Eskozia

Sturgeonek proposatu du 2023ko urriaren 19an egitea bigarren independentzia erreferenduma

Eskoziako lehen ministroak kontsulta moduko galdeketa bat egiteko bide orriaren berri eman du. Edinburgok Auzitegi Gorenari iritzia eskatuko dio, legezkoa ote den galdeketa Londresen baiezkorik gabe antolatzeko lege proiektua.

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa, artxiboko irudi batean. EFE
ander perez zala
2022ko ekainaren 28a
16:03
Entzun

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak bere agintaldietako pausorik garrantzitsuena eman zuena atzo independentziaren aferan. Eztabaidari «argitasuna eta zehaztasuna» emateko helburuarekin, orain arteko bide orririk argiena jakinarazi du: bigarren erreferenduma 2023ko urriaren 19an egitea proposatu du, eta argitara atera du hori arautzeko eta antolatzeko lege proiektua. Baliteke, baina, Erresuma Batuko Gobernuaren baiezkorik gabe kontsulta moduko galdeketa hori legezkoa ez izatea; hortaz, Eskoziako lehen ministroak ekimena hartu du, eta azaldu du Edinburgok Erresuma Batuko Auzitegi Gorenari galdetuko diola lege proiektuaren edukia legezkoa den.

Sturgeonek Eskoziako Parlamentuan eman du datozen hilabeteetako estrategiaren berri, eta nahiko erasokor agertu da Erresuma Batuko Gobernuaren jarreraren kontra. Argudiatuta iragan maiatzeko Eskoziako Parlamenturako bozetan herritarrek baiezkoa eman ziotela independentzia erreferenduma egiteari, Eskoziako gobernuburuak «blokeo jarrera» kritikatu dio Boris Johnson Erresuma Batukoari, eta ohartarazi dio «orain» dela «independentziarako garaia».

Berez, Sturgeonek 2014ko metodoa erabili nahi du berriz: Londresek baiezkoa ematea 30 Sekzioa aktibatzeari, eta, beraz, Erresuma Batuak behin-behinean ematea Eskoziari bigarren independentzia erreferenduma antolatzeko eskumenak.

Baina Johnsonek hainbatetan ezetz erantzun dio, eta, ziurrenik, oraingoan ere gauza bera esango dio, Eskoziako lehen ministroak jakinarazi baitu Erresuma Batuko lehen ministroari idatzi diola zera esateko: prest dagoela 30 Sekzioaz negoziatzeko. Ohar baten bidez, Londresek erantzun du «arreta handiz aztertuko» duela Sturgeonen proposamena, baina gehitu du Erresuma Batuko Gobernuaren jarrera ez dela aldatu, eta iradoki du Gorenaren erabakiaren zain geratuko dela.

Horiek horrela, erreferendumari buruzko lege eztabaidak aspaldidaniko garrantzirik handiena hartuko du datozen hilabeteetan; hau da, Eskoziak Erresuma Batuaren baimenik gabe antola ote dezakeen bigarren galdeketa. Horretaz, Sturgeonek esan du badakiela afera auzitara bidaliko luketeela lege proiektua onartuz gero, eta horregatik hartu du beren kabuz Erresuma Batuko Auzitegi Gorenari iritzia eskatzeko erabakia. Hortaz, epaileek iritzia eman arte, Eskoziako Parlamentuak ez du testu horretaz eztabaidatu eta bozkatuko.

Eta auzitegiak ezetz erantzungo balu, hurrengo pausoa zera izango litzateke: Erresuma Batuko Komunen Ganberarako bozak —printzipioz, 2024 amaieran egitekoak direnak— afera horri buruzkoak bilakatzea; Sturgeonek deskribatu duen modura, «de facto erreferendum bat, Eskoziak herrialde independente bat» izan behar duen edo ez duen.

Hau da, kasu horretan, SNP Eskoziako Alderdi Nazionala auzi bakarraz arituko litzateke, eta ez luke kanpaina egingo independentzia erreferenduma egiteko babesa lortzeaz, independentziarako babesaz baizik. Kazetariek galdetu diote alde bakarreko independentzia deklarazio bat egingo lukeen, eta Eskoziako lehen ministroak erantzun die «irrigarriak ez izateko».

Kanpaina, abiatuta

Bien bitarterako, Eskoziako lehen ministroak independentziaren aldeko kanpaina abiatu zuen hilaren 15ean, auzi horri buruzko eztabaida berriz ere agenda politikoaren erdigunera ekartzeko asmotan.

Sturgeonek uste du Eskozia «2014an baino askoz ere prestatuago» dagoela independentziarako, eta, ideia horri indarra emateko, jakinarazi zuen egun horretatik hasita Erresuma Batutik ateratzearen aldeko argudioak bilduko dituen dokumentu sorta bat aurkeztuko diela herritarrei: Eskozia berri bat eraikitzen.

Lehen txostena agerraldi horretan atera zuen argitara. Aberatsago, pozago, bidezkoago: zergatik ez Eskozia? deitzen da, eta, horretan, Edinburgok Eskozia eta Erresuma Batua konparatzen ditu «konparagarriak» diren Europako beste herrialde batzuekin, azaltzeko zergatik uste duen herrialdeari mesede egingo liokeela independente izateak; tartean daude Austria, Danimarka, Irlandako Errepublika eta Suedia. Sturgeonen arabera, estatu horiek Erresuma Batua baino «aberatsagoak, bidezkoagoak eta etenkitsuagoak» dira.

Iazko maiatzean egin zituzten Eskoziako Parlamenturako hauteskundeak. SNPk eta Alderdi Berdeak eserleku kopurua handitu zuten, eta independentismoak 2011ko ordezkaritza lortu zuen berriz, inoizko handiena: 129 aulkitik 72.

Eskoziako lehen ministroaren iritziz, hori bada argudio sendo bat bigarren independentzia galdeketa egiteko. «Erreferendumaren aldeko argudioa demokratikoa eta independentista da», esan zuen agintariak atzo.

Lehen galdeketa 2014ko irailaren 18an egin zuten, eta Erresuma Batuan geratzearen aldeko jarrera gailendu zen, botoen %55,3 bilduta. «Belaunaldi baterako galdeketatzat» jo zuten denek, baina brexit-aren ondorioz egoera aldatu dela argudiatu dute independentistek, unionisten galdeketa hartako argudio nagusietako bat izan baitzen Eskozia Europako Batasunetik aterako zela herrialde independentea bilakatuz gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.