Sinn Fein, duopolioa hautsiz

Lehentasunezko boto guztiak zenbatuta, %24,5 bildu ditu alderdi errepublikanoak, %22,2 Fianna Failek eta % 20,9 Fine Gaelek. Parlamentuko 124 eserleku banatu dira, eta 37 dira Sinn Feinentzat

Mary Lou McDonald hauteskundeetako emaitzak ospatzen, herenegun. AIDAN CRAWLEY / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Garaipen historikoa erdietsi du Sinn Feinek, eta balentria egin du: Irlandako Errepublikan asteburuan eginiko bozak irabazi eta bipartidismoa hautsi du, eta atzean Fianna Fail eta Fine Gael alderdiak, utzi ditu ia ehun urtez agintean egon direnak —1920ko hamarkadatik lehen aldiz nagusitu da—.

«Aldaketaren hauteskundeak izan dira hauek». Hala adierazi zuen Mary Lou McDonald Sinn Feineko buruak emaitzak jakin ostean, eta haien alderdia aldaketa hori lortzeko «alternatiba» dela azpimarratu zuen. Sinn Feinek bozen laurdenak inguru lortu ditu. Lehentasunezko boto guztiak kontatuta, alderdi errepublikanoak botoen %24,5 bildu ditu; Fianna Fail zentro eskuinekoak, berriz, %22,2; eta Fine Gael eskuinekoak, %20,9. Urrun geratu dira, halaber, Alderdi Berdea (%7,1), laboristak (%4,4), alderdi sozialdemokrata (%2,9) eta Jendea Irabazien Aurretik alderdia (%2,6).

Hauteskundeak irabazteak, ordea, ez die ezer ziurtatzen errepublikanoei. Gehiengo osoa lortzetik urrun dira, eta ondo baliatu beharko dituzte gobernua osatzeko dituzten kartak. Garbi azaldu dute zer asmo duten: ezkerreko alderdiekin koalizioa osatzea. Horretarako, biltzeko eta elkarrizketarako prest daudela adierazi diete alderdi horiei. «Herriarentzako gobernu bat eduki nahi dut. Fine Gael eta Fianna Fail ez dauden gobernu bat litzateke ideala. Gainontzeko alderdiekin hitz egiten hasi naiz gure aukerak aztertzeko», adierazi du McDonaldek. Halere, ez du alboratu inongo aukerarik.

Hain zuzen, bi alderdi horiek Sinn Feinekin hitz egitea baztertu zuten hauteskunde kanpainan zehar, eta jarrera horri tinko eutsi dio Leo Varadkar jarduneko lehen ministro eta Fine Gael alderdiko buruak: «Ezkontza behartu bat ez litzateke gobernu on bat izango». Ziurtatu du beren alderdia ez dela «bateragarria» McDonaldenarekin. Alabaina, bestelakoa izan da Fianna Faileko lider Michael Martinen jokaldia, eta, emaitzak plazaratu ahala, zabalik utzi du Sinn Feinekin hitz egiteko atea: «Jendea entzuteko» prest dagoela esan du, eta adierazi du aldaketa politiko bat datorrela herrialdera: «Egoera desberdina eta zatikatua da. Oso zaila izango da gobernua osatzea, eta espero dut ez sartzea ezegonkortasun aldi batean». Negoziazioek luze joko duten itxura osoa du.

Parlamentuko 160 eserlekuetatik 37 dira Sinn Feinentzat. Bat gehiago lortu du Fianna Failek, eta 35, berriz, Fine Gaelek. Atzerago dira gainontzekoak: hamabi Alderdi Berdeak, seina laboristek eta sozialdemokratek eta bost Jendea Irabazien Aurretik alderdiak. 21 izango dira, berriz, parlamentuko diputatu independenteak.

Horrenbesteko arrakastak ezustean harrapatu du Sinn Feineko liderra. Alderdi errepublikanoak 42 hautagai bakarrik aurkeztu zituen parlamentuko eserlekuetarako, eta, emaitzak ikusita, horren damu agertu da McDonald. Izan ere, 80 ordezkari behar dira gehiengoa eskuratzeko.

Gizarte politikak

Irabazi bakarrik ez, bikoiztu ere egin ditu Sinn Feinek azken hauteskundeetan lortutako emaitzak. 2018an izandako buruzagitza aldaketak lehia politiko bete-betean sartzeko bidea eman dio alderdiari, eta nabarmena izan da gorakada. McDonaldek Gerry Adams ordezkatu zuen; askok IRAren garai ilunekin lotzen zuten Adams.

Begi bistakoa da eboluzioa, eta gakoetako bat gizarte politikak helburu nagusi gisa jartzean datza. McDonaldek ez du zalantzarik zein diren bere asmo eta egitekoak: «Etxebizitzaren krisiari», osasun publikoaren aferari, eta «langile familia ugarik» jasaten duten «prekaritateari» aurre egitea. Hortik, errepublikanoen aldeko sostenguaren oinarria gazteak eta garapen ekonomikoaren ondorioetatik at geratu direnenak izatea. Historikoki alderdiarenak izan diren aldarriei ere ez diete uko egin, eta agintera iritsiz gero Irlandaren batasunari buruzko erreferendum bat egiteko nahia berretsi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.