Baxar al-Assad Siriako presidente zenean (2000-2024) estatu indarretako kide izan zirenak hasi dira armak entregatzen, herrialdeko agintari berriek eskatu bezala. Horietako batzuek eta herrialdeko buruzagi zenaren jarraitzaileek, baina, ez dute amore eman nahi matxinoen, muturreko islamisten aurrean. Manifestazioak hauspotu zituzten atzo Tartus eta Latakia kostaldeko eskualdeetan, baita Homsen ere, erdialdean, eta aurrenekoan hamalau polizia hil zituzten, segada batean. Hori jakinarazi du gaur Siriako behin-behineko gobernuko Barne Ministerioak, ohar batean. Horiek horrela, esan du indar militar gehiago bidali dituela kostaldeko eskualde horietara.
Duela ia hiru aste matxinoek Al-Assad erorarazi zutenetik deitutako gisa horretako aurreneko mobilizazioak izan ziren atzokoak. Alauiak gehiengoa dira Siriako kostaldean, eta Al-Assad bera musulman xiiten adar horretakoa da. Hain zuzen, adar horretako kideak kalera atera ziren atzo, beren lider erlijioso baten hilobiari egindako eraso baten bideo bat zabaldu zutelako. Barne Ministerioaren arabera, irudi horiek zaharrak dira, azaro amaierakoak, Alepo hartzeko erasoaldi batekoak, eta ez daki nortzuk izan ziren egileak.
Siriako agintariek ez dute azaldu hamalau polizia horiek nola hil dituzten. Siriako Giza Eskubideen Behatokiak adierazi du —Erresuma Batuan du egoitza—, ordea, Al-Assaden agintaldiko funtzionario baten atxiloketa saiakerak istilu batzuk eragin zituela. GKE gobernuz kanpoko erakunde horrek ohar batean zehaztu duenez, Tartus eskualdearen hegoaldeko herrixka batean hartu behar zuten atxilo, Sednaya kartzelan presoen aurka gerra krimenak egitea egotzita. Baina informazio horren arabera, funtzionario horren anaiak eta armatutako beste gizon batzuek agenteak kanporatu zituzten, eta segada bat egin zieten gero. Iturri horrek esan du istiluak izan zirela ondoren ere, eta hildakoak eta zaurituak gehiago direla. Barne Ministerioak nabarmendu du gogor erantzungo dietela Sirian «kaosa» eragin nahi dutenei.
Amnistia eskaera
Matxinoek, HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamista sunita buru zutela, joan den abenduaren 8an erorarazi zuten Al-Assad. Estatu indarretako kide zirenak hasiak dira, eskatu dieten bezala, armak entregatzen. Behin prozesu hori bukatuta, azkeneko hamalau urteotan Al-Assaden kontra borrokatu diren milizianoen txanda izango da. Aintzat hartu behar da milizia horietako batzuetako kideek HTSrekin hitzartu dutela sortzekoak diren armada berrian integratzea. Matxinoen lider eta Sirian egun de facto buru denak, Abu Mohammad al-Golanik, esana du beren esku dagoen guztia egingo dutela ez egoteko armarik «estatuaren kontroletik kanpo».
Elite politikoan bezalaxe, elite militarrean ere alauiak ziren nagusi Al-Assaden sasoian, eta matxinoek leporatzen diete gerra garaiko hilketen eta torturen erantzuleak izatea. Lider erlijioso alauiek eskatu diete matxinoei amnistia orokor bat ezar dezatela, armadako kide zirenek armak entregatzearen truke. Hori ez dago ziurtatuta, ordea, estatu indarretako kide izan zirenak ikertzen hasi baitira gerra krimenik egin ote zuten jakiteko.
KURDUAK, MANBIJ BERRESKURATU NAHIAN
Milizia kurduak borrokatzen ari dira Manbij (Siria) hiriaren kontrola berriro hartzeko. Hori kaleratu du gaur Al-Jazeera hedabideak, tokiko iturriak aipatuta. Turkiak babestutako SNA Siriako Armada Nazionalak hiri hori hartu zuela iragarri zuen abenduaren 10ean, eta SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioak —miliziano kurduek osatzen dute batik bat— jakinarazi zuen, egun horretan bertan, menia bat adostu zutela bi aldeek. Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak berretsi zuen atzo kurduak «lurperatuko» dituztela ez baldin badituzte armak uzten.