Siriako segurtasun indarrek gutxienez hemeretzi lagun hil zituzten atzo Bashar al Assaden aurkako manifestaldietan. Horrez gain, estatuko telebistak jakinarazi du Maarat al-Numan —Jisr al Shagurretik 40 kilometrora— eta Khan Sheikhun hiriei erasotzeko prestatzen ari dela armada.
Jisr al Shagurren armada sartzean gertatu zena ikusita, milaka lagunek etxeak utzi eta herrietatik ihes egin dute. Maarat al-Numango herritar baten arabera, 90.000 biztanleetatik 7.000 inguru bakarrik geratzen dira herrian.
Siriako Herri Koordinaziorako Batzordeak jakinarazi du hemeretzi hildakoetatik 11 identifikatu dituztela. Homs eskualdean gutxienez hiru lagun hil dituzte. Herritarren hitzetan, erregimenaren jarraitzaile bat manifestariak odol hotzean hiltzen ikusi dute. Deir ez Zorren bi dira hildakoak. Hersatan lagun bat hil dute, Duman bi eta Daelen beste bi. Hiri horietan ez ezik, batzordearen hitzetan, Hama, Dael, Otman, Latakia, Banias eta Damaskon ehunka lagunek egin dute protesta. Amouda eta Qamishlin, berriz, 2.000 lagun inguru bildu dira manifestaldietan.
Estutasuna
Ondoko herrialdeetan ere Al Assaden erregimenaren aurkako protestak egin dira. Libanon politikari bat eta soldadu bat hil dira Siriako erregimenaren aurkako protesta batean. Tripolin hainbat lagun manifestaldi bat egiten ari zirela, segurtasun indarrak agertu eta tiroketa bat hasi zen. Arabiako Alderdi Demokratikoko Ali Fares da hildako politikaria. Arabiako Alderdi Demokratikoa Al Assaden erregimenaren aliatua da.
Siriako Gobernuak protestak areagotzen ari direla ikusten du, eta, horren aurka, herritarren haserrea gutxiagotzeko neurriak hartzen hasi dira. Rami Makhluf Al Assaden lehengusuak jakinarazi du herrialdean negozioak egiteari utziko diola. Herrialdean dituen enpresa guztiak Siriako ekonomia indartu eta lanpostuak sortzeko erabiliko dituztela gaineratu du.
Makhluf herrialdeko boteretsuenen artean dago. Ustelkeria kasu ugaritan sartua dago. Daraa hirian manifestariek haren aurka egin zuten, eta «Makhluf, zoaz beste beste zerbaitetan jolastera», oihukatu zuten.
Siriako Gobernua Nazioartetik ere gero eta presio handiagoa jasotzen ari da. EB Europako Batasunak ohartarazi du errepresioak aurrera jarraituz gero Siriaren aurkako zigor gehiago ezarriko dituztela. Neurriak Europako Kontseiluak ekainaren 23 eta 24 bitartean egingo duen bileran onartuko lirateke.
Horrekin batera, Frantziako presidente Nicolas Sarkozyk eta Alemaniako kantziler Angela Merkelek adierazi dute Al Assaden aurkako ekintza gehiago eskatuko dituztela. Horretarako, NBE Nazio Batuen Erakundeak bozkatu behar duen erabakiak aurrera atera behar duela diote. Erabakia ezin da onartu, Errusiak betoa erabiltzeko iritzia aldatu arte. Egoera moldatzeko eta herrialdeak iritzia aldatzeko lan egingo dutela jakinarazi dute bi agintariek.
Errusiak ez du Siriaren aurkako erabakirik hartzea nahi, haien iritziz ez duelako herrialdean aldaketarik eragingo. Baina Errusia ez da erabakia bozkatzearen inguruan zalantzak dituen herrialde bakarra. Hegoafrikak, Brasilek eta Indiak Libian gertatutakoa errepikatzeko arriskua ikusten dute. Horri erantzuteko, Frantziak eta Alemaniak erabakiaren helburua «nazioarteko presioa» sentiaraztea dela azaldu dute.
Arlo horretan, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko Idazkari Nagusi Anders Fogh Rasmussenek ziurtatu du ez dutela Sirian erasorik egingo. Haren hitzetan, ez dute ez NBEren ezta herrialdeko inoren sostengurik, eta erasoak egiteko beharrezkoa da hori. Libiako kasuan NBEren bermea dutela argitu du.
Siriako giza eskubideen aldeko erakundeek jakinarazi dute liskarrak hasi zirenetik 1.297 zibil eta segurtasun indarretako 340 kide hil direla. NBEren arabera, 10.000 lagun baino gehiago atxilotu dituzte. Gainera, gobernua protesta egiten duten herritarrak elikagai eta sendagairik gabe uzten ari dela ere salatu du erakundeak. Eta gaineratu dute datuak egiaztatzeko ez dietela uzten ordezkaririk bidaltzen.
Protestak herrialde arabiarretan
Sirian hemeretzi lagun inguru hil dituzte hainbat manifestalditan
Maarat al-Numan eta Khan Sheikhun hiriei erasotzeko prestatzen ari da armada, eta milaka lagunek ihes egin duteLibanon bi lagun hil dira Bashar al Assaden aurkako protesta bateko liskarretan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu