Baxar al-Assad Siriako presidente ohiaren (2000-2024) osteko herrialdea egituratzen hasi dira, azken asteetan, HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamista buru duten matxino taldeak. Trantsizio gobernu bat osatzen hasiak dira, eta, abenduaren 10ean, Mohammad al-Baxir lehen ministro izendatu zuten. Atzo, Siriako trantsizio gobernu horrek jarraitu beharreko zenbait gidalerro aurkeztu zituen herrialdeko behin-behineko buruzagi Ahmed al-Xaraak —Abu Mohammed al-Golani du gerra izena, baina orain ez du erabiltzen—.
Al-Assaden agintearen egiturak atzean utzi eta herrialdea batzeko xedea izango duen trantsizio gobernua hiru hilabete barru osatuko dutela jakinarazi zuen Al-Xaraak, Al-Arabiya Saudi Arabiako telebista katean atzo egindako elkarrizketan. Izan ere, martxoan Elkarrizketa Nazionalerako Konferentzia egingo dute Siriako talde eta etniek —kurduek, esaterako—, eta bertan osatuko dute gobernu berria. Bilera hori egingo dute trantsizioan «gutxiengo etnikoak errespetatuko direla bermatzeko».
Siriako de facto-ko buruzagiak atzo azaldu zuenez, trantsizio gobernu horrek lau urteko agintaldia egingo du bozak antolatu arte, eta «hiru urte inguru» beharko ditu konstituzioa idatzi eta onartzeko. Herritarrak bozetara ez deitzeko beste argudio bat da, HTSren buruzagiaren arabera, errolda berritu egin behar dela.
Trantsizioan, ordea, HTSk ez du parte hartuko; edo ez, behintzat, gaur egun duen egiturarekin. Izan ere, Al-Xaraak atzo adierazi zuen Elkarrizketa Nazionalerako Konferentzian abiatzen denean desegingo dela koalizioa. Are gehiago, Al-Assad erorarazteko orduan berak izan duen garrantzia apaldu nahi izan zuen elkarrizketan: «Ez dut neure burua Siriako askatzaile legez ikusten».
Harreman berriak
Al-Assaden aliatu nagusietariko bat Errusia zen; are, gaur egun Moskun da herrialdeko agintari ohia. Bada, Ukrainak harreman horiek aldatu eta Kieven alde jarri nahi du Siria. Ukrainako Atzerri ministro Andrii Sibiha Al-Xararekin bildu da gaur, Damaskon. X sare sozialean argitaratu duenez, bi herrialdeen arteko «harreman diplomatikoak berrezartzea» da bileraren helburua. Gaineratu duenez, bi herrialdeak prest daude «elkarlanean aritzeko», eta Sirian «normalitatea berrezartzen» lagunduko duela zin egin du Kievek.
Today in Damascus, I met with the leader of the Syrian administration Ahmed Al-Sharaa and personally conveyed the message of Ukraine’s President @ZelenskyyUa to the Syrian people: we are with you and ready to assist in restoring normal life, stability, and food security. pic.twitter.com/bDUijYB4EK
— Andrii Sybiha 🇺🇦 (@andrii_sybiha) December 30, 2024
Siriako Atzerri ministro Asaad Hassan al-Xibanik gaur prentsaurreko batean esan du, bestetik, bi herrialdeak «antzeko egoerak» izan dituztela: «Zalantzarik gabe, herri siriarrak eta ukrainarrak antzeko esperientzia eta sufrimendua pairatu ditugu».