Singapur

Singapurrek indargabetu egingo du harreman homosexualak izatea debekatzen duen legea

Lee Hsien Loong lehen ministroak jakinarazi du «homosexualak hobeto onartzen» direla, nahiz eta oraindik «gizarte kontserbadorea» duten. Oraindik ez dute iragarri legea noiz jarriko den indarrean.

LGTBI kolektiboaren ezaugarria den ortzadarraren bandera. CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / EFE
Lide Egizala Urteaga.
2022ko abuztuaren 22a
13:03
Entzun

Urte askotako eztabaidaren ondoren, Singapurrek indargabetu egingo du sexu berekoen sexu harremanak izatea debekatzen duen legea. Legea indarrean dago Singapur britainiar kolonia zenetik, eta bi urte arteko espetxe zigorra ezartzeko modua ematen du edozein ekintza homosexualengatik.

Lee Hsien Loong lehen ministroak atzo jakinarazi zuenez, azken urteetan pentsamoldeen irekiera nabarmena izan da Singapurren, eta, oraindik «gizarte kontserbadorea» badute ere, «homosexualak hobeto onartzen dira».

Singapurreko LGTB erakundeak «pozik» eta «lasai» agertu dira lege kontserbadorearen indargabetzea dela eta. Talde ultrakontserbadoreek, aldiz, gaitzetsi egin dute gobernuaren egitasmoa. Gutun baten bitartez, 80 eliza inguruk adierazi dute «oso erabaki tamalgarria» dela legea indargabetzea, eta eragin «handia» izango duela «seme-alaben kulturan eta etorkizuneko singapurtarren belaunaldietan».

LGTB kolektiboarentzako aurrerapen handia bada ere, salbuespen batzuk ditu legeak: ez ditu onartuko sexu berekoen arteko ezkontzak. Loongek jakinarazi zuenez, ezkontzak «gizon baten eta emakume baten batasuna» izan behar du, haurrak «familia mota horren barruan hazi» behar baitira. Gaineratu zuen «familia tradizionalek» izan behar dutela «gizartearen oinarria».

Hamabost urte igaro dira legebiltzarrak zigor kodean bildutako legea azkenekoz eztabaidatu zuenetik. Garai hartan berdin jarraitzea erabaki bazuten ere, adostu zuten legea ez zela modu aktiboan aplikatuko. Oraindik ez dute iragarri lege berria noiz jarriko den indarrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.