Ukrainak 2014rako paratuak zituen begiak EB Europako Batasunean, Viktor Janukovitx prest agertu baitzen EBrekin libreki elkartzeko akordioa sinatzeko. Akordio horrek ez zekarren EBko estatu kide bilakatzea, baina bai argi eta garbi Bruselara hurbiltzea; hori ez zitzaion batere gustatu Moskuri, eta, beraz, Ukrainako presidenteak gibelera egin zuen azkenean. Hain zuzen, horixe izan zen Euromaidan protesta mugimendua piztu zuen txinparta: manifestazioak istilu larri bilakatu ziren azkenean, eta, horien ondorioz, eskuin muturreko taldexka ukrainazaleak agertu ziren Bigarren Mundu Gerrako kolaborazionista ezagunak erabiltzen zituzten sinbolotzat, eta Odesako Sindikatuen Etxean jendea bizirik erretzera ere iritsi ziren, baita separatista errusiazaleak ere, Ukraina ekialdean. Errusiazale horiek eraikin publikoak okupatu zituzten, eta, poliki-poliki, miliziak sortu; hain zuzen, milizia horiek berak Ukrainako tropen kontra borrokatu ziren azkenean Donbassko gerran. Iaz, Bruselak bertze keinu bat egin zion Kievi: ekainean, EBn sartzeko hautagai izendatu zuten, nahiz eta batasuneko kide izateko zenbait baldintza bete beharko zituen, baita Moskurekin bakea sinatu ere.
Baldintzak antzekoak dira Ukrainarentzat, Moldaviarentzat eta Georgiarentzat: nagusiki, ustelkeriaren aurka egitea eta herritarren askatasuna bermatzea galdegiten diete. Baldin eta EBk ezarritako 12 puntuko zerrenda betetzen badute, litekeena da haien helburua bete eta batasunean sartzea. Errusiarekin duen gatazka piztu aitzinetik ere, Kiev hasia zen horretarako bidea lantzen. 2021eko azaroaren akabailan, oligarken eragina apaltzeko prozesu bat abiatu zuen. Urte horretan bertan, erreforma judizial bati ekin zion, eta, preseski, EBra hurbiltzea zuen helburu, baita herrialdeko gaitzetako bati aurre egitea ere: ustelkeriari.
Lehenago ere erabaki izan dute sobietar errepublika izandako zenbaitek Moskutik aldentzea, Mendebaldera hurbildu eta haren parte bilakatzeko, eta Kiev, Tbilisi eta Chisinau bide hori bera egiten ari dira orain. Estonia, Letonia eta Lituania NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartu ziren lehenbiziko, 1999an, baina ez ziren EBko kide bilakatu 2004ra bitarte. Hiru herrialde horietako ekonomia ahuldua zegoen Sobietar Batasunaren kolapsoaren eraginez, sobietar errepublika izandako bertze 13 herrialdeetakoa bezalaxe, baina lortu zuten kolpearen ondotik suspertzea, baita herritarren bizi kalitatea hobetzea ere; horren erakusgarri da hiru herrialde horietako giza garapenaren indize handia, Espainiakoaren, Frantziakoaren eta Portugalekoaren hagitz antzekoa 2022an.
Are, bertze adierazle batzuetan ere nabari da hobekuntza, hala nola prentsa askatasunari dagokionez: Mugarik Gabeko Kazetarien zerrendan, 11. da Estonia, 39. Letonia, eta 33. Lituania, bertzeak bertze Errusia (148.a), Azerbaijan (156.a) eta Bielorrusia (157.a) baino aise goitiago.
Moldavia da EBko kide izan nahi duten herrialde horietako bertze bat. Herrialde txiki bat da, Errumania eta Ukrainaren artean sartua dago, eta Europako pobreenetako bat da. Gainera, Errusia eta Ukrainaren arteko gatazkak are ataka estuagoan jarri du herrialdea: %35eko inflazioa du, eta herritarren %40k arazoak dituzte produkturik oinarrizkoenak eskuratzeko, hala nola esnea eta ogia.
1991tik, harat eta honat ibili da Errusiaren eta EBren artean, eta, Maia Sandu egungo presidenteak bultzaturik, azkartu egin du Europara hurbiltzeko prozesua. Sanduren alderdia, Ekintza eta Elkartasuna (PAS), EBren aldekoa da, eta zentro-eskuinekoa.
Kaukasotik Bruselara
Georgiak ere Bruselan paratu zituen begiak 2000ko urteen hastapenean, Mikheil Saakaxvili presidentearen gidaritzapean. Saakaxvili preso da orain, botere abusua eta ustelkeria leporatuta, eta, Georgiako zenbait medikuk ohartarazi dutenez, baliteke metal astunekin pozoitu izana.
Ahaleginak egin zituen hala Tbilisi NATOra eta EBra hurbiltzeko, nola Adjaria, Abkhazia eta Hego Osetia lurralde errebeldeak kontrolatzeko. 2008ko gerra laburrean Errusiaren aurka galdu izana kolpe gogorra izan zen haren asmo politikoetarako. National Democratic Institute erakundearen arabera, Georgiako herritarren ia %74 daude EBrekin bat egitearen alde.
Halarik ere, Kiev eta Chisinau ez bezala, oraindik ez dute hautagai ofizial izendatu. Bruselak, bertzalde, hirurei eskatu die bereziki Tbilisiri erreformak egin ditzatela bat egiteko prozesua azkartzeko.
Baltikoko hiru herrialdeen gisara, Sobietar Batasunarekin izandako loturak batzen ditu Ukraina, Georgia eta Moldavia, baina baita arazo batek ere: ez dute beren lurralde osoa kontrolatzen. Ukrainan, konparazio batera, Errusiaren esku daude Krimeako penintsula eta Zaporizhia, Kherson, Donetsk eta Luhansk eskualdeak, guztiz edo partez.
Abkhazia eta Hego Osetia aitortu gabeko estatuak dira, eta Errusiaren aliatuen mende daude; Transnistriak, bertzalde, ez die men egiten Chisinauren aginduei. Mihail Popsoi Moldaviako parlamentariaren erranetan, bidegabea litzateke arrazoi hori baliatzea Moldaviari, Ukrainari eta Georgiari EBn sartzea ukatzeko. «Zipre eskubide osoko kidea da EBn, eta Ipar Zipreko gatazka piztua da oraindik», oroitarazi du.
Sobietar garaia atzean utzi, EBn sartzeko
Ukraina, Georgia eta Moldaviak hartutako bideak helburu argia du: Europako Batasuneko kide bihurtzea. Horretarako baldintzak antzekoak dira hirurentzat; nagusiki, ustelkeriaren aurka egitea, eta herritarren askatasuna bermatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu