Sare sozialetan argitaratu duen mezu batean iragarri duenez, «su eten partzial baterako» akordio bat eskaini dio Errusiako presidente Vladimir Putini. Moskuk nahi izanez gero, Ukraina prest legoke «aire eta itsaso bidezko erasoak eteteko», azaldu du Zelenskik. «Gerra amaitzeko pauso azkarrak emateko prest gaude», gaineratu du. Su etenaren lehen fasean preso trukea egitea ere jasotzen du eskaintzak.

Mezu berean, Ukrainako presidenteak berretsi egin du Washingtonekin lan egiteko duen nahia: «Inork ez du bakea nahi ukrainarrek bezainbeste. Nire taldea eta ni prest gaude Donald Trumpen buruzagitza sendoaren pean lan egiteko iraungo duen bake akordio bat lortzeko». Iragan ostiralean Ukrainako mineralak ustiatzeko akordio bat sinatzekoak ziren bi presidenteak, baina eztabaidaren ostean, hitzarmena sinatu gabe alde egin zuen Ukrainako estatuburuak. Gertatutakoa «penagarria» izan zela onartu du Zelenskik, eta «gauzak konpontzeko garaia» heldu dela azpimarratu du. Mezuan proposatutakoa ez da ideia berri bat; izan ere, iragan astean Frantziako presidente Emmanuel Macronek egindakoaren oso antzekoa da —Macronek proposatutakoak ez bezala, Zelenskik proposatutako su etenak ez du epemugarik—.

Hitzartua zuten mineralen inguruko akordioa sinatzeko prest dagoela ere iragarri du. Izan ere, akordio hori sinatuz gero «Ukrainarako segurtasun bermeak» lortuko dituztela esan du. Gainera, Washingtoni eskerrak eman dizkio gerra hasi zenetik Ukrainaren alde egindako esfortzuagatik. Hain zuzen ere, iragan ostiralean Etxe Zurian izandako bileran AEBetako presidenteorde J.D. Vancek Zelenskiri leporatu zion AEBei inoiz eskerrak eman ez izana.

AEB Ameriketako Estatu Batuek Ukrainarako laguntza militar guztia etetea erabaki duten egunean bertan heldu da Zelenskiren mezua. Zelenskik Donald Trumpekin liskarra izan eta hiru egunera iragarri du Washingtonek erabakia. Etxe Zuriak argudiatu du Trumpek «konpromiso irmoa» duela «bakearekin», eta neurri hau baliagarria izango dela ikusteko ea Zelenskik ere «bakea» nahi duen.

Oleksandr Merezhko Ukrainako Parlamentuko Atzerrirako Batzordeko buruak, ordea, Reuters albiste agentziari egindako adierazpen batzuetan Trumpi leporatu dio Ukraina «kapitulazio bat» onartzera behartzen aritzea. «Orain laguntza etetea  [Errusiako presidente Vladimir] Putinen alde egitea da», gaineratu du. Erresuma Batuko Gobernuak harekin bat egin du, gaur goizean kaleratutako komunikatu baten bidez, eta hau gehitu du: «Ukrainara urtean 3,6 mila milioi euro bidaltzeko konpromiso irmoa hartu dugu, horrekin bultzada handi bat eman nahi baitiogu Ukrainako armadari».

62,6

Zenbat mila milioi euroko laguntza militarra eman dioten AEBek Ukrainari. Duela hiru urte, 2022ko otsailean, Errusiak Ukrainako inbasioa hasi zuenetik, Ameriketako Estatu Batuek 62.600 milioi euroko laguntza militarra eman diote Ukrainari. 

AEBak ez dira bakarrak

Bada, nolanahi ere, Trumpen erabakiaren alde agertu den agintaririk. Hungariako Gobernuko bozeramaile batek ohar baten bidez jakinarazi duenez, hango lehen ministro Viktor Orbanen taldeak Trumpen iritzi bera dauka; hau da, Hungariako Gobernuak uste du Ukrainara armak bidaltzea gerrarekin jarraitzea dela, eta Etxe Zuriko maizterrak hartutako neurriak balio dezakeela «tregoa bat» ahalik eta lasterren adosteko. Japoniak, berriz, baztertu egin du Ukrainarako laguntzak etetea, prentsaurreko batean horri buruz galdetuta hango gobernuko bozeramaile Kazuhiko Aokik esan duenez.

Urtarrilaren 20an presidente kargua hartu zuenetik, Trumpek aldatu egin du orain arte AEBek Ukrainako gerran hartu duten rola. Horren adierazgarri da, besteak beste, Trumpek ez duela laguntza gehiagorik onartu. Orain arte, Bidenek bere agintaldian onartutako bidalketak iritsi dira Ukrainara.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.