Soldadu ezezagunen bila

Aranzadiko eta EHUko talde bat Malvinetan ari da lanean Gurutze Gorriarekin, 1982ko gerran izenik gabe lurperatutako soldadu argentinarrak identifikatzen

Soldadu ezezagunen bila.
mikel rodriguez
2017ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Jainkoak bakarrik ezagutzen duen soldadu argentinarra. Esaldi hori dago idatzita Malvinetan lurperatuta dauden 123 soldadu argentinarren hilobietako marmolezko plaketan. 1982ko gerran hil, eta identifikatu gabe Darwin herriko hilerrian lurperatu zituzten. Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordea, baina, soldadu horien identitatea jakiteko lanean ari da ekainaz geroztik Darwinen. «Espero dut arrakasta izanen dugula hilobietako batzuk identifikatzen. Plaketan ez luke inoiz gehiago paratu behar 'Jainkoak bakarrik ezagutzen duen soldadu argentinarra'», adierazi zuen Laurent Corbaz proiektuaren arduradunak joan den hilean, misioa ofizialki jakinarazi zutenean. Plaka horietan idatzita dagoena aldatzeko ahaleginean hagitz rol garrantzitsua izanen dute euskal herritarrek, Aranzadi zientzia elkarteko eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateko talde bat baitago Darwinen Gurutze Gorriaren aginduetara, Paco Etxeberria auzi medikua eta Lourdes Herrasti arkeologo forentsea buru dituztela.

Etxeberriarekin, Herrastirekin eta Gurutze Gorriarekin harremanetan paratu da BERRIA, baina eginkizunaren inguruko xehetasunik ezin dutela eman adierazi dute. Izan ere, Argentinako eta Erresuma Batuko gobernuen adostasunarekin lortu dute lanak hastea, eta Malvinetako auzia gai labainkorra da oraindik ere bi herrialde horien artean. Gainera, joan den astean hautsak harrotu ziren Argentinan, Darwingo hilerriko lanen argazkiak filtratu zituztelako. Argentinako Gobernuak protesta egin zuen, eta Gurutze Gorriak adierazi zuen ez zuela zerikusirik izan filtrazio horiekin. Kontua ikertzeko eskatu zion Buenos Airesek.

Etxeberriarekin eta Herrastirekin batera, Asier Izagirre da Malvinetan dagoen bertze euskal herritarra. Arkeologia teknikaria da, eta logistikaz arduratzen da. Negu gorrian egiten ari dira identifikazio lanak, ia klima antartikoa duen lurralde batean: zero azpiko tenperaturak, haizete bortitzak eta euria. Zuhaitzik ez dago artxipelago osoan. Gurutze Gorriak neguan joatea erabaki du, turismoaren eta artzaintzaren aroak saihesteko. Bertze hiru auzi medikuk osatzen dute Aranzadiren taldea: Jose Luis Prieto espainiarrak, Ignasi Galtes kataluniarrak eta Fernando Serrulla galiziarrak.

Argentinak 1982ko apirilaren 2an inbaditu zituen Malvinak, eta ekainaren 14an amore eman zuen. Datu ofizialen arabera, Argentinako 649 soldadu hil ziren, Erresuma Batuko 255 eta Malvinetako hiru zibil. Argentinako soldaduen ia erdiak, 321, Belgrano jenerala ontzian hil zituzten, Erresuma Batuko urpeko nuklear batek hondoratu ondoren. Gainerako 328 biktimetatik 237 lurperatu zituzten Darwinen, horietako 123 identifikaziorik gabe. Senideek kontrakoa eskatu ezean, Argentinak gorpu horiek Malvinetan uztea erabaki zuen, irlak bere lurraldetzat dituelako.

2008an, gerrako beteranoek eta soldaduen senideek osatzen duten No me olvides (Ez nazazu ahantzi) plataformak bidaia bat egin zuen Londresera, eta, bertzeak bertze, Geoffrey Cardozo Erresuma Batuko armadako teniente-koronel ohiarekin elkartu ziren. Cardozo gerra bukatu ondoren bidali zuten Malvinetara 1982an bertan, eta hark antolatu zuen Darwingo hilerria, soldadu argentinarrak lurperatzeko. Cardozok emandako informazioarekin lanean hasi zen No me olvides, eta, BBCk argitaratu duenez, joan den hilean Malvinetara joan zen teniente-koronel ohia, identifikazio lanetan laguntzeko.

80 familiaren laginak

Argentinako Gobernuak 2012an bete zuen No me olvides-en eskaera, eta gerraren ondoren senideen berririk izan ez zuten familiei DNA laginak hartzen hasi zen. 80 bat familiak parte hartu dute. Gurutze Gorria ere proiektuan sartu zen, eta iazko abenduan akordioa lortu zuten Buenos Airesek eta Londresek. Lehenbiziko 60 gorpuren aztarnak joan den astean eraman zituzten Argentinara—gorpuak berriz lurperatu zituzten Darwinen—.

Malvinak Argentinako kostatik 400 kilometro ingurura daude, eta Ingalaterratik 11.000ra. Ez dute inoiz izan populazio indigena amerikarrik. Espainiatik independentzia lortu berritan, Rio de la Platako Probintzia Batuek artxipelagoaren jabetza aldarrikatu zuten 1820an, eta komandantzia militar bat ezarri zuten. 1833an, ordea, Erresuma Batuak artxipelagoa inbaditu zuen, eta, ordutik, haren jabetza mantendu du. Argentinako diktadura 1982an saiatu zen berreskuratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.