Siriako gobernu berriak Baxar al-Assad presidente ohiaren (2000-2024) jarraitzaileen aurkako operazio bat hasi du, horiek joan den ostegunean gobernuaren indar militarren aurka altxatu ondotik. Azken bi egunetako borroketan, gutxienez, 628 lagun hil dira. Giza Eskubideen Siriako Behatokiak —Erresuma Batuan du egoitza— eman du datua gaur, eta jakinarazi du hildakoen artean 428 zibilak zirela, musulman alauiak. «Mendeku gisa, herritarrak erail dituzte odol hotzean, Latakiako kostaldean eta mendietan», azaldu du gobernuz kanpoko erakunde horrek ohar batean. Latakia eta Tartus eskualdeetan izan dira istilu handienak, Siria mendebaldean.
Borrokak izan diren kostaldeko eskualde horietan bizi dira Siriako musulman alaui gehienak; hain zuzen, musulman xiiten adar horretakoa da Al-Assad bera. Nazioarteko zenbait erakundek emandako azken estimazioen arabera, Siriako biztanleen %13 inguru dira alauiak; eta %60 eta %70 artean, berriz, musulman sunitak dira. Eta islamaren beste adar horretakoa da Al-Assad erorarazi zuen HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea koalizioa. Behatokiak egungo gobernuaren tropei eta horien aldekoei egotzi die alauien aurkako «krimenak» egin izana.
Bart, aurrez grabatutako bideo bat kaleratu zuen Siriako behin-behineko gobernuak. Hartan, Ahmed al-Xaara HTSko buru eta herrialdeko lehen ministro izendatu berriak «batasuna» eskatu zuen, eta zibilen hilketak gaitzetsi zituen. Aldi berean, Al-Assaden jarraitzaileei leporatu zien gobernu berriaren aurka altxatzea, eta ohartarazi zien «epaituak» izango direla. Armak uzteko deia ere egin zien. Era berean, gaur zabaldutako ohar batean, jakinarazi du Siriako Defentsa Ministerioak «larrialdi batzorde bat» sortuko duela, eta «azken operazioan» gobernuaren aginduei jaramon egin ez dietenak «epaitegi militarretara» eramango dituztela.
Borrokak geldiarazteko asmoz, gobernuaren indar militarren kostaldera doazen bideak itxi dituztela jakinarazi die gaur Defentsa Ministerioko iturri ofizial batek Siriako hedabideei. Al-Jazeera hedabideak azaldu duenez Siriako Gobernuaren indarrek kostaldeko hiri nagusien kontrola hartu dute, eta borrokak mendiguneetan baino ez daude orain.
Gaur bete dira hiru hilabete Al-Assad boteretik kendu zutenetik. HTSk azaroaren amaieran hasi zuen Al-Assaden gobernuaren aurkako erasoaldia, eta, 11 egunen buruan, Damasko hartu zuten. 2000. urtetik presidente izandakoak herrialdetik ihes egin zuen abenduaren 8an. Ordutik, muturreko koalizio islamista gobernu berria osatzen aritu da, eta tentsioa areagotuz joan da alaui gehien bizi diren eskualdeetan. Horren adibide, abenduaren amaieran ere izan ziren gobernu berriaren aurkako protestak Tartus eta Latakia eskualdeetan; gainera, segada batean hamalau polizia hil zituzten Al-Assaden jarraitzaileek.