Sozialismoa edo heriotza

Hugo Chavez minbiziaren aurka borrokan ari dela ospatu dute venezuelarrek independentziaren bigarren mendeurrenaPresidentearen gaixotasuna baliatu nahi du oposizioak, 2012ko hauteskundeei begira

Caracas
2011ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Venezuelara astelehenean itzuli zen Hugo Chavez presidentea, Hego Amerikako herri horren independentziaren 200. urteurrenarekin. Ospakizunak atzo egin zituzten, uztailaren 5ean. Aurreko egunean, halako kasuetan ohikoa duenez, Miraflores jauregiko balkoi presidentzialera atera zen Chavez herritarren aurrean hitz egitera. Milaka velezuelatar zituen adi-adi zain, eta minbiziaren aurkako borroka oraindik ez duela irabazi esan zien: «Denon artean biziko gara, denon artean irabaziko dugu borroka hau;biziagatik, aberriagatik, iraultzagatik». Bere egoera pertsonala eta egoera politiko orokorra berariaz nahasi zituen. Chavezek badaki hori egiten.

Arlo praktikoan ezer gutxi aldatu da, Chavezek berak onartu zuenez «oraindik» minbiziaren aurka borrokan ari delako, baina zentzu sinbolikoak badu bere itzulera: Hugo Chavez bizirik dago, eta, horren ondorioz, berak ordezkatzen duen iraultza bolivartarrak aurrera jarraitzen du.

Hala ere, bere osasun egoera ez dela bete-betekoa argi utzi zuen Venezuelako presidenteak, independentziaren bigarren mendeurreneko ekitaldietan ez zela izango iradoki baitzuen: «Ez dut uste ekitaldi ofizialetan zuekin izango naizenik, baina nire aginte postuan jarraitzen dut».

Ordu erdi eskaseko adierazpena egin zuen Chavezek, eta Venezuelara itzuli izana ospatu arren –«ondo nago, pozik nago»–, oraindik tratamenduan jarraitzen duela nabarmendu zuen: «Iragan egunak ez dira errazak izan. Inork ez dezala pentsa hemen nagoelako borroka irabazi dugunik, baina aldapa gora hasi gara».

Tentsiorako 26 egun

Chavez 26 egunean Venezuelatik kanpo egoteak alarmak piztu zituen herrialdean, eta, denbora aurrera zihoan heinean, zurrumurruak bolo-bolo zebiltzan. Ekainaren 24an, Venezuelako Atzerri ministro Nicolas Madurorok esan zuenean Chavez «[bere] bizitzaren aldeko borrokan» ari zela, inoiz pentsatu gabeko agertokiak posibletzat jo ziren Caracasko berriketa-lekuetan; tartean, presidentea berehala itzuliko zela eta baita hila zela ere esan zuten.

Egoeraren benetako larritasuna argi geratu zen bost egun geroago, Caracasen egin beharrekoa zen Karibeko eta Latinoamerikako CELACeko goi bilera bertan behera geratu zenean.

Egoera horrek izango zituen ondorio politikoak ere pil-pilean zeuden. Chavismoaren aldetik, Habanatik agintzea edo boterea beste norbaiten esku uztea zeuden aukeren artean. Oposizioak, aldiz, boterea eskuz aldatzea nahi zuen lehenbailehen, gobernuan Chavez ez den beste inork herritarraren konfiantzarik ez duela aprobetxatuz, 2012ko abenduko hauteskundeetara aukera gehiagorekin iristeko nahian. Baina, horretaz gain, kalean ere muturreko neurriak entzun ziren; tartean, hauteskundeak aurreratzea edo desegonkortasuna, zeina iraganean maiz bizi izan duten.

Uztailaren 1ean, Chavez presidenteak berak minbizia duela adierazi zuen, eta zurrumurruek sortutako agertoki birtualak benetako hipotesi bihurtu ziren.

Orain, zer?

Chavez Venezuelara itzuli izana garrantzitsua da, estatuari eta herriari gutxieneko normaltasuna ematen dien neurrian. Venezuelan egonda, «denbora bateko faltaren» eta «falta osoaren» arriskua saihestu egin du Chavezek. Baina tratamendu mediko «zorrotza» dela-etanoizbehinkaKubara joan beharko duelakoan daude politika analistak, hau da, oraindik Chavez «agintaria» ez da itzuli, Chavez «gaixoa» baizik.

Aurten Venezuelak izan duen hazkunde ekonomikoak badu bere eragina egoera honetan. Horretarako, sektore guztiek egonkortasuna eskatu diete bai gobernuari, bai oposizioari, lehenengo hiru hilabeteetan lortutako %4,5eko hazkundea ez dezan gal Karibeko herriak.

Horregatik, egungo egoera horrela mantenduz gero, chavismoa bere babesleen artean ilusioa berpizten saiatzen arituko da, eta oposizioak bere 2012ko primarioak antolatzen jarraituko du. Normaltasuna.

«Irabazteko aukera du»

Jesse Chacon Venezuelako Barne ministro ohi eta GisXXI ikerketa soziologikoen fundazioko zuzendariaren ustez, «Chavez presidenteak herriarekiko lotura emozionala berreskuratu du egoera honi esker». Minbizia gainditzen badu, Chaconek dituen datuen arabera, «oso zaila» izango da oposizioarentzat Chavezi aurre egitea 2012ko hauteskundeetan: «Orain arte Chavezek mantendu egin du %50etik gorako onarpena inkesta guzti-guztietan, eta egoera berri honetan oso litekeena da indize horrek gora egitea».

Edonola ere, egoera «edozein momentutan» alda daitekeela gogorarazi du Venezuelako Barne ministro ohiak. Ikusgai baitago zer bilakaera duen minbiziaren kontrako borrokak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.