Bizi-biziak dira omeiatarren meskita bikainaren inguruko kalexkak. Damaskoko feriako joan-etorriek eta muezzinen kantuak zipriztintzen dute eguneroko martxa, eta, hura ikusita, inork ez luke esango Siriako gerrarik okerrenaren bukaeran daudela. Soldadu errusiarrak ibiltzeak baino ez du sortzen edonork nabaritzeko moduko tentsioa. Hiria berena balute bezala ibiltzen dira, eta meskitetan sartzen dira oinetakoak erantzi gabe. «Gobernuaren lagunak dira eta horregatik daude hemen, baina gehienoi ez zaizkigu gustatzen», aitortu du sinestun batek, ahapeka.
Ikusi gehiago:Itzulera seguruaren mitoa
Damaskoko gotorlekutik ateratzean, ikusmira itsustu egiten da. Siria iparralderako autobidean kilometroak eta kilometroak eginez gero, txikitutako eta behea jotako herriak eta herriak ikusten dira, eta zaila da sinestea noizbait bizi-bizirik egongo zirela. Milaka eraikin daude hezurdura hutsa direnak, sator bideak baino zulo gehiago dutenak. Irabazleak harrapaka ibili dira, eta ez diete utzi aterik eta leihorik ere: lurralde penagarri bat baino ez, itzultzeko aukerarik ematen ez duena.
Errepidean etengabeak dira kontrolgune militarrak, eta ez dago garbi noren agindutara ari diren. Soldadu ihar batzuk, gosetuta egoteko itxura dutenak, prest daude mesedeak onartzeko, eta orduak eta orduak pasatzen dituzte ezerezaren erdian erortzeko zorian dauden polizia bulego kaskar batzuetan. Siriako presidentea bazter guztietan ageri da irudi batzuetan, eguzkitako betaurreko eta guzti. Beste hainbeste gertatzen da Alepo hiriaren goialdeko zitadela babesten duen gotorlekuan. Bost mila urtean, zenbait zibilizazio izan dira muino preziatu horretan, eta, haren gailurreraino doazen harrizko eskailerak ikusita, gogora etortzen da zein ezdeusak diren plebeioak inperioen begietan.
Gazteluaren inguruko harresiek gaindiezinak dirudite, eta Baxar al-Assad ahaleginak egiten ari da haien handitasuna beretzeko. Siriako presidentearen erretratu erraldoi bat dago haitzetik zintzilik, muinoaren oinetan dagoen Parte Zaharreko txoko guztietatik ikusteko moduan. Baina alferrik da: atzera begiratu eta zitadelako sarrera garai hartatik begiratzean, argi ikusten da erregimenaren ahultasuna, hiri apokaliptikoa baita, bizitasunez gabetua Al-Assadek boterean segi dezan.
Zitadelara sartu aurreko zabalgunean, Jauregi Handia zenaren lau harri baino ez daude zutik orain: Alepoko gobernu eraikina zen, eta leherrarazi egin zuten. Parte Zaharreko kalezuloetan, zenbait kraterrek traba egiten dute erliebean: gogora ekartzen dute zerutik tonaka eroritako metraila. Mila denda baino gehiago zeuden, hiriaren bizigarri, baina hondakin pila bihurtuta daude orain, bakardade mingarri baten erdian. Bat-batean, ahots hunkitu batek eten egin du Aleporen gaineko isiltasun astuna: «Ezin dut sinistu hemen zaudetela», esan du nekatu itxurako gizon batek. Liluraturik zitadelarantz eskaileretan gora doazen atzerritar batzuekin ari da. Hitz egiten duen bitartean, bizkarra makurtu du, eta esku ahurrak elkartu, esker onez: «Badira hamar urte baino gehiago turistarik ikusi ez dugula», esan du, besteei bere harridura ulertarazi nahian. Hamar urte horietan izan zen, besteak beste, Alepoko Gudua: 2016an, Al-Assaden klaneko indarrek Errusiaren eta Iranen laguntza behar izan zuten hiriaren kontrola berreskuratzeko.
30.000 hildako hirian
Lehenago, gatazka gogorrak izan ziren bost urtez, Alepo oposizioaren kontrolpetik ateratzeko. Horretarako, bonbardaketak egin zituzten airetik, bonbak jarri zituzten lurrean, eta lur azpian ere egin zituzten zenbait leherketa. Gainera, Alepo setiatu zuten, eta herritarrak jatekorik eta argindarrik gabe utzi. 2011n, gobernuaren zapalkuntzaren ondorioz, udaberri arabiarreko liskarrak gerra zibil baten hasiera bilakatu ziren, eta Alepon hiru milioi lagun bizi ziren orduan. 2015ean, hiria kontrolatzeko borroka betean, milioi bat herritar baino ez zeuden han. Gatazka hasi zenean, ustez 30.000 pertsona inguru hil ziren hirian. Gainerakoek ihes egin zuten.
Al-Assad presidentearen aurpegia nonahi dagoen arren, inor ez da ausartzen haren izena aipatzera. Oraindik ere Alepon bizi direnak bizirik atera dira gerra batetik, baina ez dira ausartu ere egiten gertatutakoa gerra bat zela garbi esatera. «Krisitzat» daukate, baita Aaminek ere: xaboi fabrika txiki bat du, eta hura aurrera ateratzen saiatzen da, merkatuaren kanpoaldean. «Zergatik suntsitu dute hau guztia?», galdetu du bere artean, ingurura begira dagoela. Bezero batzuekin hizketan aritu da tarte batez, eta konfiantza hartu du haiekin. «Herrialde osoa hondakin bihurtuta daukagu pertsona batek agintean segi dezan», ondorioztatu du Aaminek, amorratuta.
Gauza materialak soilik ez: askoz gehiago galdu du. Zazpi seme-alabetako bakoitzak herrialde batera emigratu du, eta denek atzean utzi dute Alepo, non eskolak eta ospitaleak jada ez dauden martxan. Are, Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsaren esanetan, belaunaldi oso bat galdu da han. «Siriarrak elkarren artean borrokan hasi zirenean, argi geratu zen galdu egingo genuela herrialdea», gogoratu du Aaminek. «Oxala, ez balitzaio munduko beste inongo herrialderi halakorik gertatuko».
Elkarrizketaren parte den gizon batek erantzun egin du, eta gogor hasi da presidenteari gorazarre egiten dion propagandaren kontra, edozein txokotara begiratuta ikusten baita halako kartel bat: «Zertarako gastatzen ditugu horrenbeste milioi pankartetan? Ez daukagu-eta dirurik ogia edo botikak lortzeko ere», esan du, protestaka. Aaminek baietz egin du buruarekin, eta bere artean galdetu du ea zenbat diru beharko ote den Siria berreraiki eta 2010ean zegoen bezala uzteko. Segituan, bere hitzak zuzendu nahian edo, hau esan du: «Herrialdea fisikoki berregitea ez da nire kezka nagusia. Eraikinak eta kaleak berreraiki daitezke, baina nola berreraiki jendea? Hori askoz zailagoa izango da».