Erresuma Batuko Gobernuak bertan behera utzi du Eskoziako Parlamentuak onartutako trans lege proiektua, eta berehala erreakzionatu du Eskoziako Gobernuak. Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak erabakia gaitzetsi du, eta adierazi Londresek «ez zuela arrazoirik» lege proiektua bertan behera uzteko. «Demokratikoki aukeratutako Eskoziako Parlamentuari dagozkion alorretan erabakiak hartzeko daukan gaitasunari egindako eraso bat da hau», salatu du Sturgeonek. Gaineratu du «litekeena» dela auzitegietara jotzea, Londresek hartutako erabakia salatzera.
Izan ere, Charles III.a Erresuma Batuko erregearen sinadura behar du lege proiektu orok lege bihurtzeko —Royal Assent deitzen diote erregearen onespen sinbolikoari—, eta Rishi Sunak lehen ministroak gidatutako gobernuak Eskozia Legeko 35. sekzioa erabili du hori eragozteko. Horren bidez, Erresuma Batuko Gobernuak lege proiektu bat lege bihurtzeko prozesua bertan behera utzi dezake, Downing Streeten eskumenei eragiten badie. Horrela, Londresek bertan behera utzi du, gaur, Eskoziako trans lege proiektua lege bihurtzeko prozesua.
«Egun historiko bat da berdintasunarentzat». Horrela definitu zuen Sturgeonek abenduaren 22a. Izan ere, hark zuzendutako gobernuak bultzatutako trans lege proiektua egun horretan onartu zuen Eskoziako Parlamentuak. SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak, Alderdi Laboristak, Berdeek eta Eskoziako Liberal Demokratak alderdiak babestuta onartu zuten lege proiektua, baina harrabotsa handia izan zen. 150 emendakin baino gehiago izan zituen lege proiektuak, bi egun oso igaro zituzten eztabaidatzen eta SNPko zenbait kidek ez zuten babestu. Hala ere, lege proiektua onartu zuten. «Pauso garrantzitsu bat da Eskozia parekideago bat eraikitzeko», esan zuen Shona Robison Eskoziako Justizia Sozialeko ministroak.
Lege proiektuak 16 urtera murrizten zuen administrazioari genero esleipenaren aldaketa eskatzeko gutxieneko adina —orain arte gutxienez 18 urte izan behar ziren eskaria egiteko—, eta atzera botatzen zuen mediku txosten bat aurkezteko beharra. Izan ere, orain arte «genero disforiaren diagnosi psikiatriko bat» aurkeztu behar zioten administrazio publikoari, eta lege proiektuak bertan behera uzten zuen «diagnosi hori» aurkezteko beharra. Gainera, orain arte bi urte pasa behar zituzten transek «hausnartzen» genero esleipenaren aldaketa eskatu arte. Lege proiektuarekin, hiru hilabetera murrizten zen epea 18 urtetik gorakoentzat, eta seira 16 eta 17 urtekoentzat.
«Eragin kaltegarriak»
Lege proiektu hori, baina, blokeatu egin du Londresek. Alister Jack Erresuma Batuko Gobernuko Eskoziarako ministroak gaur adierazi du bere gobernuak Eskozia Legeko 35. sekzioa erabili duela Eskoziako trans lege proiektuak, lege bilakatuko balitz, «eragin kaltegarriak» izango lituzkeelako emakumeengan eta haurrengan, eta «bi onarpen erregimen desberdin» ezarriko lituzkeelako «Erresuma Batuaren barruan».
Komunen Ganberan gaur egin duen mintzaldian, Jackek nabarmendu du Eskoziako trans lege proiektua «gatazkan» sartuko litzatekeela 2010ean onartutako Erresuma Batuko Berdintasun Legearekin. Gainera, eragina izango lukeela «sexu bakarreko klub, antolakunde eta eskoletan», baita «soldata parekideen babesean» ere. «Legeak emakumeengan eta haurrengan izango lukeen eraginarekin hainbat herritarrek eta taldek erakutsitako kezka» aintzat hartu duela ere esan du Erresuma Batuko Gobernuko Eskoziarako ministroak.
«Legezko sexua aldatzeko prozesuan dauden transek gure errespetua, babesa eta ulermena merezi dute», adierazi du Jackek.
Sturgeonek, ordea, argudiatu du Eskoziako trans lege proiektuak ez liokeela eragingo Erresuma Batuko Berdintasun Legeari. SNPko diputatu Philippa Whitfordek bat egin du Sturgeonekin, eta azaldu du badirela Erresuma Batuaren eta Eskoziaren artean legezko zenbait desberdintasun. Esaterako, Eskozian bozkatzeko 16 urte izan behar dira gutxienez, eta Erresuma Batuan 18. «Londresen betoak azpimarratzen du deszentralizazioa kontzeptu hutsal bat dela», esan du. Gaineratu du Sunaken gobernuak «gudu bat» abiatu duela Eskoziako Parlamentuaren aurka, eta salatu du horretarako «gizarteko talde zapalduenetako bat» aukeratu duela.
Maggie Chapman Berdeak alderdiko Berdintasunerako bozeramaileak ere gaitzetsi egin du Sunaken gobernuak hartutako erabakia, eta nabarmendu gaurkoa «egun beltz bat» izan dela «transen eskubideentzat, demokraziarentzat eta [eskumenen] deszentralizaziorako akordioarentzat».
Eskoziako Parlamentuaren autonomia arautu zuen 1998ko Eskozia Legeak, eta lege hartako 35. sekzioa erabili duten lehen aldia izan da oraingoa. Sturgeonek gaur adierazi du sekzio hori erabili izanak «aldapa oso irristakor bat» sortu duela, eta aurrekari bat izan daitekeela aurrerantzean Eskoziako Parlamentuak onar litzakeen lege proiektuak bertan behera uzteko.
Jackek adierazi du hartutako erabakia «beharrezkoa» zela, eta «prozedura zuzena» erabili dutela. «Ez dugu erabakia arinkeriaz hartu», nabarmendu du Jackek.