As-Suwaydako kaleetan barrena paseatzea nahikoa da hiriak nortasun berezia duela ohartzeko. Damasko hegoaldeko probintzia bateko hiriburua da, eta hango emakumeek ez daramate hijabik soinean, eta gizon askok, berriz, burua estalia dute txano zuri batez. Gainera, kontrolguneetan ez dago HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea taldeko miliziano kaputxadunen arrastorik —abenduan Baxar al-Assad kargutik kendu zuen ofentsiba gidatu zuen milizia islamista—. Miliziano horien ordez, bandera bat daramaten gazte batzuk daude, LGTB komunitatearen bandera bezain bandera koloretsua ia. Izan ere, Siriako komunitate drusoaren gotorlekua da As-Suwayda: duela hamar mende islametik bereizi zen gutxiengo erlijioso bat dira drusoak, eta, gaur egun, Siriako biztanleen %5 dira, 700.000 pertsona inguru. Nahiz eta gutxi izan, baliteke drusoak erabakigarriak izatea Al-Assaden ondorengo Siriaren etorkizun politikoa diseinatzeko.
Gobernu totalitario baten pean hamarkadak igaro ondoren, Siriako jokaleku politikoa erabat desegituratuta dago, aurreko gobernuak heriotza zigorra ezartzen baitzien aktibistei. Horretan ere, salbuespena da komunitate drusoa. As-Suwaydan, mundu guztiak Hekmat al-Hijri xekearen buruzagitza aitortzen du: Siriako drusoen autoritate politiko eta erlijioso gorena da aldi berean. Hain zuzen ere, politikarekin lotutako mugimendu gutxi gertatzen dira probintzian —atzerriko prentsak hango ordezkari bati egindako elkarrizketa, adibidez— xeke beteranoaren isileko onespenik gabe. Orain aste batzuk hedabideetan agertu zen Al-Hijri, urtarrilaren hasieran HTSko milizianoen 30 ibilgailu baino gehiagoko konboi bat As-Suwaydan sartzen saiatu eta gero. Lurraldea kontrolatzen duten milizia drusoen koalizioak geldiarazi zituen, eta buelta emanarazi.
«HTSk egindakoa onartezina da. Gauez sartzen saiatu ziren, ekintza burutuak inposatu nahian. Gu elkarrizketan aritu gara Damaskoko agintari berriekin, eta, hain zuzen ere, halaxe hartu behar dira erabakiak: hitz eginez», baieztatu du Al-Hijrik, zeina bizar zuri luzeko gizon adineko bat den, diskurtso politiko sofistikatu baten jabea. Xekeak gogora ekarri du milizia drusoek askatu zutela As-Suwayda Al-Assaden tropetatik, eta, hegoaldeko beste talde armatu batzuekin batera, haiek iritsi zirela lehenak Damaskora, Ahmed al-Xaraaren —Siria berriko gizonik boteretsuenaren— gizonen aurretik.
Al-Xaraak martxoaren 2an ohar batean jakinarazi zuen batzorde bat osatu dutela, «herrialdearen trantsizioa» gidatuko duen «adierazpen konstituzional bat» idatzi dezan; ez zuen horretarako eperik aipatu, baina nabarmendu zuen bera buru duen administrazioak «pluralitatea» errespetatuko duela, «tolerantea» izango dela, eta gutxiengo etnikoak zein «emakumeen eskubideak» babestuko dituela. Horren harira, Siriako kurduen menpeko instituzio guztiak estatuko egituretan integratzea hitzartu zuten astelehenean SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioak —batik bat miliziano kurduek osatzen dute— eta behin-behineko gobernuak.
«Autonomia nahi dugu herrialdeko eskualdeetarako, drusoek ez baitugu independentziarik nahi»
HEKMAT AL-HIJRISiriako drusoen agintari gorena
«Ezinbestekoa da konstituzio demokratiko bat eta estatu laiko bat izatea, non herritar guztiek eskubide berberak izango dituzten», adierazi du Al-Hijrik, erlijioso drusoen kono formako kapela zuri bereizgarria buruan. Gutxiengo drusoak eskualdeko beste herrialde batzuetan ere bizi dira, batez ere Jordanian, Israelen eta Libanon. Hain zuzen, Libanoko gizarte pluralean sarritan giltzarri izan dira gehiengo politikoak osatzeko, nahiz eta biztanleen %5 baino ez izan.
Lege kontuak alde batera utzita, xekearen ustez, trantsizioa arrakastatsua izango bada, ezinbestekoa izango da herrialdearen pluraltasuna errespetatzea. «Siria kolore askoko herrialdea da, eta ezin da kolore bat inposatu besteen gainetik», azaldu du, metafora oso aproposa eginez kolore biziko bost zerrenda dituen banderadun komunitatearentzat. «Siria ez da Idlib [probintzia], eta ezin da berdin gobernatu», gehitu du Al-Hijrik, HTSk herrialdearen iparraldean urte luzez gobernatu zuen gotorlekua aipatuz; han biztanle gehienak musulman sunitak dira.
Sirian denen ahotan dabil islamak bizitza publikoan zer rol izango duen, baina gori-gori dauden beste eztabaida politikoetako bat zera da, zein izango den boterearen banaketa geografikoa. Druso gehienak nolabaiteko deszentralizazioaren alde daude, era batera edo bestera. Izan ere, iraultzaz eta gerraz beteriko azken hamarkada honetan, drusoen gotorlekuak autonomia izan du de facto, batez ere segurtasunaren arloan. Drusoek bazuten baimena miliziak osatzeko, eta komunitate horretako gazteek ez zuten zerbitzu militar beldurgarri hura egin beharrik, salbuetsita baitzeuden. «Autonomia nahi dugu eskualdeetarako, drusoek ez baitugu independentziarik nahi. Hori bai, eredu salafista inposatu nahi badigute, baliteke herrialdea zatikatzea, eta orduan gauza txarrak gertatuko lirateke», ohartarazi du Al-Hijrik oso serio, jarrera pixka bat esajeratuaz.
Ez dira fidatzen
Jarduneko gobernuak lehentasunetan jarri du herrialdeko milizia guztiak armada berri batean biltzea. Oraingoz, ordea, talde druso armatuek uko egin diote desegiteari. «Behin sistema politiko berri bat ezartzen denean konstituzio demokratiko bat eta estatu laiko bat dituena, orduan utziko ditugu armak. Ez lehenago; ez gara fidatzen», esan du behin eta berriz Meziat Khadaxek. Rijal al-Karama —(duintasunaren gizonak)— izeneko milizia druso nagusiko buruetako bat da, eta zenbait eskaera egin ditu; besteak beste, hau: etorkizunean eskualde horretan zabalduko diren segurtasun indarretako kideak As-Suwaydako semeak izatea.
Miliziaren egoitza batean egin da elkarrizketa. Atarian kamioneta ugari daude aparkatuta, atzeko partean metrailadore eta guzti. Han dauden dozena bat milizianorekin hizketan, laster atera da hizpidera herrialdea islamizatzeko arriskua. «Testu liburuak aldatu nahi dituzte, eta 800 urte atzera egin. Ez da posible», azaldu du gizon batek, haserre; ilea urdintzen hasia du, gainerako gehienek bezalaxe. «Salafismoa inposatzen ahalegintzen badira, gerrarako prest gaude!», oihukatu du beste batek, elkarrizketak aurrera egin ahala gero eta haserreago.