Dena dago airean Paraguain ekainaren 22az geroztik. Eskuineko alderdiek kargutik kendu zuten Fernando Lugo presidentea bi ganberetan egindako epaiketa politiko baten bitartez. Astebete lehenago, Curuguatyn gertatutako sarraskia erabili zuten aitzakiatzat «estatu kolpe parlamentarioa» emateko —bederatzi nekazari eta sei polizia hil ziren, eta oraindik argitzeko dago gertakaria—. Harrezkero Federico Franco da presidentea, baina nazioarteako potentzia gehienek ez diote zilegitasunik onartu, eta Unasur eta Mercosurrek kanporatu egin dute Paraguai. AEE Amerikako Estatuen Erakundeak, berriz, asteon denbora gehiago eskatu du gertatutakoa ikertu eta erabaki bat hartzeko; Europako Batasunak ere gauza bera egin du. Bitartean, herrialdearen etorkizun politiko eta ekonomikoak larritzen du gizartea Paraguain.
«Sorginen ehiza hasi da. Polarizazio handia dago herrialdean, eta eskuinak jazarpen ideologikoa hasi du», dio telefonoaren beste aldean Hugo Richerrek, Lugoren gobernuko Gizarte Ekintzako ministroak. Argi laga nahi du Paraguain gertatu dena «estatu kolpe instituzional bat» izan dela, eta Unasurren eta Mercosurren erabakiak halaxe berretsi duela. Paraguaiko 1992ko konstituzioak epaiketa politikoaren irudia aurreikusi arren, Lugoren kontrako prozesua inkonstituzionala izan da Richerren arabera: «AEEko idazkari nagusiak ere aitortu du presidentearen defentsarako eskubidea urratu zela. Lugoren kontrako epaiketa politikoa konspirazio prozesu luze baten ondorioa izan da».
Agintean 60 urte egin ostean, Colorado eskuineko alderdiak galdu egin zituen hauteskundeak 2008an. Paraguaiko ezkerreko lehen presidente bihurtu zen Lugo, baina ez zuen gehiengorik lortu parlamentuan, eta liberalekin sortu zuen gobernu koalizioa, Colorado alderdia oposizioan lagata. Lau urte ere bete ez dituen agintaldian 23 aldiz izan dira epaiketa politikoa egiteko saioak legebiltzarrean. «Lugo epaiketa politikotik babesten pasatu ditugu lau urte. Espero genuen liberalen traizioa, bagenekien aliatu batzuk konspiratzen ari zirela... baina ez genuen uste orain izango zenik, hauteskundeetarako bederatzi hilabete falta diren honetan».
Izan ere, 2013ko apirilerako aurreikusita zeuden presidentetzarako eta legebiltzarrerako bozak Paraguain. Bederatzi hilabete baino ez ziren falta Lugoren agintaldia amaitzeko. Bozak «airean» daudela uste du Richerrek. «Eskuinak estatu kolpe parlamentarioa zilegitzea lortzen ez badu eta indar progresistek bozak irabazteko aukera ezerezera gutxitzea lortzen ez badu, ez da bozik egongo. Kolpea orain jo izanak erakusten du eskuinak ez zuela ziurtasunik hauteskundeak irabazteko».
Rio Tinto Alcanen indarra
Asteotan gizarte mugimenduak egoera berrian nola jokatu aztertzen ari dira. «Erresistentzia borroka eta kontzientziazioa indartu nahi ditugu», azaldu dio BERRIA-ri Magui Balbuena Conamuri Emakume Langile, Nekazari eta Indigenen Erakundeen Koordinazio Nazionaleko bozeramaile eta Demokraziaren Defentsarako Fronteko kideak. «Guretzako jazarpen askoz ere sistematikoagoa hasten da orain. Sarekaden beldur gara».
Dagoeneko ehunka funtzionario kaleratu dituztela baieztatu dute bai Balbuenak eta bai Richerrek. «Ezkertiarrak erakundeetatik kanporatzeko plana dauka eskuinak. Pentsamendu faxista fundamentalistak ez du onartzen beste talde batzuekin boterea demokratikoki banatzea. Horregatik eman dute kolpea», Balbuenaren arabera.
