Siriako behin-behineko presidente Ahmed al-Xaraak herrialdearen konstituzio berrirako oinarriak izenpetu ditu. 44 artikulu dituen zirriborro bat da, behin-behineko konstituzioaren ardatza izango dena, gutxienez bost urte iraungo duen trantsizio aldi baterako. Zirriborro horren arabera, xaria edo lege islamiarra izango da behin-behineko konstituzioaren oinarria, eta estatuko buruak musulmana izan beharko du derrigorrez. Kurduek, baina, ez dute gustuko izan zirriborroa. Siria Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazio Autonomoak agiri batean adierazi duenez, zirriborroak «aurreko gobernuak inposatutako ildo eta irizpideei» jarraitzen die, eta ez du aintzat hartzen «Siriako errealitatearen aniztasuna»: «Erabat faltsutzen du Siriaren nazio eta gizarte nortasuna, ez du kontuan hartzen Siriaren nazio aniztasuna, eta baztertu egiten du zenbait komunitateren parte hartzea».
Astelehenean, kurduen menpeko instituzio guztiak estatuko egituretan integratzea hitzartu zuten SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioak eta herrialdeko behin-behineko gobernuak, baita bi aldeen arteko borrokak amaitzea ere. Akordio horren ostean piztu da bi aldeen arteko desadostasun hau. Izan ere, kurduen administrazio autonomoaren ustez, konstituzioaren zirriborro horren atzean dagoen irizpidea «aurreko erregimenaren pentsamoldearen jarraipena» da, «zeinaren kontra herria altxatu baitzen».
«Adierazpen honek ez ditu jasotzen gure herriaren nahiak», esan du kurduen administrazio autonomoak, eta «gizartearen alde guztiek onartuko duten konstituzio baten alde» egin du: «Hori da bide demokratiko bakarra Siriaren etorkizunerako eta datozen belaunaldientzat. Kontrakoak Siriaren zauriak berriro irekitzeko baino ez luke balioko».
Xarian oinarria
Konstituzio batzorde batek landu du zirriborroa, eta, Al-Jazeera telebista kateak esan duenez, konstituzioa xarian oinarritzearen auziak eta, batez ere, estatuko burua musulmana izan beharrak «eztabaida handiak» sortu dituzte batzordean. Baxar al-Assad Siriako presidente ohiaren gobernupean 2012an onartutako konstituzioan ere agertzen ziren arau horiek, eta batzordeak erabaki beharra zuen horiei eutsi edo Siriaren nazio eta erlijio aniztasuna aintzat hartu. Azkenean, lehenengo aukeraren alde egin dute.
Behin-behineko konstituzioaren zirriborroak badu herritarren askatasun eta eskubideen inguruko atal bat, eta adierazpen askatasuna eta emakumeen eskubide sozial, ekonomiko eta politikoak aipatzen ditu, betiere «askatasun eta eskubideen eta segurtasunaren arteko oreka» gordeta. Zirriborroak eskumen ugari ematen dizkio Al-Xaraa behin-behineko presidenteari: adibidez, larrialdi egoera ezartzeko ahalmena haren esku egongo da.
Batzar legegile bat eratuko da, eta hark, teorian, presidentea kargutik kentzeko ahalmena izango du. Praktikan, baina, ahalmen hori oso mugatua izango da, batzarreko kideetako asko Al-Xaraak berak aukeratuko baititu.
Estatuaren botereen arteko banaketa, botere judizialaren independentzia eta «Siriako herriaren eta lurraldearen batasuna» ere sustatzen ditu orain onartutako adierazpenak.