Amaitu da Baxar al-Assaden erregimena. Armadak jakinarazi die porrota ofizialei, errenditzeko esan die soldaduei, eta milaka lagun kalera irten dira albistea ospatzera. Duela hamahiru urte hasi zen gatazka Sirian, 2011ko Udaberri Arabiarraren garaian, eta, azkenean, 11 egun soilik iraun duen HTS Sortaldea Askatzeko Erakundearen ezusteko eraso batek eman dio amaiera. Gaur goizean hartu du Damasko muturreko koalizio islamistak.
Matxinoek ez dute erresistentziarik izan herrialdeko hiriburua hartzeko, eta Al-Assadek hegazkinez egin du ihes handik, jakinarazi ez duten leku batera. Agerian geratu da haren erregimenaren ahultasuna. «Siria al-Assadetaz libre da», aldarrikatu du HTSk. Mohammad Ghazi al-Jalali lehen ministroa «orain siriarrek aukeratzen duten buruzagitzarekin elkarlanean jarduteko prest» agertu da.
Ikusi gehiago
HTSk 11 egun soilik behar izan ditu Damaskora heltzeko. Iparraldeko Idlib eskualdetik ekialdeko Alepo hiria hartu zuten lehendabizi, eta hortik hegoaldeko Hama eta Homs hirietara iritsi zen koalizio islamista. Atzo arratsaldean jakinarazi zuten Damasko kanpoaldeko hainbat herrixkaren kontrola hartu zutela, eta gaur goizalderako hiriburuan ziren. Matxinoak heltzerako, herritarrek zenbait egun zeramatzaten al-Assaden aurka protestan, sare sozialetan ikusi ahal izan denez.
Azken egunotan zurrumurru andana zabaldu dira sare sozialetan; kasurako, Siriako armadako soldaduak beren postuak uzten ari zirela hainbat herritan, baita horietako batzuk matxinoekin bat egiten ari zirela ere. Siriako Gobernuak behin baino gehiagotan gezurtatu ditu informazio horiek, baina begi bistakoa da matxinoek erraztasunak izan dituztela Damaskora heltzeko.
Ezusteko amaiera
Siriako gatazka ez aurrera eta ez atzera egon da azken bost urteetan; zehazki, 2020an Errusiak eta Turkiak su etena adostu zutenetik Idlib eskualderako, zeina HTSren esku egon den.
Koalizioak iragan asteazkenean, azaroaren 27an, abiatu zuen ezusteko ofentsiba. Siriako armadak eta Siriako Indar Demokratikoak koalizioak —batik bat, miliziano kurduek osatzen dute— egin diete aurre matxinoei, nork bere aldetik, baita Iranen babespeko zenbait milizia xiitak ere, baina alferrik izan da. Are, Siriako Indar Demokratikoak atzo ohartarazi zuen EI Estatu Islamikoko zenbait talde abagunea probesten ari direla erasoei berriro ekiteko; batez ere, Siria erdigunean.
2011n gerra hasi zenetik, hainbat herrialderen babesa jaso dute Al-Assaden gobernuaren aurka aritu diren askotariko matxinoek, hala nola Turkiarena, Saudi Arabiarena eta Arabiar Emirerri Batuena. Bestalde, Errusia eta Iran dira Siriako Gobernuaren aliaturik indartsuenak. Aste hasieran ofentsibaren inguruan galdetuta, Turkiako presidente Recep Tayyip Erdoganek esan zuen berak eta bere gobernuak ez zutela azken erasoarekin «inolako zerikusirik». Herenegun, berriz, matxino taldeei opa zien «arazorik gabe eta ahalik eta azkarrena» aurrera egin zezatela.