Siriatik itzuli berria da Lizzie Phelan komentarista politiko eta blogari londrestarra. Oso kritiko ageri da Mendebaldeko hedabideen eta ezkerraren jokabidearen inguruan. Lehen lerroan bizi izan ditu Libia eta Siriako gatazkak, behin baino gehiagotan bizitza arriskuan jarriz. Jaioterrian—«piztiaren sabela» deitzen dion horretan— dagoen giro inperialistan itota dagoela aitortzen du.
Zure ustez, nazioarteko testuinguruan, zer dago jokoan Libia eta Siria eta haien gisako herrialdeetan?
Iaz, Libiako krisia hasi zenean, Hugo Chavezek Nazio Batuen Batzar Orkorrari bidalitako gutun batean, estatu inperialistak krisi sakon batean murgilduta zeudela zioen. Hor daude denok ezagutzen ditugun Irak eta Afganistango porrotak eta krisi ekonomiko larria. Beraz, Chavezek zioenez, sistema inperialista ahal duen guztia egiten ari da bere burua berrindartzeko. Azken urteetan Hegoamerikako herrialde aurrerakoiak, Txina, Errusia, India eta Brasil agertu dira estatu inperialisten hegemonia arriskuan jarriz. Herrialde horien arteko kooperazioa eta harremanak garatzetik mundu multipolar bat sortu da. Horrela, estatu inperialistek multipolaritate hori defendatzen dutenei eraso behar diete. Libiak eta Siriak beti aurre egin diote Mendebaldearen hegemoniari. Chavezek esan zuen eraso horiek sistema kapitalista berrindartzeko sortu den gerra kolonialaren ziklo berri baten lehenak zirela.
Berrindartze prozesu horretan, zer garrantzi dute hedabideek zure ustez?
Historian aski dokumentatuta dago Mendebaldeko hedabideen ikuspuntua estatuen kanpo harremanetarako politiketan oinarrituta jorratzen dutela. Argi dago Libia eta Siriako krisiak hasi bezain azkar amaituko zirela hedabide horiek egindakoa egin izan ez balute. Iritzi publikoa irabazteko, gerra humanitarioak zirela zabaldu zuten. Istorioak asmatu zituzten gerra horiek justifikatzeko, tartean Gaddafi herria bonbardatzen ari zeneko gezurra. Hedabideek paper kriminala jokatu dute, eta, nire ustez, ardura argia dute Libiaren suntsipenean eta Siriaren egungo ezegonkortze egoeran.
Hedabide nagusiek Arabiar udaberria izena sortu zuten, eta matxinada guztiak zaku berean sartu zituzten. Horrela dela uste duzu?
Arabiar mundua historikoki inperialismoak banatu izan du, eta, horregatik, ezberdintasun handiak daude herrialdeen artean. Nire ustez, Irakeko kasuan ez bezala, Libiako gerraren aurkako mobilizaziorik ez egoteko arrazoi nagusietakoa Arabiar udaberria izan da. Denok sinetsi genuen kontakizuna; hau da, diktadore zoroen aurkako herri iraultzak zirela. Alta, diferentzia handiak daude Egipto, Tunisia eta Libiaren artean. Libian, adibidez, aski frogatuta geratu da hasieratik matxinada delakoa ez zela baketsua izan, kanpotik armatua izan zela eta han bertan Mendebaldeko indar bereziak zeudela. Ben Alik eta Mubarakek Mendebaldearekin zituzten harremanak eta Gaddafik zituenak oso ezberdinak ziren. Horregatik, hain zuzen ere, herrialde horietako herritarren bizimodua eta bizitza maila oso ezberdinak ziren. Libiako bizitza estandarrak Afrikako altuenak ziren. Hezkuntza eta osasun sistemak doakoak ziren, diru laguntzak jasotzen zituzten, petrolioaren mozkinak herritarren banku korronteetara joaten ziren zuzenean... Proportzionalki askoz jende gehiago mobilizatu zen Libian Jamahariyaren alde [Libian 1969an abiatu eta 2011ra arte indarrean egon zen prozesu iraultzailea] Egiptoko protesteetan baino. Libian gobernuaren aurka protestak egin zituztenak milaka gutxi batzuk izan ziren, eta gobernuaren alde, berriz, milioi bat baino gehiago atera ziren kalera. Hedabideek afrikar eta arabiar herrialde horien berezitasunak eta dinamiken inguruko ezjakintasun osoa erakutsi zuten —askotan nahita— gertakizunok aurkeztu zituztenean.
Munduko ezkerra ere banatuta dago.
Banaketa nabarienak Mendebaldeko ezkerraren eta Hegoalde globaleko ezkerraren artean dira. Latinoamerikako ezkerreko buruzagiak, Chavez eta Castro tartean, baita Mandela bera ere, Gaddafiren alde agertu ziren. Bien bitartean, Mendebaldeko ezkerrak garrantzi handia izan zuen Libiaren aurkako gerra justifikatzeko erabili zen Gaddafiren kriminalizazioan. Horrek erakusten du Mendebaldeko ezkerrean, gizartean bezala, erabat uztartuta dagoen arrazakeria sakona. Latinoamerikako buruzagiak sostengatzeko prestu agertzen dira, baina gero ez dituzte ez buruzagi horiek ezta Gaddafiren alde egoteko emandako arrazoiak errespetatzen. Ezker hori bera Libiako matxino delakoak sostengatzera iritsi da!
Nola dakusazu etorkizuna?
Oso garai arriskutsuen aurrean gaude. Fidel Castrok berak horretaz ohartarazten du bere hausnarketetan. Gerra Hotzeko politikak agertzen ari dira berriro nolabait esateko. Errusia inperialismoaren erasotik garapen bidean dauden herrialde independenteen defentsan agertzen ari da, ongi dakielako Mendebaldeak Errusiaren erabateko kontrola nahi duela. Siria ezegonkortzeak egoera lehergarria ekartzen du. Interes asko daude jokoan. Siriarik gabe, adibidez, Palestinarenak egin du.
Lizzie Phelman. Komentarista politikoa
«Siria gabe Palestinarenak egin du»
Mendebaldeak Siriako eta Libiako estrategien bidez hegemonia berreskuratu nahi duela uste du Phelmanek, eta gerrak justifikatzeko istorioak asmatu dituztela hedabideek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu