Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak lasaitua hartu du, James Hamilton ikertzaile independenteak ondorioztatu baitu agintariak ez zuela urratu Ministroen Kodea Alex Salmond gobernuburu ohiaren kontrako sexu-eraso salaketen auzian izandako jarreragatik.
Hamiltonen ondorioak erabakigarriak dira Eskoziako independentismoaren etorkizunarentzat, alde batera edo bestera egiteak eragin nabarmena izango baitzuen bigarren independentzia erreferenduma egiteko asmoan eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren hauteskundeetako arrakastan. Hala, krisi politiko erraldoi bilakatu beharrean, beste bide bat hartuko du eztabaidak, eta Sturgeonen alderdiak kezka pisutsurik gabe egingo dio aurre maiatzaren 6ko bozen kanpainari.
Eskoziako lehen ministroa pozik agertu da ikerketaren ondorioekin, eta oposizioko alderdiei eskatu die horiek errespetatzeko: «Frogetan oinarriturikoak dira, eta eztabaidarik gabekoak. Ofizialak eta behin betikoak ere bai. Prozesuan zintzotasunez aritu naiz, argi bainuen ez nuela urratu Ministroen Kodea». Ikerketa independentearen helburua zen argitzea Eskoziako lehen ministroak nola jardun zuen Salmonden kontrako sexu-eraso salaketen kudeaketan.
Sturgeonek hainbatetan esan du agintari ohiarekin 2018ko apirilaren 2an izandako bilkura SNPko buruzagi gisara izan zuela, eta ez Eskoziako gobernuburu bezala; horretan zegoen eztabaida, Ministroen Kodearen arabera grabatu egin behar baitira «kanpoko norbanakoekin» izandako hitzorduak, norekin biltzen den eta zertaz hitz egiten den jakinaraztearekin batera.
Egoera gehiago zaildu zuen Sturgeonek bilera horren eta beste hainbaten berri bi hilabete geroago eman ziolako funtzionarioen buruzagiari, unean bertan egin beharrean; eta, horrekin batera, publiko egin baitzen Eskoziako Parlamentuko diputatuei 2018ko martxoaren 29ko bilera aipatzea ahaztu zitzaiola.
2018ko apirileko hitzorduaz, Eskoziako lehen ministroak adierazi zuen uste zuela karguan haren aurrekoak bere dimisioaren berri emateko baliatuko zuela, baina Salmondek beti defendatu du «parte hartzaile guztiek aurrez» bazekitela bilkuraren arrazoia zein zen; hau da, haren kontrako sexu-eraso salaketez aritzea. Eskoziako gobernuburu izandakoak horri tiraka argudiatu du Sturgeonek gezurra esan zuela, eta, hortaz, Ministroen Kodea urratu zuela. Galderak sortu ziren bidean: zer zekien lehen ministroak auziaz, eta noiztik?
Ikerlari independentearen arabera, hitzorduak gobernuaren auzi bat lantzeko izan ziren, ez alderdiaren bat, baina ados agertu da lehen ministroarekin, horiek grabatzeak eragina izango zukeela konfidentzialtasunean eta prozesuak aurreiritzirik gabekoak izateko helburuan.
Hamiltonen lana Eskoziako lehen ministroak berak eskatu zuen, 2019ko urtarrilean, auzitegien ebazpen baten ostean gobernuak aitortu baitzuen Salmonden kontrako sexu-eraso salaketen barne ikerketa legez kanpokoa izan zela. Orduan izendatu zuten Hamilton aholkulari berezi —kargu bera eman zion Galesko Gobernuak—, eta, bi urteko lanaren ostean, Irlandako Errepublikako Fiskaltzaren buruzagi izandakoak ebatzi du ez zela kodearen urraketarik izan.
Ikerlariak dio Sturgeonek ez zuela «gertakarien narratiba osoa eman», baina hori ez zela berariazkoa izan, «froga guztiak biltzeko hutsegite bat» baizik. Ministroen Kodea ez errespetatzeko, balizko gezurrak edo urraketak «nahita egindakoak» izan behar dira.
Errugabea dela ebatzi duen arren, Hamiltonek argi utzi du Eskoziako lehen ministroaren eta gobernuaren kudeaketa ez dela egokia izan. Dena den, gaurko ondorioak jakinda, Eskoziako Alderdi Kontserbadoreak aurkeztuko duen konfiantza mozioak ez du arrakastarako aukerarik izango, Sturgeonek Eskoziako Alderdi Berdearen babesa jasoko baitu; berez, etzi ziren bozkatzekoak, baina azkenean bihar egingo dute, azken orduko aldaketarik ezean.
Egun berean, parlamentuko ikerketa batzordeak auzi berari buruzko bere ondorioen txostena argitaratuko du, baina Erresuma Batuko hedabideek iragan astean filtratu zuten horren edukia: diputatuek ondorioztatu dute Sturgeonek parlamentua «engainatu» zuela, baina ez dute zehaztu Ministroen Kodea urratu ote zuen.
Oposizioko alderdiek urteak daramatzate lehen ministroa agintetik botatzeko edo ahultzeko arrazoien bila, baina orain arte ez dira gai izan hura pixka bat bada ere kezkatzeko. Asteotako gertakariek, baina, atea ireki diete hori egiteko, mugimendu independentista eta SNP bitan zatitzeko arriskuan baitaude, hain justu, alderdia aspaldidaniko garairik hoberenean dagoen honetan.
Bigarren galdeketa, 2023a amaitu aurretik
Hamiltonen ikerketaren ondorioak argitaratu aurretik, Eskoziako Gobernuak bigarren independentzia erreferendumaren xehetasunei buruzko lege proiektua egin du publiko, eta horretan dio 2023a amaitu aurretik egin nahi duela bigarren independentzia erreferenduma. Halere, argi uzten du parlamentuari egokituko zaiola data zehatza erabakitzea, betiere galdeketa «osasun krisi publikoa» amaitu ondoren egiteko.
Dataren inguruko zehaztapenak emateaz gain, gobernuak jakinarazi du hitzordu horri begirako galdera 2014ko erreferendumaren berbera izatea nahi duela: Eskoziak herrialde independentea izan behar al luke?. SNPk uste du esaldia «ulergarria» dela, eta, hortaz, baliagarria, baina oraingoan ere hauteskunde batzordeari egokituko litzaioke horretaz erabakitzea. Boto emaileez, 16 urtetik gorakoek, atzerritarrek eta errefuxiatuek izango lukete iritzia emateko aukera.
Lege proiektua argitaratu eta berehala, Mike Russell Eskoziako Konstituzio Harremanetarako ministroak adierazi du gobernuaren lehentasuna «pandemiari aurre egitea eta herrialdea seguru egotea» izango dela; izan ere, SNPk kritikak jaso ditu oposiziotik galdeketari buruzko testua argitaratzeagatik, egungo «lehentasuna koronabirusak izan behar» duela argudiatuta.
Toryen iritziz, «zentzurik gabeko hutsegite bat da», eta, liberal-demokraten ustetan, testua «zakarrontzira bota beharrekoa» da. Eskoziako Alderdi Berdeak, berriz, adierazi du bozei begirako programan txertatuko dutela hori babestea. Itxura guztien arabera, parlamentuak lege proiektu hori onartuko balu, auzitara eramango lukete.
Datorren maiatzaren 6an egingo dituzte hauteskundeak eta, inkesten arabera, SNPk gehiengo osoa jasoko luke, gutxigatik bada ere; independentisten kopuruak gora egingo luke ekologistek ere ordezkari gehiago izango lituzketelako.