Sturgeonek ez zuen urratu Ministroen Kodea, ikerketa baten arabera

Eskoziako Gobernuak azterketa independentearen ondorioak argitaratu ditu. Kontserbadoreek konfiantza mozioa aurreratzea erabaki dute: gaur bozkatuko dute, baina ez du arrakastarik izango

WILL OLIVER / EFE.
ander perez zala
2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak lasaitua hartu du, James Hamilton ikertzaile independenteak ondorioztatu baitu agintariak ez zuela urratu Ministroen Kodea Alex Salmond gobernuburu ohiaren kontrako sexu-eraso salaketen auzian izandako jarreragatik.

Hamiltonen ondorioak erabakigarriak dira Eskoziako independentismoaren etorkizunarentzat, alde batera edo bestera egiteak eragin nabarmena izango baitzuen bigarren independentzia erreferenduma egiteko asmoan eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren hauteskundeetako arrakastan. Hala, krisi politiko erraldoi bilakatu beharrean, beste bide bat hartuko du eztabaidak, eta Sturgeonen alderdiak kezka pisutsurik gabe egingo dio aurre maiatzaren 6ko bozen kanpainari.

Eskoziako lehen ministroa pozik agertu zen atzo ikerketaren ondorioekin, eta oposizioko alderdiei eskatu zien horiek errespetatzeko: «Frogetan oinarriturikoak dira, eta eztabaidarik gabekoak. Ofizialak eta behin betikoak ere bai. Prozesuan zintzotasunez aritu naiz, argi bainuen ez nuela urratu Ministroen Kodea». Ikerketa independentearen helburua zen argitzea Eskoziako lehen ministroak nola jardun zuen Salmonden kontrako sexu-eraso salaketen kudeaketan.

Sturgeonek hainbatetan esan du agintari ohiarekin 2018ko apirilaren 2an izandako bilkura SNPko buruzagi gisara izan zuela, eta ez Eskoziako gobernuburu gisa; horretan zegoen eztabaida, Ministroen Kodearen arabera grabatu egin behar baitira «kanpoko norbanakoekin» izandako hitzorduak, norekin biltzen den eta zertaz hitz egiten den jakinaraztearekin batera.

Egoera gehiago zaildu zen Sturgeonek bilera horren eta beste hainbaten berri bi hilabete geroago eman ziolako funtzionarioen buruzagiari, unean bertan egin beharrean, eta, horrekin batera, publiko egin baitzen Eskoziako Parlamentuko diputatuei 2018ko martxoaren 29ko bilera aipatzea ahaztu zitzaiola.

2018ko apirileko hitzorduaz, Eskoziako lehen ministroak adierazi zuen uste zuela karguan haren aurrekoak bere dimisioaren berri emateko baliatuko zuela, baina Salmondek beti defendatu du «parte hartzaile guztiek aurrez» bazekitela bilkuraren arrazoia zein zen: hau da, haren kontrako sexu-eraso salaketez aritzea. Eskoziako gobernuburu izandakoak horri tiraka argudiatu du Sturgeonek gezurra esan zuela, eta, hortaz, Ministroen Kodea urratu zuela. Galderak sortu ziren bidean: zer zekien lehen ministroak auziaz, eta noiztik?

Ikerlari independentearen arabera, hitzorduak gobernuaren auzi bat lantzeko izan ziren, ez alderdiaren auzi bat lantzeko, baina ados agertu da lehen ministroarekin horiek grabatzeak eragina izango zukeela konfidentzialtasunean eta prozesuak aurreiritzirik gabekoak izateko helburuan.

Hamiltonen lana Eskoziako lehen ministroak berak eskatu zuen, 2019ko urtarrilean, auzitegien ebazpen baten ostean gobernuak aitortu baitzuen Salmonden kontrako sexu-eraso salaketen barne ikerketa legez kanpokoa izan zela. Orduan izendatu zuten Hamilton aholkulari berezi —kargu bera eman zion Galesko Gobernuak—, eta, bi urteko lanaren ostean, Irlandako Errepublikako Fiskaltzaren buruzagi izandakoak ebatzi du ez zela kodearen urraketarik izan.

Zenbait kritika tartean

Ikerlariak dio Sturgeonek ez zuela «gertakarien narratiba osoa eman», baina hori ez zela berariazkoa izan, «froga guztiak biltzeko hutsegite bat» baizik. Ministroen Kodea ez errespetatzeko, balizko gezurrak edo urraketak «nahita egindakoak» izan behar dira.

Errugabea dela ebatzi duen arren, Hamiltonek argi utzi du Eskoziako lehen ministroaren eta gobernuaren kudeaketa ez dela egokia izan. Dena den, atzoko ondorioak jakinda, Eskoziako Alderdi Kontserbadoreak aurkeztuko duen konfiantza mozioak ez du arrakastarik izango, Sturgeonek Eskoziako Alderdi Berdearen babesa jasoko baitu; berez, bihar ziren bozkatzekoak, baina azkenean gaur egingo dute, azken orduko aldaketarik ezean.

Egun berean, parlamentuko ikerketa batzordeak auzi berari buruzko bere ondorioen txostena argitaratuko du, baina Erresuma Batuko hedabideek iragan astean filtratu zuten horren edukia: diputatuek ondorioztatu dute Sturgeonek parlamentua «engainatu» zuela, baina ez dute zehaztu Ministroen Kodea urratu ote zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.