ERRESUMA BATUA. Hauteskunde orokorrak (eta V). Emaitzak

Sturgeon: «Erreferenduma egiteko asmoak eragina izan du gure emaitzetan»

SNPk 35 diputatu lortu ditu Eskozian, 2015ean baino 21 gutxiago. Kontserbadoreek gorakada izan dute; beste hamabi lortu dituzte

ROBERT PERRY / EFE.
ander perez zala
2017ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak hauteskundeetarako deia egin zuenean, Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak berehala lotu zuen herenegungo hitzordua bigarren independentzia erreferenduma adosteko babesarekin. Ordea, jokaldia ez zaio espero bezala atera: 2015ean lortutako 56 eserlekuetatik 21 galdu ditu SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak (botoen %36,9), gehienbat Alderdi Kontserbadorearen mesedetarako (%28,6). Hala, argi geratu daSNPren boto emaile askok bereizten dituztela independentziari buruz duten iritzia eta alderdiari buruz dutena: «Bigarren independentzia erreferenduma egiteko planak eragina izan du gure emaitzetan. Geldialdi bat egiteko garaia da. Gure boto emaileak entzungo ditugu», aitortu du Sturgeonek. SNPk indartsu jarraitzen du, baina ez nahi bezala.

Galdutako 21 barrutitatik bi nabarmendu dira, kolpe politiko eta sinbolikoak izan baitira. Batetik, Gordonekoa (Eskozia ipar-ekialdean), Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohia eta 2014ko galdeketaren bultzatzailea bertan aurkeztu baita berriz, baina, denen ezusterako, kontserbadoreen esku geratu da —Salmond 30 urtez izan da diputatu—. Bestetik, Moray barrutia (ipar-ekialdean), hori ere kontserbadoreen esku geratu dena, Angus Robertson Westminsterrerako SNPren bozeramailearen garaipena espero baitzen bertan. Denera, hamahiru puntu galdu ditu alderdiak, baina Komunen Ganberako hirugarren indar politiko izaten jarraituko du 35 ordezkarirekin —Erresuma Batuko botoen %3 lortu ditu—, kontserbadoreen eta laboristen atzetik.

Hain justu, galdutako boto horien gehiengoa Alderdi Kontserbadorera joan da, sekulako gorakada izan baitu Eskozian. SNPren hamabi barrutitan irabazi du, eta hamahiru erdietsi ditu orotara; duela bi urte bakarra lortu zuen. Garapen horren arrazoia Ruth Davidson izan da, kontserbadoreen burua Eskozian, brexit-aren eta bigarren independentzia erreferendumaren aurkakoa eta komunikatzaile ezin hobea; politikan etorkizun handia du, eta Mayren ondorengotzat dute Alderdi Kontserbadoreko buru gisa. Hark ere galdeketan jarri du arreta emaitzak azaltzerakoan: «Sturgeonen partetik gaizki kalkulatutako mugimendua izan zen».

Laboristak, hobeto

Galdeketa egiteko asmoaz gain, Sturgeonen ustez boto taktikoak eta Jeremy Corbyn laboristaren aldeko botoek izan dute eragina SNPren emaitzetan. Eskozia Alderdi Laboristaren gotorlekua izan zen 2015era arte, soilik diputatu batekin geratu zen arte — orduan 40 zituen, eta SNPk denak ebatsi zizkion—. Oraingoan, Corbynen kanpainak fruituak eman ditu, eta zazpi diputatu berreskuratu ditu (%27,1), SNPren kalterako. Kezia Dugdalle Eskoziako laboristen buruarentzat, emaitzek frogatzen dute alderdia «itzuli» egin dela.

Ordezkaritza lortu duten azkenak liberal-demokratak izan dira. Kontserbadoreek eta laboristek bezala, horiek ere diputatu kopurua handitzea lortu dute (%6,8). Duela bi urte baino boto pixka bat gutxiago erdietsi arren, lau barrutitan izan dira garaile, 2015ekoan eta SNPren esku zeuden hirutan. Hala, Eskoziatik lau diputatu bidaliko dituzte parlamentura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.