Sri Lanka

Sri Lankako presidenteak herrialdetik ihes egin du, eta gobernuak larrialdi egoera ezarri du

Rajapaksa Maldivetan da, eta Singapurrera joan nahi du kargua utzi aurretik. Wickremesinghe lehen ministroa izendatu du jarduneko estatuburu, parlamentuko presidentearen arabera.

Manifestariak lehen ministroaren bulegoan, gaur, Kolonbon. CHAMILA KARUNARATHNE / EFE
ander perez zala
2022ko uztailaren 13a
11:48
Entzun

Azkenean, bai, Gotabaya Rajapaksa Sri Lankako presidenteak herrialdetik ihes egin du, Maldivetara. Dimisioa ematekoa da —hori egin arte immunitatea du—, eta badirudi asmo horri eutsiko diola; ordezkoa ere aukeratu du, Ranil Wickremesinghe lehen ministroa izendatu baitu jarduneko estatuburu, Mahinda Yapa Abeywardene parlamentuko presidenteak jakinarazi duenez. Horren aurretik, gobernuak esan du larrialdi egoera eta etxeratze agindua ezarri dituela.

Sri Lanka egoera oso zailean dago. 1948an independentzia eskuratu zuenetik izandako krisi ekonomikorik larriena pairatzen ari dira, eta manifestariek ustelkeria egozten diote Rajapaksari, baita kudeaketa eskasa egitea eta herrialdea porrotera eramatea ere.

Horren adibide da Sri Lanka ordainketa etenduran sartu zela iragan apirilaren 12an, eta ez duela dirurik erregaiak eta elikagaiak inportatzeko —horien eskasia dute, besteak beste—. Zehazki, inflazioa %54 da, elikagaien prezioa bost aldiz handitu da, eta horrek esan nahi du herritarren bi herenek zailtasunak dituztela elikatzeko. NDF Nazioarteko Diru Funtsak erreskatatua izan zain dago gobernua —gutxienez 5.900 milioi euro behar ditu—, baina, horretarako, erakundeak eskatu dio erreformak egin ditzala.

Testuinguru horretan, hilabeteotako protestak etenik gabeak izan dira, eta badirudi datozen asteetan ere jarraituko dutela. Iragan larunbatean, milaka herritarrek Rajapaksaren eta Wickremesingheren etxeak eta presidentetzaren egoitza hartu zituzten, eta politikari horiek agintea utzi arte ez dute amore emango, azaldu zutenez.

Hori berretsi dute gaur, lehen ministroa jarduneko presidente izango dela jakin dutenean, Al-Jazeera telebista katearen arabera; hain justu, manifestariek gobernuburuaren bulegoan sartzea lortu dute gaur —gutxienez 30 lagun zauritu dira protesta horretan, NewsWire albiste agentziaren arabera—, eta haren dimisioa exijitu dute.

Herri Batuaren Indarra oposizioko alderdi nagusiaren buruzagi Sajith Premadasak, berriz, «tragediatzat» deskribatu du Wickremesinghe jarduneko presidente bilakatu izana. «Aulki bat duen diputatu bat lehen ministro izendatzen dute. Orain pertsona hori jarduneko presidente izendatzen dute. Hau da Rajapaksaren demokrazia estiloa. A zer-nolako iruzurra», adierazi du Twitter sare sozialera igotako mezu batean.

Wickremesinghek , haren bulegoan gertatu zenaren berri izan ondoren, segurtasun indarrei agindu die «beharrezkoa den guztia» egitea «ordena berriz ezartzeko». Agintariak zera esan du asteotako egoeraz, telebistan egindako agerraldi batean: «Ezin dugu gure konstituzioa txikitu. Ezin dugu utzi faxistek agintea har dezaten. Amaitu egin behar dugu demokrazia jasaten ari den mehatxu faxista hau».

Eta, «ordena eta zuzenbidea berriz ezartzeko», gobernuburuak jakinarazi du batzorde bat eratu duela; indar armatuen hiru komandantek eta Kamal Gunaratne Defentsa ministroak osatzen dute.

Gobernu berria osatu nahian

Lehen ministroak esana du kargua utziko duela «gobernu inklusibo bat» osatu ondoren. Indar politikoek kontzentrazio gobernu bat osatzea planteatu dute, baina manifestariek ez dute nahi Rajapaksa familiak kontrolpean duen alderdiak lantalde horretan parte hartzea. Berez, parlamentua datorren asteazkenean da herrialdeko estatuburu berria aukeratzekoa, eta presidentetzarako bozak 2023ko martxorako daude iragarrita.

Rajapaksaren kasuan, haren kontrako protestariek eta ekintzaileek nahi dute ustelkeriagatik eta beste hainbat kargurengatik auzipetzea, baina, Maldivetan egonda, badirudi hori lortzea zaila izango dela. Oraindik ere Sri Lankako presidente denak haren emaztearekin eta segurtasun taldeko bi kiderekin batera egin du ihes herrialde horretara, militarrek azaldu dutenez.

Hori bai, badirudi estatuburuak ez duela Maldivetan geratzeko asmorik, eta, horren ordez, Singapurrera joan nahi duela, Reuters albiste agentziak adierazi duenez. Hortaz, hara iristean emango luke dimisioaren berri —espero du hori gaur egitea—; herenegun Dubairako hegazkin batera igotzen saiatu zen, baina aireportuko OPI eremuko funtzionarioek ez zioten zigilatu pasaportea, The Guardian egunkariaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.