Siriako kurduen instituzioak estatuko egituretan integratzea hitzartu dute

SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioak eta Siriako Gobernuak adostu dute elkarren arteko borrokak etetea. Kurduek Siriako gobernu berriari lagundu beharko diote Al-Assaden jarraitzaileen aurkako borroketan.

SDFko komandante Mazlum Abdi eta Siriako behin-behineko presidente Ahmed al-Xaraa, gaur akordioa sinatu ostean. SANA
SDFko komandante Mazlum Abdi, eta Siriako behin-behineko presidente Ahmed al-Xaraa, gaur akordioa sinatu ostean. SANA
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko martxoaren 10a
22:22
Entzun 00:00:0000:00:00

Siriako kurduen menpeko instituzio guztiak estatuko egituretan integratzea hitzartu dute gaur SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioak eta herrialdeko behin-behineko gobernuak, baita bi aldeen arteko borrokak amaitzea ere. Hala adostu dute Siriako behin-behineko presidente Ahmed al-Xaraak eta SDF koalizioko komandante Mazlum Abdik, gaur sinatutako hitzarmenean. SDF batik bat miliziano kurduek osatzen dute, eta Siriako ekialdeko eta ipar-ekialdeko eremu zabal bat du kontrolpean; Siriako Gobernuaren esku geratzea hitzartu dute orain. Abendutik, HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamistak gidatzen du gobernua, Baxar al-Assad Siriako presidente ohiaren (2000-2024) gobernua erorarazi zuenetik.

Al-Xaraak eta Abdik sinatu duten dokumentuaren arabera, estatuaren egituretan integratuko dira ipar-ekialdeko instituzio zibil eta militar guztiak; tartean, muga postuak, aireportua, eta petrolio eta gas hobiak geratuko dira estatuaren esku. Gainera, akordioaren arabera, Siriako herritar guztiek aukera izango dute prozesu politikoetan parte hartzeko, haien erlijioa eta etnia edozein izanda ere. Horrez gain, nabarmendu dute kurduak onartuak izango direla Siriako Estatuaren parte gisa, eta estatuak bermatu egingo dizkiela bai beren herritartasun eskubideak eta bai herrialdeko konstituzioak aitortzen dizkienak.

URT Siriako gerra abendua
HTS, SNA eta SDFren kontrolpeko lurrak, urtarrilean. BERRIA

Era berean, SDFk eta Siriako behin-behineko gobernuak su etena hitzartu dute «Siriako lurralde guztietarako». Bi aldeek borondatea agertu dute akordioa urte bukaerarako gauzatzeko.

Egun gobernuan dagoen HTS taldeak Al-Qaedarekin lotura zeukan Al-Nusra Frontean du jatorria; 2011. urtean hasitako Siriako gerran, elkarren aurka aritu izan dira borrokan SDF eta muturreko islamistak. Orain, menia sinatu dute. Halere, Sirian badaude beste milizia batzuk ere, hala nola Turkiak babestutako talde armatuak —gaur egun SNA Siriako Armada Nazionala da garrantzitsuena—. SNAren eta SDFren arteko borrokak gogortu egin ziren Al-Assad boteretik kendu ostean.

Gatazka horien ondorioz desplazatutako siriar guztiak hara itzuli ahal izatea ere adostu dute behin-behineko gobernuak eta SDFk; gainera agintari berriek konpromisoa hartu dute etxera itzulitako diren siriarrak babesteko. Ikusteko dago nola gauzatuko den Afrindik eta beste herri batzuetatik ihes egindako kurduak itzultzeko akordioa.

Bestalde, gaur sinatutako akordioaren arabera, SDFk baztertu egin beharko du Siriako gizartean «banaketa» eragin dezaken ekinaldi oro. Gainera, gehiengo kurdua duen miliziak konpromisoa hartu du estatuari laguntza emateko «Al-Assaden erregimenaren hondarren» aurkako borrokan, baita herrialdeko «batasunarentzako eta osotasunarentzako mehatxu» izan daitekeen edozeren kontra ere.

Akordioa sinatu ondoren, Mazlum Abdik sare sozialetan esan du elkarrekin lanean ari direla «garai kritiko hauetan», helburutzat hartuta «herritarren justizia eta egonkortasun nahiak» asetzea. Gehitu du «siriar guztien» eskubideak eta haien bake nahia bermatu nahi dituztela, eta iritzi dio akordioak «Siria berri bat» eraikitzeko oinarria jarriko duela.

SDFren bozeramaile Farhad Shamik, berriz, jakinarazi du AEBen bitartekaritzarekin egin dutela akordioa, eta argitu nahi izan du ados jarri izanak ez duela esan nahi gobernuaren indarrak haien esku dagoen lurralde eremuan sartuko direnik, nahiz eta mugen kontrolaz arduratu. «Aurreakordioak dira, eta batzordeek lanean jarraituko dute, argitzeko». Erantsi du akordio horrek geldiarazi egin beharko lituzkeela Turkiak Siriako kurduen kontra egiten dituen erasoak.

Ia mila zibil erailak

Hain zuzen, gaur jakinarazi du Damaskok Al-Assaden jarraitzaileen aurkako operazioa bukatu duela: azken bost egunetan, HTSk gidatutako gobernuak operazio militar bat egin du presidente ohiaren jarraitzaileen aurka Latakia eta Tartus eskualdeetan. Siriako behin-behineko gobernuko Defentsa Ministerioak iragarri du eten egin duela operazio hori. Kaleratutako oharraren arabera, behin «helburu guztiak» bete ondoren hartu dute erabakia. Al-Xaraak berak Reuters agentziari emandako elkarrizketa batean adierazi du hilketen egileak zigortu egingo dituztela.

Giza Eskubideen Siriako Behatokia gobernuz kanpoko erakundeak —Erresuma Batuan du egoitza— atzo gauean esan zuen jihadista suniten talde batzuek ia mila zibil hil dituztela Siria mendebaldean. Batez ere musulman alauiak hil dituzte; hain zuzen, musulman xiiten adar horretakoa da Al-Assaden familia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.