Siriako Gobernuaren aurkako matxinoek —hala nola salafistek— azken bost urtean egindako erasoaldirik handiena abiatu dute asteon, eta, atzo, Alepo hirira sartzea lortu zuten. Siriako hiririk handienetan bigarrena da, eta matxinoek «ia osorik» dute kontrolpean; are, Siriako armadak ihes egin du handik. Ihesaldiaren berri eman du armadak berak, eta «errefortzuak» heltzen direnean «kontraerasoa» abiatuko dutela jakinarazi, ohar bidez.
Siriako Indar Demokratiko kurduek matxino horien aurka egin dute, hiriaren iparraldeko eta ekialdeko auzoetan soldaduak zabalduz —orain arte, kurduen esku egon dira auzo horiek—. Are gehiago, eskualdeko hedabideek kaleratu dutenez, indar salafisten eta kurduen arteko borrokak izan dira hiriko kaleetan.
Horiek horrela, gaur goizaldean Baxar al-Assad Siriako presidentearen indarrek eta haren aliatu Errusiak hiria bonbardatu dute, Siriako Giza Eskubideen Behatokia gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez. Bi armadek argudiatu dute matxinoek aurrerapauso gehiago ez egitea zela erasoaren helburua; GKEak, baina, jakinarazi du hamasei lagun hil eta beste hogei zauritu dituztela erasoetan. Matxinoek eta kurduek ere salatu dute erasoek zibilei eragin dietela.
Turkiaren ezezkoa
2011n Siriako gerra hasi zenetik, Turkiak babesa eman die Al-Assaden aurka aritu diren askotariko matxinoei. Salafistak dira Ankararen babesa izan duten taldeetako bat. Hori dela eta, Damaskok leporatu dio azken oldarraldi honetan matxinoak babesten ibiltzea. Turkiak, baina, adierazi du ez duela inola ere parte hartu azken egunetako erasoetan. Turkiako Atzerri ministro Hakan Fidanek kazetariei gaur ekitaldi batean esan dienez, Turkiak ez du parte hartzen «beste errefuxiatu krisi bat eragin dezaketen ekintzetan»: «Ez dugu zerikusirik Alepoko erasoarekin».