EDINBURGO. Humza Yousaf Eskoziako lehen ministroak atzo eman zuen, parlamentuan, bere agintaldiko lehentasunen berri. Horren aurretik, Poliziak Colin Beattie atxilotu zuen, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren diruzaina, indar horren finantzaketari buruzko ikerketa dela eta. Hori ikusirik, diputatuen aurrean, Yousafek esan zuen Beattierekin mintzatuko dela alderdian duen rolaz.
Agerraldi horren aurretik, Eskoziako lehen ministroak kazetarien aurrean hitz egin zuen, eta adierazi zuen ez duela uste bere alderdia «modu kriminalean» jokatzen ari denik. Hori bai, aitortu zuen SNPk «aldaketa bat» behar duela jarduteko moduan, eta argudiatu zuen ideia hori defendatzen ari dela Nicola Sturgeonek buruzagitza utzi zuenetik.
SNPren diruzainaren atxiloketak pisua kendu zion Yousafek parlamentuan egin zuen hitzaldiari. Horretan, Eskoziako lehen ministroak ez zuen xehetasun handirik eman bigarren independentzia erreferenduma lortzeko estrategiaren inguruan; afera horretaz, esan zuen herritarrak konbentzitu nahi dituela independentziak ematen dituen «botereekin Eskozia aberatsago, bidezkoago eta berdeago bat» lor dezaketela.
Yousafen erronketako bat izango da galdeketa hori nola lortu argitzea, Londresek ezezkoa ematen baitio.
SNPko diruzain atxilotuarekin hitz egitekoa da Yousaf
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu