Ezusteko eraso baten ostean, Alepo hiria hartu zuen aurreko asteazkenean HTS Sortaldea Askatzeko Erakundeak. Gaur, Siriako beste hiri garrantzitsu baten kontrola hartu du: Hamarena. Azken egunetan hiri horren inguruan zebiltzan Baxar al-Assaden Siriako presidentearen aurkako milizianoak. Gaur, Al-Assaden armadako tropek hiria utzi dute, eta matxino islamisten esku geratu da. HTSk eman du berria, eta gobernuak ere baieztatu egin du.
Erlazionatuta
Matxinoak Hama kanpoaldean aritu dira borrokan azken egunetan; eta hiriaren barnealdera iristea lortu dute gaur. Hamako aireportu militarra, polizia kuartel nagusia eta espetxea ere euren esku geratu dira. Al-Assaden gobernuak esan du soldaduek atzera egin dutela hiriaren barruan ez borrokatzeko.
HTSko buruzagi Abu Mohamed al-Julanik bideo baten bidez baieztatu du hiria hartu dutela, eta matxinoei gogorarazi die «errukitsuak eta adeitsuak» izateko hartutako hirietako biztanleekin. HTS taldeak Al-Nusra Frontean du jatorria; hark lotura zuen Al-Qaedarekin.
Hiri estrategikoa
Iragan astean Alepo hartu zuten matxinoek, Siriako hiri handienen artean bigarrena. Ordutik, hegoaldera egin dute milizianoak, hiribururako noranzkoan. Hain zuzen, Alepo eta Damasko artean dago Hama, eta bi hiriak lotzen dituen M5 autobideak zeharkatzen du. Hamatik 200 kilometro inguru daude Damaskora, eta 45 Homsera. Azken hori Siriako hiri handienen artean hirugarrena da, Damasko eta Aleporen atzetik.