Starmer aukeratuta, beste norabide baten aldeko apustua egin dute laboristek

Corbynen buruzagiorde izandakoak jaso du babes gehien Erresuma Batuko oposizioko alderdiaren primarioetan: botoen %56. Oposizio «eraikitzailea» egingo du

Keir Starmer, iragan irailean, Alderdi Laboristaren konferentzian. ANDY RAIN / EFE.
ander perez zala
2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Ia mende batean izandako hauteskunde porrotik handienaren ostean, Alderdi Laboristako militanteek beste norabide baten aldeko apustua egin dute. Jeremy Corbynen bost urteko agintaldia amaituta, haren buruzagiorde izandako Keir Starmer aukeratu dute alderdia berrosatu eta haren geroa bideratzeko. Giza eskubideen aldeko abokatua da; Erresuma Batuko Fiskaltza gidatu zuen 2008tik 2013ra, eta iragan legealdian brexit-aren auziaz arduratu zen oposizioan. Corbyn ez bezala, Starmer europazale sutsua da, eta haren presioen ondorioz hartu zuen alderdiak bigarren erreferenduma defendatzearen aldeko jarrera.

Laboristen buruzagi berriak Corbynen mezu eta programa ezkertiarrei eusteko asmoa iragarri zuen primarioen kanpainan, baina aldaketaren profila saltzeaz ere arduratu zen, agintari moderatuagoa izango delakoan. Oreka hori lortuko zuela frogatzea zuen asmo datozen hilabeteetan, baina koronabirusaren harira sorturiko osasun krisiak erabat aldatu du paisaia politikoa, eta bere agintaldiko lehen pausoak krisi horri aurre egiteko estrategian eman beharko ditu; atzo, garaipenaren berri izan eta berehala, Starmerrek jarrera «eraikitzailea» izango duela erantzun zion Boris Johnson lehen ministroari.

2017an boterea lortzearen atarian egon ostean, iragan abenduko bozetan hondoa jo zuen Alderdi Laboristak: bi milioi boto eta 60 diputatu galdu zituen, eta Johnsonen Alderdi Kontserbadoreak 330.000 boto gehiago besterik ez zituen jaso; laboristen beherakadak, ordea, modua eman zion gehiengoa osoa eskuratzeko Komunen Ganberan. Orduan eman zuen dimisioa Corbynek.

Buruzagi hautatuak garai berri bat iragarri du alderdiarentzat: «Alderdi hau aro berri batera gidatuko dut, konfiantzaz eta itxaropen handiz. Garaia iristen denean, alderdiak berriz zerbitzatuko du herrialdea gobernutik». Laboristek hamar urte daramate oposizioan, 2010eko hauteskundeetatik, eta, oraingo legealdia bere osotasunean beteko balitz, gutxienez 2024ko maiatzera arte egongo lirateke boterera itzuli gabe, hamalau urte luze. Horixe izango da, hain justu, buruzagi berriaren zereginetako bat.

Hasiera-hasieratik, Starmer zen laboristen buruzagitzara iristeko faboritoa. Lehiakide nagusia Rebecca Long-Bailey izan du, askorentzat Corbynen estiloarekiko eta ideiekiko fidelena izango zen hautagaia; boto emaileek, ordea, profil moderatuago baten aldeko apustua egin dute, eta Long-Baileyk botoen %27,6 besterik ez ditu lortu. Starmer aise gailendu zaio lehen bozketan, botoen %56 jasota.

Barne lehia hori errealitate baten isla izan da. Brexit-aren prozesuak agerian utzi du laboristek bi arima dituztela, eta Starmer jakitun dago bien arteko adostasuna eta oreka lortu beharko duela datozen urteetan: Corbynen agintaldiaren ostean, alderdiaren militantziaren gehiengoak jarrera ezkertiarragoa du, baina, aldi berean, europazaleen pisua nabarmena da. Eta laboristen buruzagitzako postuetan aurreko buruzagiaren aldekoek jarraituko dute.

Halere, Starmerrentzat dinamika hori ez da batere ezezaguna, eta horregatik adierazi die karguan haren aurretik zegoenaren jarraitzaileei austeritatearen aurkako eta nazionalizazioen aldeko borrokari eutsiko diola.

Laboristen militanteek alderdiaren buruzagiordea ere aukeratu dute: Angela Raynerrek jaso du boto gehien, Corbynen agintaldian Hezkuntza gaiez arduratu zen diputatuak. Hiru bozketa egin behar izan dituzte kargudun hori aukeratzeko.

Osasun krisia

Hori bai, azken urteotan Erresuma Batua Europako Batasunetik ateratzeko prozesua gainbegiratzeaz arduratu den arren, Starmerren lehen helburua izango da erabakitzea osasun krisiari nola aurre egin oposiziotik. Lehen ministroari babesa adierazi zion atzo, koronabirusaren aurkako borrokan, baina, aldi berean, ohartarazi zion oposizioko lana egiten jarraituko dutela: «Proposamenak eta neurriak aztertuko ditugu, eta, akatsak, huts egiten duen gobernu bat edota azkar hartu gabeko erabakiak ikusten ditugunean, horiek salatuko ditugu. Gobernuak duen helburu berarekin: bizitzak salbatzea eta gure herrialdea babestea».

Osasun Ministerioaren arabera, atzorako 4.313 lagun hil ziren koronabirusagatik. 183.190ri egin diete proba, eta horietatik 41.903k eman dute positibo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.