Dena dela, kolpearen atzean mafia eta nekazaritza negozioa ikusten ditu. «Agintea hartu eta bi astera RTA Rio Tinto Alcan multinazionala Paraguaira ekartzea onartu du gobernuak, eta estatuak ordainduko dio gastuen zati bat, gainera. Gure herrialdearen kanpo zorra gainditzen du inbertsioak». Deigarria da Francoren gobernua onartu zuten lehen herrialdeen artean hain zuzen ere Kanada egotea —Vatikanoarekin eta Alemaniarekin batera—, konpainia kanadarra baita RTA, munduko bigarren aluminio galdatzaile handiena. Lugo RTA onartzearen kontra zegoen, baina eskuinak berehala itxi du tratua.
Era berean, Francok kotoi transgenikoa onartu du, eta datorren astean artoaren aldaketa genetikorako legea onartzekoak dira. «Paraguai txikia da, eta multinazionalez josita gaude. Komunitate txikiek ezingo diote hazi transgenikoari aurre egin, bertoko hazi naturalen kontrako mehatxu zuzena da», Conumariko eledunaren esanetan.
Egoeraren beltzean, ordea, Balbuenak badu esperantza non aurkitu: gizartean. «Jendea ez dago gustura gertatutakoarekin. Eskuineko alderdietako jarraitzaile asko alderditik ateratzen ari dira. Haserrea orokorra da, eskubideak urratu dizkietela sentitzen du jendeak». Gizarte mugimenduek kolpearen kontrako protesta nazionala antolatu dute abuztuaren 15erako Asuncionen. Egun sinbolikoa da: Lugoren kargu hartzearen laugarren urteurrena beteko da, eta Francoren gobernukideek egun berean zin egingo dituzte karguak.
Gizarte mugimenduek ez dute Lugo mitifikatu nahi, baina haren lana aitortu nahi dutela dio Balbuenak. «Akats ugari ditu Lugok, baina badakigu zaila dela lau urtetan aurrerapauso handiak ematea; bereziki, eskuinarekin batera gobernatuta. Dena den, herritarren parte hartzearen hasiera interesgarria jarri du martxan. Estatutik bertatik bestelako gizarte eredu bat planteatzen hasi zen, gizarte eredu partehartzaileagoa bat».
Nazioartearen jarrera
Estatu egitura osoaz jabetu arren, Franco nazioartean bakarrik geratu dela azpimarratu du Richer ministro ohiak. «Isolatuta dago. Nazioartean ez dio ia inork zilegitasunik aitortu. Erabakirik egon ez arren, AEEren idazkariaren txostenak ere bide horretan sakontzen du». Balbuenak, baina, ez du itxaropenik AEErengan: «Normalean AEBetako inperialismoari men egiten dio».
Dena dela, Unasurrek eta Mercosurrek Paraguai kanporatu izana nabarmendu ditu Richerrek. Brasilen eta Argentinaren artean kokatuta egonda, Asuncionen pisurik handiena duten erakundeak dira biak, eta horien erabakiek ondorio politiko eta ekomikoak dituzte herrialdean. Batetik, «herrialde horiek Franco ez onartzeak ezinezko egingo du hark 2013ko bozetara arteko prozesua gidatzea. Ezin da demokrazia eraiki gobernu kolpista batekin». Bestetik, «aitorpen politikorik ezak zuzenean kaltetuko du ekonomia, zoritxarrez»; harreman komertzialen %55 Brasilekin ditu Paraguaik, eta %30 inguru Argentinarekin. «Halere, Lugok argi esan du ez dituela Paraguairen kontrako zigorrak hauspotu nahi —gogorarazi du Richerrek—, herria ez kaltetzeko».
Bien bitartean, Lugo kargutik kentzeko ustezko arrazoiak, Curuguatyko sarraskiak, argitu barik segitzen du. Bertsio ofizialaren arabera, nekazari talde batek indarrez hartu zuen etxalde bat Curuguatyn, eta Poliziarekin tiroketa izen zen gero. Halere, sarraskia frankotiratzaile batzuen kontua izan zela uste du Richerrek: «Krisi politiko handi asko oinarritu dira sarraskietan, eta normalean frankotiratzaileak agertu izan dira atzean. Gertakari bat, egoera bat, sortu zuten, ondoren epaiketa politikoa justifikatzeko». Lugok ikerketa batzorde bat sortu zuen gertatutakoa argitzeko. «Francok onartu duen lehen dekretua hain zuzen ere batzorde hori ezabatzeko izan da».
Sorginen ehiza Paraguain
Fernando Lugo presidentea kanporatu zuenetik eskuinak «jazarpen ideologikoa» hasi duela salatu du Richer ministro ohiakAEEk denbora eskatu du asteon epaiketa politikoa aztertu eta erabaki bat hartzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu