Siriako matxinoek jakinarazi dute Damasko kanpoaldera iritsi direla

HTS muturreko islamisten koalizioak Damasko kanpoaldeko hainbat herrixkaren kontrola hartu du, eta hiriburura gerturatzen ari da. Siriako Gobernuak esan du Al-Assadek ez duela ihes egin, eta herrialdean jarraitzen duela.

Hainbat herritar kalean, matxinoek Hama hiriaren kontrola hartu ondoren, gaur. MOHAMMAD AL-RIFAI / EFE
Hainbat herritar kalean, matxinoek Hama hiriaren kontrola hartu ondoren, gaur. MOHAMMAD AL-RIFAI / EFE
maddi iztueta olano
2024ko abenduaren 7a
19:18
Entzun

Hamar egunetan iparraldeko Idlib eskualdetik ekialdeko Alepo hirira, eta hortik hegoaldeko Hama eta Homs hirietara iritsi da HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea. Bada, gaur arratsaldean, muturreko koalizio islamistak jakinarazi du Damasko kanpoaldeko hainbat herrixkaren kontrola hartu duela, eta hiriburura gerturatzen ari dela. Nazioarteko hainbat hedabideren arabera, matxinoak Damaskotik 30 kilometro ingurura daude. Jakinarazpen bera egin die HTS koaliioko buru Mohammad Al-Julanik matxinoei: «Damaskora iristear gaude, eta al-Assaden erregimenaren amaiera heltzear da».

Adierazpen horiek egin baino zertxobait lehenago, matxinoei laguntzeko eta Siriako Gobernuaren aurka egiteko eskatu die herritarrei Al-Julanik, komunikatu baten bidez: «Jarraitu ezazue askatasunera daraman borroka hau, apurtu itzazue mugak». Bestalde, Siriako Barne Ministerioak telebista bidez egindako agerraldi batean esan duenez, Siriako armada Damasko kanpoaldea inguratzen ari da, matxinoak hara iristen direnerako horiei aurre egiteko.

Azken egunotan zurrumurru andana zabaldu dira sare sozialetan; kasurako, Siriako armadako soldaduak beren postuak uzten ari zirela hainbat herritan, baita horietako batzuk matxinoekin bat egiten ari zirela ere. Siriako Gobernuak behin baino gehiagotan gezurtatu ditu informazio horiek. Baina Reuters berri agentziak Irakeko Al-Qaim herriko alkatea iturri gisa aipatuta gaur kaleratu duenez, Siriako armadako 2.000 tropa inguruk herri horretara egin dute ihes, babes eske. Sareetan zabaldu den beste zurrumurru bat da Siriako Gobernuko presidente Baxar al-Assad herrialdetik joana zela; Errusiara edo Iranera. Siriako Gobernuak gaur arratsaldean gezurtatu du informazio hori, eta esan du al-Assadek Damaskon jarraitzen duela.

HTS muturreko koalizio islamistak eta beste matxinoek aurrera egin ahala, gero eta protesta gehiago egiten ari dira Siriako Gobernuaren eta al-Assaden aurka. Hala jakinarazi dute nazioarteko hainbat hedabidek eta herrialdeko SANA berri agentziak. Sare sozialetan ere, hala nola X-n, azken orduetan bideo andana zabaldu dira, zeinetan ikus daitekeen nola herritarrak al-Assad dinastiaren omenez eraikitako estatuak botatzen ari diren.

Koalizioak iragan asteazkenean, azaroaren 27an, abiatu zuen ezusteko ofentsiba. Siriako armada eta Siriako Indar Demokratikoak koalizioa —batik bat, miliziano kurduek osatzen dute— matxinoei aurre egiten ari dira, nor bere aldetik, baina matxinoek herrialdean aurrera egiten jarraitzen dute. Are, Siriako Indar Demokratikoak gaur komunikatu baten bidez ohartarazi du EI Estatu Islamikoko hainbat talde abagunea probesten ari direla erasoei berriro ekiteko; batez ere, Siria erdigunean.

Diplomazia lanetan

Ekialde Hurbileko eta nazioarteko hainbat herrialde gertutik jarraitzen ari dira HTS koalizioaren ezusteko ofentsiba. Hain justu, Irakeko diplomaziaburu Fuad Husseinek jakinarazi duenez, egoeraren inguruan hitz egiteko Dohan biltzekoak dira, gaur gauean, Ekialde Hurbileko hainbat herrialdetako atzerri ministroak. Eztabaida horren aurretik Turkiako, Errusiako eta Irango atzerri ministroak bildu dira, Errusiako diplomaziaburu Sergei Lavroven arabera.

2011n gerra hasi zenetik, Turkiaren babes militarra jaso dute Siriaren Gobernuaren aurkako matxino taldeek, hala nola HTS koalizioak. Aste hasieran ofentsibaren inguruan galdetuta, hango presidente Recep Tayyip Erdoganek esan zuen berak eta bere gobernuak ez zutela horrekin «inolako zerikusirik». Atzo, berriz, matxino taldeei opa zien «arazorik gabe eta ahalik eta azkarrena» aurrera egin zezatela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.