Somalian gutxienez 29 lagun hil dituzte egoitza ofizialen aurkako atentatuetan

Hargeisa hirian NBEren eta Gobernuaren etxeei eta Etiopiako enbaxadari eraso diete, eta Bosasso hirian zerbitzu sekretuei

2008ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Bonba autoz egindako bost eraso suizidetan 29 lagun hil zituzten atzo gutxienez, Somaliako iparraldean, Hargeisa eta Bosasso hirietan. NBE Nazio Batuen Erakundearen Garapenerako egitasmoaren egoitza, Gobernu eraikuntza eta Etiopiako enbaxada leherrarazi zituzten Hargeisan eginiko hiru atentatuetan, eta Bosasson zerbitzu sekretuen egoitzaren aurkako bi atentatu egin zituzten. Ohi denez, eraso suizida egin zuten bost ekintzaileak ere zendu ziren. Bosasso eskualdeko presidente Mohamed Musa Hirsi Adderen hitzetan, talde berak antolatu zituen eraso denak ere, ordu berean -Somalian 10:00ak zirenean- egin zituztelako. Nolanahi ere, inork ez zuen bere gain hartu atentatuen erantzukizuna.

Etiopiako enbaxadan izan zen biktima gehien, ekintzaile suizidak lehergailuz hornituriko autoarekin eraikuntza jo ondoren egoitza behera etorri zelako. Horrez gain, NBEren Somaliako eledun Adam Rogersek adierazi zuen gutxienez bi hildako izan zirela bere egoitzaren aurka eginiko atentatu suizidan, baina hondamendian bilaketa lanak aurrera egitearekin batera biktima kopurua handitzeko arriskua zegoela jakinarazi zuen. Putlandia eskualdeko zerbitzu sekretuen egoitzan, Bosasso hirian, sei agente hil zituzten, era berean.

Bestalde, ehun zauritu inguru ere eragin zituzten eraso suizidek, Somalilandia eta Putlandia eskualdeko agintarien esanetan. Somalilandiako presidente -independentzia aldarrikatu zuen lurralde hark, nazioarteak aitortu ez arren- Dahir Riyale Kahinek adierazi zuen Gobernua gertu dagoela herria defendatzeko, eta atentatuekin zerikusia zutelakoan bost lagun atxilotu zituzten.

Somalian azkenaldian gertatutako hilketa odoltsuenak dira atzokoak, eta hegoaldeko gatazkatik hein batean salbu zegoen iparraldea asaldatu dute, gainera.

Somaliako etorkizuna hizpide

Bestalde, erasoaldiak erabat baldintzatu zuen Nairobin (Kenya) Afrikako agintariek eginiko goi bilkura. Somaliako geroa zuten aztergai, eta trantsizio gobernuaren ekimenari laguntzea.

Al Shabaab talde armatu islamistak herrialdean dagoen gatazka amaitzeko negoziazioak egitea arbuiatu du, Etiopiako tropek Somalia uzten ez duten bitartean. Hango gobernuak Somaliakoari laguntza eman dio ekintzaileen aurka. Talde islamistak 35 urteko emakumea adulterioagatik harrika hiltzea sustatu zuen asteon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.