Siwed emakume erakunde batzuetan ibili zen 2016tik 2021era —Kongra Star-en, besteak beste—, Diplomaziako Kontsulta eta Ikerketa Zentroan lan egin zuen 2022ra arte, eta, bi urtean, Administrazio Autonomoaren ordezkari aritu zen Iraken mendeko Kurdistanen. Baxar al-Assaden gobernua erori ondoren zer gerta litekeen izan du hizpide.
Zer iruditzen zaizue oraingo egoera?
Potentzia hegemonikoek, seguru asko, hitzarmenen bat egina izango dute Siriari buruz. Inondik ere ez da kasualitatea hamar egun baino lehenago erori izana erregimena. Horrela gertatu izanak argi erakusten du oso ondo prestatutako plan bat zeukatela: aurrena, Idlib hiria; gero, Alepo, Daraa eta As-Suwayda; azkenik, hiriburua, Damasko. Seguru asko, luzaroan ibiliko ziren akordio hori negoziatzen.
Erregimena erori izanak beste etapa bat ekarriko dio herrialdeari, errotiko aldaketa handiz betea. Hutsunea utzi du herrialdean, eta, esaterako, libera siriarrak behera egin du. Urteak pasatu ditugu gerran. Bazter guztietan daude desadostasunak, inork ez du bestea onartzen. Lazgarria da toki askotan egindako garbiketa etnikoa. Milaka lagunek beste norbaiten etxean bizi beharra daukate, eta harrapakeriak izaten dira jabetzetan. Horren ondorioz, larrialdi zail batean gaude, eta, hori konpontzeko, ezinbestekoa da arretaz jokatzea, elkarri aditzea eta denbora izatea.
Milaka herritarrek ihes egin zuten talde armatuak eta Sortaldea Askatzeko Erakundeko kideak Alepon sartu zirenean. Siriako Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazio Autonomoak babesa eman die herritar horiei. Oraingo egoeran, nola egingo diozue aurre desplazatuen krisiari? Modua izango duzue milaka eta milaka desplazatu horien premiei erantzuteko?
120.000 lagun baino gehiago iritsi dira gure eskualdeetara. Gehienak Afringoak dira, Xahbakoak, Tell Rifaat-ekoak, Alepokoak eta Idlibekoak. Ez da erraza hainbeste jende hartzea. Etxetik ihes egin zuten 2018an: turkiarrek etxea okupatu zieten operazio militar batean. Administrazio Autonomoa ez zegoen prestatuta haiek guztiak batera hartzeko, kolpe batean. Bigarren aldia da etxetik alde egin behar dutena. Haietako askok sei urte baino gehiago pasatu dituzte errefuxiatu esparruetan. Afrinera itzuli nahi zuten, baina orain are urrutiago dute. Administrazio Autonomoak atea zabaldu die, Israelen eta Libanoren arteko azken gatazkatik ihes egindakoei zabaldu dien bezala.
«Larrialdi zail batean gaude, eta, hori konpontzeko, ezinbestekoa da arretaz jokatzea, elkarri aditzea eta denbora izatea»
Baduzue nazioarteko babesik, baduzue desplazatuentzako erakunde internazionalen babesik?
Urte asko dira inguru hau setiatuta dagoela, nazioarteko enbargoaren pean dagoela. Urteak dira gerran dagoela. Hiri gehienak, hala nola ni orain nagoen hiria, Raqqa, txikituta daude. Gerra egoera hementxe daukagu. Ahal dugun guztia egiten dugu pertsona horiei laguntzeko. Jendearen, herriaren laguntza da eraginkorrena eta bizkorrena. Herritar guztiek bat egin dute egoera honetan, eta elkar hartuta dabiltza.
Orain zer gertatzen ari den ikusita, zer plan dauzka Administrazio Autonomoak aurrera begira?
Eskualdeko herriaren beharrei erantzuteko sortu zen Administrazio Autonomoa. Sirian zer gertatu den eta Siriako iparraldean eta ekialdean zer gertatu den dakienak badaki herritarrek nola defendatu zuten beren lurra. Denok batera, administrazioa osatu genuen, eta hark oso bolada eta proba zailak pasatu ditu orain arte. Garrantzizkoena zutik irautea da, aurrera segitzea eta Turkiaren erasoak geldiaraztea. Egoera oso-oso larria da Manbij-en. Borroka ezin bortitzagoa dago han. Turkiako Estatua guri erasoka eta erasoka aritu zaigu urteotan, gelditu gabe. Orain, Sirian den hutsuneaz baliaturik, gogortu egin ditu erasoak. Haren helburua Administrazio Autonomoa deuseztatzea zen, eta helburu horixe du orain ere.
Ezer ba al dakizue YPJ Emakumeen Babes Unitateko emakume bahituei buruz eta orain Alepo kontrolpean dutenek bahitutako zibilei buruz?
Makurrarazi nahi dituztelako bahitzen dituzte emakumeak. Emakumeen Babes Unitateek, ordea, beren kideak defendatuko dituzte. Administrazio Autonomoaren izenean, zin dagigu ahal dugun guzti-guztia egingo dugula haiek salbatzeko.
Oraintxe baduzue harremanik errusiarrekin?
Bai. Sirian zerikusirik duten guztiekin hitz egiten dugu.
Sirian gertatzen ari den guztia ikusirik, eta herrialdearen mapa errotik aldatuko dela gogoan izanik, inork bermatu al dezake Administrazio Autonomoak aurrera segituko duela?
Administrazio Autonomoak baditu urte batzuk. Estrategikoki, oso toki garrantzizkoa du, eta bost milioi biztanle baino gehiago. Hori guztia, noski, bada nahikoa arrazoi aurrera segitzeko. Gure herritarrak defendatu behar ditugu zailtasunetatik eta talde armatuetatik. Etorkizuneko Siria pluralista bateko guztien ordezkari izan nahi luke Administrazio Autonomoak. Gaur egun, erasoka ari zaizkigu, eta arriskuan gaude. Baina aurrera egingo dugu, gure kideen eta herritarren laguntzaz. Gure kideek batera jardun behar dute indar handiagoa izan dezagun herrialdearen etorkizunean.