Ukrainako inbasioa eta horren inguruan EB Europako Batasunak hartutako jarrera direla-eta, hauspotu egin da talde komunitarioa gatazka armatu batean sartzeko zorian egon daitekeen pertzepzioa. Bruselak gastu militarra handitzea erabaki du, eta Europako Batzordeak berriki, herritarrei zuzenduta, larrialdietarako gida bat prestatu du, gerraren bat izango balitz ere. Bada, balizko jokaleku horri aurre egiteko, derrigorrezko zerbitzu militarra berrezartzeko asmoa iragarri dute hainbat estatu kidek, bestela Europako estatuen armadak txiki geratuko liratekeela eta.
Talde komunitarioan, sei estatu kidek 100.000 soldadu aktibo baino gehiago dituzte, IISS Ikerketa Estrategikoen Nazioarteko Institutuaren datuen arabera: Frantziak, Alemaniak, Poloniak, Italiak, Greziak eta Espainiak. Bada, horiek guztiek batuta —962.000 militar aktibo—, ez dute gainditzen Errusiak —1.134.000 soldadu aktibo— eta AEBek —1.315.600 soldadu aktibo— duten kopurua. Are, EBko sei armada handienetako tropak batuta ere ez lirateke helduko Pekinen tropen erdia izatera. Txinako armada da munduko handiena; bi milioi soldadu aktibo baino gehiago ditu.
Horregatik, EBko hainbat estatu beren armadak handitu nahian hasi dira. Horren adibide, martxoaren hasieran, Poloniako lehen ministro Donald Tuskek iragarri zuen plan bat prestatzen ari dela herrialdeko gizon guztiak prestakuntza militarra egitera behartzeko. Eta Kroaziak derrigorrezko zerbitzu militarra aurten berrezartzeko asmoa du.
Horretarako, Kroaziako Defentsa Ministerioa lege bat prestatzen ari da, eta, parlamentuak oniritzia ematen badio, udazkenean sartuko da indarrean. Aurten 18 urte betetzen dituzten gizon kroaziarren artean, 5.000 inguruk bi hilabete igaro beharko dituzte herrialdeko armadan. Ministerioak iragarri duenez, ikasketak egiten ari direnek atzeratu egin ahal izango dute, eta armak hartu nahi ez dituztenek, kontzientzia eragozleek, gizarte zerbitzuetan jardun beharko dute. Emakumeentzat boluntarioa izango da.
Kroaziak 2008an utzi zuen bertan behera derrigorrezko zerbitzu militarra, EBko estatu gehienek hartutako joerari jarraituz. Izan ere, 1991. urtean SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenean, amaitutzat eman zen Gerra Hotza, eta, hortik aurrera, derrigorrezko soldadutza indargabetu zuten talde komunitarioko herrialde gehienek. Dena den, seik ez zuten zerbitzu militarra bertan behera utzi; eta, azken urteetan, hiru estatuk herritarrak errekrutatzeari berrekin diote.
Letonia izan da derrigorrezko zerbitzu militarra berrezarri duen EBko azken estatua. 2006an bertan behera utzi ostean, 2023ko apirilean errekrutatzeei berrekitea onartu zuen parlamentuak. Soldadutza derrigorrezkoa da Baltikoko eta Eskandinaviako herrialde guztietan —Islandian ez, ez baitute armadarik; baina ez da EBko kidea—.
Gertu dute Errusia, eta Ukrainako inbasioak alerta egoeran jarri ditu herrialde horietako gobernuak. Finlandiak eta Suediak NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide izateko eskaria egin zuten 2022an; eta, ofizialki, aurrenekoa 2023an sartu zen, eta bigarrena, iaz. Aurrez, 2017an, Stockholmek derrigorrezko zerbitzu militarra berrezartzea erabaki zuen —2011n kendu zuten—. Talde komunitarioko estatu kideen artean, Suedian baino ez da herritar guztientzat derrigorrezkoa soldaduska egitea, gainerakoetan emakumeentzat borondatezkoa da —Norvegian ere guztientzat da derrigorrezkoa, baina ez dago EBn—.
Errusiak Krimea anexionatu eta urtebetera, 2015ean, Estoniak errekrutamenduei berrekitea erabaki zuen. 2009an bertan behera utzi ostean, hura izan zen zerbitzu militarra berrezartzea erabaki zuen EBko lehen estatua. Finlandiak, Lituaniak eta Danimarkak ez zuten indargabetu Gerra Hotza amaitu ostean ere. Eta Europa iparraldetik aldenduta, zerbitzu militarra bertan behera utzi ez duten beste hiru herrialde daude EBn: Zipre, Grezia eta Austria.
Derrigorrezkoa izateak ez du esan nahi herrialde horietako gizon guztiek soldadutza egin behar dutenik. Suedian sistema berezi bat dute militarrak errekrutatzeko: herritarrek, 18 urte betetzen dituztenean, inkesta bat betetzen dute. Horren arabera, armadak erabakitzen du nor diren «aproposenak» zerbitzu militarra egiteko. Danimarkan, berriz, plaza gehienak boluntarioek betetzen dituzte, eta zozketa bidez erabakitzen dituzte gainerakoak. Modu berean egiten dute Letonian eta Lituanian. Bestalde, Estonian eta Finlandian, teorian, herritar guztientzat da derrigorrezkoa zerbitzu militarra egitea. Horrela lortu du Finlandiak erreserban militar gehien duen EBko estatua izatea; egun, 233.000 ditu, Frantziak dituenak halako sei —Frantziak 68 milioi biztanle baino gehiago ditu, eta Finlandiak 5,5—.
Gizartea, zatituta
Azken hilabeteetan, EBko beste zenbait herrialde ere hasi dira soldadutza berriz ere derrigorrezko egin ala ez eztabaidatzen. Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak Europari laguntza militarra kenduko diola eta, Europako herrialdeak bere defentsa berrindartu nahian hasi dira. Herbehereetako eta Bulgariako Defentsa Ministerioek, esaterako, derrigorrezko zerbitzu militarra berrezartzeko asmoa agertu dute. Alemanian, armadak militarrak ugaritu nahi dituela iragarri du, eta horretarako, agintariak zenbait bide aztertzen ari da, besteak beste Suediaren ereduari jarraitzea: hautaketa prozesu baten bidez militar potentzialak errekrutatzen hastea. Bestalde, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, martxoaren erdialdean, ziurtatu zuen ez duela derrigorrezko soldadutza berrezarriko, baina jakinarazi zuen herritarrek «estatuaren defentsan» parte hartzeko bideak aztertzen ari dela.
Hain zuzen, Alemaniako eta Frantziako herritarren gehiengoa dago soldadutza berrezartzearen alde. YouGov Erresuma Batuko datu analisirako etxeak martxoaren 6an argitaratutako inkesta baten arabera, Frantziako biztanleen %68k babesten dute ideia hori, eta Alemaniako biztanleen %58k. Kontrara, galdeketa horren arabera, Espainiako biztanle gehienak (%53) neurri horren aurka daude. Madrilek ez du oraingoz soldaduska berriz ezartzeko asmorik agertu; are, Espainiako Defentsa ministro Margarita Roblesek, martxoaren 21ean emandako prentsaurreko batean, ziurtatu zuen ez dutela berrezarriko. Eta hori bera adierazi dute, besteak beste, Luxenburgoko eta Errumaniako gobernuek ere.