Sri Lankako protesta kanpaleku nagusia indarrez desegin dute

Presidenteak 72 orduko epea emana zuen, baina segurtasun indarrak denbora amaitu aurretik agertu dira

2022ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
KOLONBO. Sri Lankako segurtasun indarrek atzo goizaldean desegin zuten manifestariek Kolonbo hirian zuten protesta kanpaleku nagusia. Ranil Wickremesinghe presidenteak 72 orduko epea emana zuen oposizioko kideen kanpaleku hori hustu eta estatuburuaren idazkariaren jauregitik joateko, eta haiek agindua betetzeko konpromisoa hartua zuten. Baina Polizia eta militarrak lehenago agertu ziren gunera, eta indarrez sakabanatu zituzten manifestariak, baita bederatzi lagun atxilotu ere.

Manifestarien arabera, segurtasun indarrek hainbat orduz izan zituzten kanpalekuan itxita, eta kolpeka oldartu zitzaizkien handik irteten ahalegindu zirenei. Oposizioak gogor salatu zuen erasoa, baita Sri Lankako mugimendu zibilek ere.

Kolonboko gune horretan hasi ziren gerora erbestera ihes egin zuen Gotabaya Rajapaksa presidente ohiaren aurkako protestak. Herrialdea krisi ekonomiko zailean dago, inflazioa %54 da, eta herritarren bi herenek zailtasunak dituzte elikatzeko; Sri Lanka ordainketa etenduran sartu zen iragan apirilaren 12an.

Bien bitartean, gobernua osatzeko urratsak egiten dabiltza parlamentuan; atzo lehen ministro berriak egin zuen karguaren zina, Dinesh Gunawardenak. Rajapaksa presidente ohiaren kabineteko burua zen Gunawardena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.