Siriako armadak atzo ekin zion Jisr al Shagur hiriaren aurkako erasoaldiari, Turkiako mugan. Herrialdeko telebista publikoak eman zuen operazio militarraren hasieraren berri. Oposizioko taldeek jakinarazi dutenez, Jisr al Shagurren inguruko herrietan ere sartu da armada. Erregimenak aste osoa egin du Jisr al Shagurren aurkako erasoaldia prestatzen. Joan den astelehenean istilu larriak izan ziren han, eta Damaskok salatu zuen 120 polizia hil zirela «talde armatuen» erasoen ondorioz. Azken egunetan ehunka lagunek utzi dute hiria, Turkian errefuxiatzeko.
Siria osoan bezala, Jisr al Shagurren zehazki zer gertatzen den jakitea zaila da. Siriako telebista publikoa, oposizioko taldeak eta atzerriko hedabideekin harremanetan paratu diren herritarrak dira iturri bakarrak. Telebista publikoak erran duenez, Jisr al Shagurko biztanleak «talde armatuen izua» ari dira pairatzen, eta hori bukatzeko «misio nazionala» hasi du armadak. Erasoaldiaren hasierak eragindako biktimen berri argirik ez dago.
Mugako Idlib eskualdean (ipar-mendebaldea) hasi du erasoaldia armadak. Ekintzaileek salatu dute Maarat al Numan hiria bonbardatu dutela militarrek. Erasoaldian hildako gehienak han izan direla jakinarazi dute, baina ez dute zehaztu zenbat diren. Arijan, berriz, lau lagun hil direla dio Sham taldeak, eta Sermanijan bertze lagun bat hil dutela erran du Flash taldeak. Eskualde osoan hildakoak gutxienez hamar direla dio Siriako Giza Eskubideetarako Behatokiak.
Jish al Shagurren inguruko nekazaritza lurretan eta basoetan sutea piztu da. Telebista publikoaren arabera, talde armatuek eragin dute hori, baina oposizioko taldeek diote armada izan dela. Oposizioko talde horien arabera, gobernuak sakelako telefonoen lineak eten ditu Jish al Shagurren, Syriatel konpainiarena izan ezik. Bashar al Assad presidentearen lehengusu Rami Makhluf da Syriateleko burua.
Iragan asteleheneko protestetan istilu larriak lehertu zirenetik, erregimenak behin eta berriz erran du Jish al Shagur talde armatuen menpe dagoela eta hango biztanleek laguntza eskatu diotela armadari. Oposizioko taldeen arabera, baina, hiri horretan ez dago erresistentzia armaturik. Borrokak estatuko indarren artean izan zirela diote, hainbat soldaduk uko egin ziotelako herritarren aurka oldartzeari. Gobernuak hori gezurtatu du.
Erdogan eta Al Assad
Siriako matxinadaren azken gertaerek bete-betean eragin diote Turkiari. Recep Tayyip Erdogan lehen ministroak adierazi du Turkiarentzat ez direla alderagarriak Libiako eta Siriako gatazkak, turkiar anitzek senitartekoak baitituzte Sirian. «Ia Turkiako barne arazoa da Sirian gertatzen dena». Aste hasieran Siriako Al Assad presidentearekin mintzatu zela jakinarazi du Erdoganek. Lehen ministroak dioenez, Al Assadi erran zion Sirian gertatzen ari dena «basakeria» dela, eta «gizatasunik gabe» jokatzea leporatu zion. «Hori erran nion zuzenean, baina haiek kontu horiek gutxietsi egiten dituzte». Siriako errefuxiatuei ez diela muga itxiko ziurtatu du Erdoganek. Dagoeneko 3.000 inguru dira Turkiara ailegatu direnak.
Azken egunetan gatazka gune nagusia Turkiako mugan egon bada ere, herrialde osoan protesta ugari egin ziren atzo, ostiral eguerdietako errezoen ondoren. Oposizioko taldeek hildakoen kopuru ezberdinak eman dituzte. Siriako Giza Eskubideetarako Behatokiak jakinarazi du Latakian (ipar-mendebaldean) sei lagun hil dituztela estatuko indarrek, Damaskon bi eta Busir al Harir herrian (hegoaldean) bertze bi. Al Jazeerak dio Daran (hego-mendebaldean) bi lagun hil dituztela. Siriaren menpeko Kurdistanen, berriz, 8.000 lagun karrikara atera direla jakinarazi du Al Jazeerak.
Siriako armadak erasoaldiari ekin dio Turkiako mugan
Jisr al Shagur hirian eta inguruko herrietan sartu dira militarrak; Turkiara ihes egin duten errefuxiatuak hiru mila diraOrtziraleko errezoen ondorengo protestetan hainbat pertsona hil dira herrialde osoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu